| Nabarralde | NABARMENA |
Josu Iraeta |
|
| "Euskañolak" berriro | |
|
Espainiaren historian, erregimen edo sistema politiko desberdinek izan duten eraginaz haratago, nabarmen geratzen da etengabeko zentralismoaren porrota. Historian zehar Espainiak gehiegikeriarik handienak egin ditu penintsulako nazionalitate zahar ospetsuak, euren kulturak, euren hizkuntzak, ohitura politiko eta juridikoak, suntsitze aldera. Asmo berean saiatu da euren geografia diferentzialen aurka, ekonomia propio eta berezien aurka, izateko edota bizitzeko moduen aurka. Testuliburuek diotenaren aurka, Espainiaren gainbehera, herri sustrairik gabeko estatu bezala, Errege Katolikoekin hasi zen. Huts egin zuten "Galizia zigorraren gogortasunaz otzanduko zela" uste izatean. Kriminal bikote honek, 1483an Pardo de Cela mariskalari lepoa moztu zion Mondoñedon, Galiziako lurrak txikitu zituen, administrazioa bururik gabe utzi eta gidariak kanpora bota zituen, eta halegin guztiak egin zituen bertako hizkuntza eta kultura deusezteko. Galiziako herriak bostehun urte luzetan jasandako zigor gogorra (gaur egun aztarna nabarmenak daude) Espainiako historia beltzaren adierazgarria da. Estatu zentralista bezala gobernu mota ezagun guztiekin saiatu baita eta denekin egin baitu porrot, halanola Austriatarren monarkia zesaristak, Borboien absolutismoak, Karlos III.arenaren despotismo ilustratuak, monarkia sasi demokratiko-konstituzionalak, eta tartean, nola ez, koartelkadak. Espainia, estatu zentralista bezala, diktadura zibil eta militar mota guztiekin saiatu da, Konte-Dukearen garaitik Francora arte, Narvaez eta Primo de Riveratik igarota, eta denetan egin du porrot. Motor bultzatzailea beti izan da bera, Estatu zahar, agortu eta porrot egindakoaren zaindariak, alegia, lurraren jabe erdifeudalen jauntxoak; Eliza gerrazale baita intolerantea; burgesia handi - gaur egun banketxeetan gotortua - burokrazia soziala, baita PP eta PSOEren gobernuak. Azken batean, erreakzioaren indarrak izan dira, beti zelatan, edozein eraldaketarako aukeraren aurka. Historia beltz beldurgarri hau lotuezinekoa da benetako demokraziarekin, horren ondorioz dator Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko egoera. Egokia litzateke Espainiarentzat bere historia berrikustea, bere Inperiora itzuli eta aztertzea gainbeheraren zioak, horietatik asko egun indarrean daudenak. Estatu espainol deitzen den horren benetako oinarriak agerian utzi ondoren, eta balizko trantsizio politiko berri baten aurrean omen gauden honetan, 1978koaren antzera, Estatu espainilarekiko harreman esparru berria benetan nahi dugunok ikusten dugu hogeita hamar urte geroago orduko berberak ari direla eskenategia prestatzen. Ikusten ditugu lehentasuna emanez, orduan bezala orain, nazionalismo espainolak (PP-PSOE) Madrildik utziko duenaren kudeaketa mantendu eta interpretatzeari, eta ez benetako indarra neurtzearen inkognitari, esparru aske eta burujabean, autodeterminazio eskubidea baliatuaz. Jose Antonio Agirrek eta Indalecio Prieto sozialistak duela mende erdi burutu zutena berrargitaratu nahi du orain Ibarretxe eta Urkulluren PNVk. Alderdi honek badaki, askok dakigun bezala, R.Zapatero jaunaren gobernuak ez daukala, bere aurretikoek ez zeukaten bezala, sinismen demokratiko nahikoa euskal herritarren borondatea, aske eta demokratikoki aiderazitakoa, ontzat eman eta errespetatzeko. Argiago esateko, ez da gai estatu eredua agortuta dagoela barneratzeari aurre egiteko. Edozela ere ez da aurreikusten EAEko datozen hauteskunde autonomikoak baino lehen gauzatuko denik garrantziko hitzarmenik. Gaurko panorama politikoak ez die gomendatzen Lakuako datorren gobernuan partaide izan daitezkeenei, hurbilketa argirik agertzea, bi alderdien helburu partidistak mugatu baititzakete. Argi izan dezagun PSOE baskongadoak bandera espainolistari eusten diola Katalunian daukan mailarekiko ahulezian aurkitzen delako. Han eurak dira ibilbidearen jabeak. Horregatik PSOE baskongadoak bozka espainolaren jabe izan nahi du hemen, PPtik eta EBtik gertatzen ari den urruntze nabarmena profitatuta. Ahaztu gabe IUri ere estatuan gertatu zaion antzekoa iritsiko zaiola. PNVri dagokionez, esan beharra dago bidea ezarrita daukala. Ez zaio interesatzen ezer aldatzerik, ezker abertzalea Madrildik geldiarazten duten bitartean lana erraztu egiten baitzaie. Estatutoaren erreforma dela eta bultzaka ibiltzeak kontraesanak sortzen dizkie bere proposamena zati batean bakarrik onartzen dutenei eta tentsio zein enfrentamendu maila bat ere eragiten du R.Zapateroren gobernuarekin, bidebatez bozka erabilgarria arrantzatu dezaketelarik ezker abertzalearen inguruetan, era horretan hauteslegoa bipolarizatuta iristeko datorren bozka egunera. PNVk ongi daki egungo estatutuari ukitu ikusgarri batzuk emanez eta Madrili begira tinkotasun lagunartekoa mantenduz, aukera posibilistaren jabe berretsita geratuko dela. Eta horrek, gaurdaino, beti bete ditu hautestontziak. Bide honek berriro eramango gaitu gaur eguneko egoera berberera hemendik urte gutxira, hamar edo agian gutxiagora. Ezker abertzalean pentsatzen dugu iritsi dela ordua PNVk gaindi ditzan Imaz, Bilbao eta Urkullu bezalako joera erregionalisten eraginak, Euskal Herriaren eraikuntzaren etorkizunari begirako jarrera anbiguoan erabakior jarraitzen baitu. Euskal herriak ezin du oinarritu bere etorkizuna Moncloan gerta daitekeen alternantzia gutxi edo asko atzerazalean. Euskal abertzaleok egoera hori bultzatu behar dugu eta hau izan daiteke horretarako hastapen ona, espazio berrien bila ari diren erretolikak alboratuta, benetako eta beharrezko helburuak ekintza politikoarekin lotuaz. Guztia egingarriagoa izango da etengabe geure buruari nor garen eta zer nahi dugun galdetzen ibili gabe. Bilatuko bagenu elkarretaratzea, oinarrizko gutxienezkoekin osatutako plataforma batez, inolako inposiziorik gabe, sustrai sendoko proiektua eskuan dugula, euskal gizartearen gehiengo kualifikatu baten izenean esertzeko aukera emango diguna. |
|