| Nabarralde | NABARMENA |
Inazio Agirre |
|
| Euskararentzako proposamen demokratikoa | |
| Berria | |
|
Afrikako pentsamendu zahar baten arabera, esklabo egin izan den herriak ezin du bere hizkuntza galdu; hizkuntza duen bitartean, bere askatasunaren giltza berekin gordeko baitu. Xl. mendean, Nafarroako Erresuma homogeneoki euskalduna zen. Antso Nagusiak ezarri zituen euskal estatuaren mugak Nafarroako muga geografiko naturaletan. Baina Euskal Herria prozesu politiko nazional baten biktima da, eta prozesu horrek euskararen herria txikitu du. Estatu Nafarraren konkista militarra, hartze eta menderatze ondoren, Espainiak eta Frantziak ukatu dizkiote Euskal Herriari beharrezko bitartekoak euskara gordetzeko, belaunaldi berriei transmititzeko eta bere iraunkortasuna bermatzeko: eskola eta administrazioa euskaraz eraikitzea; etorkinen uholdeak hizkuntz komunitatean txertatzea; euskararen erabilera soziala berregitea jendartean... Asimilazio politika dokumentatua dago: Espainiak XVl. mendean "La lengua siempre fue compañera del imperio"; XVlll.ean "se extinguen los demás idiomas...como está mandado" gaztelania bakarrik ezartzeko; XX.ean frankismoak hil egin zuen euskaraz egiteagatik. Frantziak XVl. mendean frantsesa inposatu zuen bizitza ofizialean, eta XVlll. mendetik aurrera frantsesa da Frantziako hizkuntza bakarra. Erdarazko asimilazio historikoa burutu ondoren, "konkista eskubidea" legitimatu nahi dute, orain, Euskal Herria euskalduna eragozteko. "Konstituzioa", euskararen "inposaketa", "hizkuntz tolerantzia", eta "elkarbizitza"-ren aipamenak tranpak dira. Desberdintasuna oinarrizkoa denean, tolerantziak Euskal Herriaren eta euskaldunen eskubideak zanpatzen baititu, eta sartutako bi erdarak indartzen. Azken 30 urteotan, politika hori gauzatzeko, estatuek EAJren laguntza osoa izan dute. Euskaldun eleaniztunezko Euskal Herria euskalduna baztertzeko, elebitasun sozialaren mitoa asmatu dute. Politika horrek hizkuntz berdintasuna ukatzen du, ez du hizkuntz gatazka konpontzen, ez asimilaziozko harremanak gainditzen. Defizit hori zuzentzeko, hizkuntza guztien iraunkortasuna bermatu behar da, bakoitzaren nagusitasuna ziurtatuz bere lurraldean. Gaztelaniak Espainian, eta frantsesak Frantzian, berdintasun printzipio hori bermatuta daukate, baina euskarak ez Euskal Herrian. Horrek hizkuntz eredua aldatzea eskatzen du Euskal Herri osoan. Euskararentzako proposamen demokratikoak, gutxienez, aitortu behar du Euskal Herri osoan, ofizialtasun nahikoa, belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko; euskara hutsezko erabilera ziurtatzeko, euskaldunak %70etik gora diren herrietan eta esparru sozialetan; euskal hizkuntz komunitatea berrosatzeko eta normalkuntza progresiboa zabaltzeko inflexio neurriak; bi belaunalditan Euskal Herria euskalduntzeko, hizkuntz ingurune onuragarrian kokatzeko eta bere garapen iraunkorra bermatzeko. Eta hori ez da ezker abertzalearen proiektu politikoa, ez baita Euskal Estatu burujabe, sozialista, euskalduna. Unescok dioenez "kultur aniztasunaren defentsa inperatibo etikoa da, pertsona orori zor zaion errespetutik bereizi ezina". Euskaraz bizi den Euskal Herria berreskuratzea, beraz, egokia, bidezkoa eta guztion garaipena da. Ez da inposaketa, guztion lorpen demokratikoa baizik. Ez da prezio politikoa, denok irabazten baitugu askatasun eta berdintasun terminoetan. Ez baita arriskuan jartzen norberak dugun erdara, ezta gaztelania eta frantsesaren osasuna ere dagozkien lurraldeetan. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriko herritarren ekarpena da, munduko hizkuntz aniztasunak iraun dezan. |
|