Nabarralde NABARMENA  

Iban Zaldua
Ondarea
Noticias de Àlava


Arrazoia zuen Rikardok, joan den asteko Balenciaga zutabean: euskaldunok estimu gutxitan izan ohi dugu gure ondarea. Oso herri praktikoa garelako, agian: iraganetik erabilgarria zaiguna baino ez dugu gordetzen.

(...)Ez da gure bekatu esklusiboa izan, alabaina. George Orwellen testuen bilduma interesgarri batean --Matar a un elefante y otros escritos--, II. Mundu Gerran zehar argitaratu zituen zutabeen artean, Londresen egindako desastre arkitektonikoen zerrendatxo bat eskaintzen da: nola monumentu "nazkagarri" batek estaltzen zuen eliza zahar baten fatxada ederra, zein zatarra zen Greenwicheko Behatokia, eta abar. Bere hitzetan, "ematen du hauxe salbuespenik gabeko araua dela Londresen: zori hutsez panoramika eder batekin gozatzeko aukera dagoenean, irudikatu daitekeen estatuarik itsusienarekin tapatzen da, azkenean". Eta Sitwellen aipu batekin burutzen zuen artikulua, 1942ko gune artistiko eta turistiko ingelesen kontrako bonbardaketen ingurukoa: "zelako moztasuna alemaniarrena pentsatzea ere geure antzinako monumentuen suntsipenak koldartuko gintuela britainiarrok. Bonba alemaniarrek eragindako hekatonbea guk geuk bakarrik gauzatu ditugun hondamendiekin parekatu ahal izango balitz bezala...".

Uste dut egun inork gutxik aurpegiratuko liekeela halakorik britainiarrei: irletan egon den edonork ziurtatu dezakeen bezala, ondarearekiko errespetua ez du bertan parerik, ez behintzat hemen erakusten dugunarekin alderatuta. Baina, antza denez, ez zen horrela hamarkada batzuk; badago itxaropena, beraz.

Agian Industri Iraultzaren hurbiltasunarekin du zer ikusia: gurea berriagoa da, ingelesa baino, eta pixkana urruntzen doan arren, freskoegi daukagu oraindik. Schumpeter ekonomilariak ez zuen alferrik aipatzen "suntsidura sortzailea" kapitalismo industrialaz ari zenean. Eta euskaldunok, kapitalismoaren ikasle apartak izan gara. ­