|
» About Nabarralde
» Subscription
» Map of Navarre
» About Navarre
History
Language & Culture
Adm/Territorial Division
»
Navarre papers
Environment
History
Identity
Patrimony
Roads
Sovereignty
Society
Symbols
Women
» Programs
Special events
Talks
Newsletter/Magazine
Articles distributed
Content creators
» NA-leku
» Store
» Contact us
|
Nabarralde | Nabarra Papers
Nafarroa
esker oneko Jimeno Juriorekin
Tomas Urzainqui Mina.
Historialaria
Nafarroa
doluz dago. Jose Maria Jimeno Jurio herri baten arima biltzen duten
gizaki horietako bat da. Hori badakite nafarrek, bai eta errealitatean,
gaiztakeriaz, hura menderatu ahal izateko, egiazko Nafarroa ukatzen
dutenek ere. Gizarte honek, oraindik zailtasun izugarri handiekin,
bere buruari buruzko egia jakin nahi du, eta lortzen ari da, bere
erraietan sartzea lortu duenaren lan itzelari esker, zer gertatu den,
zer eta nolakoa den argitu duelako, eta hala, engainuz galdutako memoria
berreskuratzen ari da. Egun, hari esker, benetako Nafarroa egoera
hobean dago alegiazko iruzurra haizatzeko, amesgaiztoa den aldetik
jadanik mozorrorik gabe gelditu delako.
Haren ardura intelektual sutsuak eta ikasteko zuen irrika ikaragarriak
‹laster haren jakinduria entziklopedikoa izaterainokoa‹, nafarren
esku utzi dute, orain arte inork egin ez bezala, beren ondarearen
aberastasun eta aniztasuna. Begirunez jokatu zuen guztiekin, hainbatek
berarekin batere tolerantziarik gabe jokatu arren. Nazio honetako
seme-alabarik ospetsuenen zerrendan dago Jose Moret Mendi, Arnald
Oihenart, Arturo Kanpion eta Jose Mª Lakarrarekin batera, eta guztiok
jadanik gure argia dira, Nafarroako memoria historikoa, indarrez ezkutatzen
ahalegintzen diren arren, berreskuratzeko egin duten lanagatik.
Haren Onomasticon Vasconiae nahikoa eta aski izango litzateke ohorezko
aipatu zerrenda horretan agertzeko. Izan ere, Iruñerriko toponimia
guztiari buruz egindako ikerketa sakon eta, batez ere, metodiko bat
da, Euskaltzaindiak jadanik hainbat monografiatan argitaratua ‹besteak
beste, Zizur, Galar, Oltza, Itza, Antsoaingo zendeak; Elortz eta Eguesko
ibarrak; Burlata‹, hirurogeitik gora liburukitan, hark arreta handiz
eta zehatz zuzenduta. Lehen ondorio zientifikoa da euskara Iruñeko,
Iruñerri osoko, Nafarroa guztiko berezko hizkuntza dela. Nafarroako
herrietako euskal izendegia haren lana da, hala nola Navarra, historia
del euskera eta Historia de Pamplona y de sus lenguas.
1970. urtean, Nafarroako Museoaren sarreran, Etniker taldearen bilera
batera sartzear geundela ‹Jose Migel Barandiaranek sortu zuen taldea,
informazio etnografikoa berak prestatutako inkesta baten arabera sistematikoki
biltzeko‹, Jose Mª Jimeno Juriok «goazen, ea zer dioten euskaltzale
hauek» esan zidan, Jose Migel Barandiarani eta Jose Mª Satrustegiri
amultsuki zuzenduta, Museoko atean bertan baitzeuden. Errege Jauregia
ikusita, aurrean baitzegoen, Jose Migel Barandiaranek esan zuen bere
herrian ere, Ataunen, bazegoela nafar gaztelu bat. Hogeita lau urte
geroago, Jose Mª Jimeno Juriorekin batera joan nintzen Vianako Printzea
Erakundera, Iruñeko Errege Jauregiaren monumentu- eta ondare-balio
historiko izugarri handiari buruzko txosten bat emateko, eta haren
eraispena galaraztea galdegiteko erakundea orduan zuzentzen zuenari,
Javier Zubiaurri. Ikaragarria izan zen Jose Mariaren eta nire desengainua,
Nafarroako aipatu monumentu enblematiko haren aurka handik gutxira
egindako erasoan izandako jarrera etorkorra ‹aldekoa ez izateagatik‹
ikusita.
Urtebete geroago, Iruñeko hirigune historikoko galtzada-harrizko zoladura
eta zoru tradizionaleko eta urbanizazio historikoko elementuak kentzeko
arriskua ikusita, Jose Mª herri mugimenduarekin batera manifestatu
zen. Ondarearen espoliazio hark, lehenago Errege Jauregian eta geroago
Gazteluko plazan egindakoek bezala, Nafarroako gizartea berriz ere
babesik gabe utzi zuen.
1982an, Amaiur liburuaren bitartez ‹berak argitaratua‹, Nafarroaren
independentzia leku hartan aldeztu zutenen omenez diputazioek 1922an
jaso zuten monumentua berreraiki ondoren egindako inaugurazioan esku
hartu zuen.
Ondare etnografikoak asko zor dio Jimeno Juriori, Barandiaranen irakaspenei
jarraikiz ikerketa sistematikoa egin zuelako ezin konta ahal herritan,
bere herritik hasita ‹Artaxoa‹. Folklore navarro de las distintas
estaciones. El calendario festivo. Vocabulario histórico. Al airico
de la tierra. Tipos de la tierra. San Miguel in Excelsis. Brujería
antigua, moderna y contemporánea. Danzas. Carnavales.
Iturri dokumentalen ondare esparruan, Artaxoako eta beste herri batzuetako
Erdi Aroko dokumentuekin egindako bilduma eta errege-kartularioena
‹Vianako Printzean argitaratu ziren‹, hala nola Eusko Ikaskuntzaren
Fuentes Documentales eta beste asko, artxiboetan bildutako dokumentuak
azalduz joan ziren, haien edukia guztien eskura jartzearren, Arturo
Kanpionek euskariana direlakoetan, Jose Mª Lakarrak edo Jose Goñi
Gaztanbidek elizaren historian egin zuten bezala. Haren erudizioaren
ondorioz, zenbait entziklopedia, hiztegi, egutegi, almanaka, atlas
eta gidatan eta ezin konta ahal hitzaurretan laguntza eskatu zioten
haietan hainbat sarrera idatz zitzan.
1973an, San Pedro liburutegiko zuzendaria zela, zein Iruñeko Kutxarena
‹Caja de Ahorros Municipal de Pamplonarena‹ baitzen ‹Miguel Javier
Urmeneta zen garai hartan hartako zuzendaria‹, Historia de Pamplona
argitaratu zuen, Iruñearen historiaz titulu hori merezi duen egindako
lehendabiziko lana. Haren argitalpenean ez zen arazorik falta izan,
eta izandakoak garai hartako giro soziopolitikoaren guztiz adierazgarri
izan ziren: Kutxako Administrazio Kontseilua, non Pedro Alfaro elizgizona
baitzegoen, aurka agertu zen, ez zuelako begi onez ikusten hirian
kristautasunak izandako hastapenez eta teokraziak luzaroan izandako
nagusitasunaz liburuan esaten zena.
Egun batean San Pedro liburutegian nengoela, Jimeno Juriok Jaime Ignacio
del Burgoren bisita izan zuen. Horren aita Diputazioak herri kulturari
lotutako gaietarako zuen bildumaren zuzendaria zen, eta Jimeno Juriok
bildumako 45 zenbaki eginak zituen. Batak zein besteak ausarkeria
maltzurrarekin esaten zioten ez zeudela pozik egia, Nafarroaren ezkutuko
genozidioa, oraindik oraingo historia eta euskal kultura ikertzeko
eta zabaltzeko hartua zuen bidearekin.
1977an, bere jakinduria akademikoki egiaztatu nahi izan zuen, baina
Unibertsitateak ez zuen onartu arrazoi ideologikoengatik. Historiaren
manipulatzaileek ezin gaindituzko beldurra zioten ordurako Nafarroako
kulturan parekorik ez zuenari.
Jose Maria Jimeno Juriok zeregin erabakigarria bete zuen 1978tik aurrera
Eusko Ikaskuntza frankismo garaiko etenaldi luzearen ondoren berriz
jardunean hasi zenean. Erakunde horretako presidenteordea izan zen
hainbat urtetan Nafarroaren izenean, eta, bere gizatasun eta ahaleginari
esker, erakundea berriz jardunean hastea eta presente egotea lortu
zuen, ezin konta ahal oztopo jartzen zizkioten arren, batez ere Iruñean
kokatutako botere politiko eta faktikoek.
Benetako jakintsuak bezala apal eta xumea izandako nafar handi honek
badu beste meritu bat, aurrekoak bezain handia. Bere ikerketa lanarekin
eta aurkitzen zuen guztia argi eta garbi komunikatzeko zereginarekin
batera, horrek guztiak arreta osoa eskatzen zion arren, bestelakoetan
ere jardun behar izan zuen bizi ahal izateko, betiere apaltasunez
bizi ere. Berak autofinantzatu eta autoliberatu behar izan zuen, ez
baitzuen diru askorik izan, eta Botereak, hondar batzuk izan ezik,
ez ziolako saririk eman, mesederik egin. Elenak eta Roldanek elkartasunik
sendo eta esker onekoena merezi dute, Maisuaren lekuko eta konplize
hurbilenak izateagatik.
Nafarroak zor bat du Jimeno Juriorekin, eta dudarik ez dugu lehenago
edo beranduago kitatuko dela. Baina, bitartean, gure gizarte osoak
gutxiago batzuek bere merituak aitortzen dizkio, bihotz-bihotzez,
esker onez, ezin neurtuzko ekarpenak egin dituelako iragana eta oraina
bera ere ezagutzeko.
Egunkaria, 2002 urria 6
|