| Nabarralde | NABARMENA |
Aitor Arana |
|
| Euskal Herria 'Vasconia' esaten da | |
| Berria | |
|
Joan den igandean, martxoaren 23an, Raul Lopez jaunak berriki argitaratu duen liburuari buruzko elkarrizketa irakurri nuen, atseginez irakurri ere. Hasiera-hasieratik, ordea, itzal ilun bat izan nuen buru gainean. Izan ere, Lopez jaunaren liburuaren izenburua kazetariak nola itzuli duen irakurtzean, kontu zahar bat etorri zait burura. Liburuaren izenburua: Del gueto a la calle: el movimiento gay y lesbiano en el País Vasco y Navarra 1975-1983. Eta kazetariaren itzulpena: Guettotik kalera: gay eta lesbianen mugimendua Euskal Herrian eta Nafarroan. Beraz, ondorio zuzena: Nafarroa ez da Euskal Herria. Oso kontu zaharra da País Vasco itzultzea Euskal Herria izenaz . Gogoan dut nolako kexak sortu ziren Telefonicak Erkidego Autonomoko telefono-liburuetan akats bera egin zuenean. Bitxia da, ordea, BERRIA egunkariko kazetari batek hori egitea, eta bertako hizkuntz zuzentzaileak ez ohartzea. Ohitura duela hainbat hamarkada galdu genuen arren, gaztelaniaz Euskal Herriari (zazpi probintziei) Vasconia deitzen zitzaion orain dela historikoki gutxi arte. Vasco-nia, bai, Gasco-nia, Catalu-nia, Litua-nia, Voli-nia edo Hispa-nia bezala, logikoa denez. Oso modan jarri zen, ordea, Euskal Herria esateko erdaraz Euscalerrííía esatea. Gaizki erabiltzeko, gainera. Horrekin lortu dugun bakarra, egia esan, euskaldunon belarri sufrituek gure Herriaren izena halako azentu atzerritar negargarriz behin eta berriz entzutea izan da. Zigorra merezi dugu, ziurrenik, bekatua gurea baita. Arazoa konpontzeko modua, norbaitek konpondu nahi balu, zazpi probintziei erdaraz Vasconia deitzea, "beti" egin den bezala. |
|