» español   » euskera   » français   » english


» About Nabarralde

» Subscription

» Map of Navarre

» About Navarre
   History
   Language & Culture
   Adm/Territorial Division

» Navarre papers
   Environment
   History
   Identity
   Patrimony
   Roads
   Sovereignty
   Society
   Symbols
   Women

» Programs
   Special events
   Talks
   Newsletter/Magazine
   Articles distributed
   Content creators

» NA-leku

» Store

» Contact us

Nabarralde | Nabarra Papers

Europako estatu baten konkista

Tomas Urzainqui Mina. Historialaria

Pedro Esartek argitaratu berri duen liburuak, Navarra, 1512-1530 conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico deritzonak, Nafarroaren historian dudarik gabe gertaerarik garrantzitsuena izandakoaz dihardu. Xehetasun ugarirekin, orain arte ezezagunak ziren iturrri berriak sakon arakatu baititu, 1512tik 1530era bitarteko urte luzeak kontatzen ditu; hain zuzen ere, urte horietan, Europako nazio bati bortizki kendu zioten independentzia. Orain ez gara hasiko arrazoitzen begi-bistan dagoena, hots, Nafarroa lehen bezala orain ere, gaur egun menderatuta egon arren, nazio bat dela, Eskozia, Danimarka edo Portugal bezala, eta haiek bezain europarra. Horri gagozkiola, Adrian Hastings-en La construcción de las nacionalidades lanari lotzen gatzaizkio, eztabaidaezina baita.

Esartek, gertatutakoak zintzo jasota, arrakastaz egiten die aurre historialari espainiarren planteamenduei, Nafarroaren konkista ezkutatzeko gertaerak zitalki faltsutu dituztelako. Haien arabera, egungo Espainia-Estatuko lurraldearen gezurrezko batasuna betierekoa ez bada, gutxienez, «erromatarren garaitik» dator, eta iruzur historiografiko hori, zein axioma faltsuaren mailara igo baitute, dogmatzat hartzen dute, eta haren izenean sakrifikatzen dute gertaera historikoen errealitate guztia.

Nafarroako Erresumak, XII. mendearen erdialdean, Europako orduko gainerako estatuek bezala, subiranotasunaren oinarrizko bi alderdi azaltzen ditu: lurraldetasuna, non subiranoak ez duen goragokorik onartzen, eta bere jurisdikzioa barne hartzen baitu, eta Erresumaren izendapena, zein lurralde osoari deitzeko erabiltzen baita. Eta hala, 1162tik aurrera, nola Nafarroako Kantzileriako dokumentuetan, hala gainerako botere subiranoetan –Aitasantutza eta Europako beste erresumetan–, Nafarroa izena soilik jasotzen da garai hartan Iruñeko Erresuma osatzen zuten lurralde guztiei buruz ari zirenean (Iruñea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Logroño, Tutera); bertako biztanleei nafar zeritzeten, Aimeric Picaud-ek 1134ko Codex Calixtinus-en aditzera eman bezala.

Subiranotasunari lurralde ikuspegi nabarmena ematen zaio. Lurraldea Erresumaren existentziaren funtsezko osagaitzat hartzen da, eta horrek behin betiko finkatzen du Inperioaren Europako batasun materialaren haustura.

Elizako kontzilio orokorrek Nazio Batuetako Biltzarraren gisako eginkizuna betetzen zuten. Europan estatutzat onartuta zeudenek enbaxadoreak bidaltzen zituzten kontzilioetara, eta batzuetan errege-erreginak berak eta enperadorea bera ere haietan egoten ziren. Nafarroa kontzilio horietan presente egon zen, harik eta konkistaren ondoren, Espainiaren presio handien ondorioz, ordezkaritza ofiziala galdu zuen arte. Esandakoaren adibide da Enrike II.a erregeak –zangozarra– eta geroago Joana Albretekoa erreginak bidalitako Nafarroako enbaxadoreekin gertatutakoa: ez zituzten onartu Trentoko Kontzilioan, Espainiako enbaxadoreek Aita Santuari egindako presioaren ondorioz.

Nafarroako estatu europarra errealitate juridiko-politiko bat da, ezjakintasunean edo mendetasun nazionala lortzeko planteamendu manipulatzaile eta antidemokratikoetan oinarrituta soilik uka daitekeena. Nafarroako Estatuaren existentzia ezin da desagertu 1841ean Espainiako probintzi erakundeak era inperialista, antidemokratiko eta antijuridikoan manu militari inposatzeagatik. Nafarroako Estatuko sistema juridikoa ez zuten desegin, eraitsi edo ordeztu Nafarroako ordezkariek berek Gorte Orokorretan bilduta hala erabaki zutelako; aitzitik, biltzea eragotzi zieten, eta, hala, Nafarroako herriak ez zuen horrelakorik erabaki; gainera, bestelako itaunketarik ere ez zioten egin.

Konkista horien ondorio izan ziren nazio-estatu menderatuaren estatizidioa, nazionalizidioa eta linguizidioa. Gutxiengotuta eta bazterreratuta, nazio-estatuak bere makaltasuna barrentzen du, bere izate kolektiboa definitzen duten elementuekin nahasten ditu bere primitibizazio behartuaren hainbat alderdi, eta kultura politiko propioaren amnesia jasaten du; jarrera hori, gainera, era interesatuan bultzatu du nazio nagusiak, indarrez berenganatu duten Nafarroaren zatian.

Espainiako zein Frantziako Historiaren Akademiak eta unibertsitateak aspalditik daude tematuta nazio handiko Estatuaz duten idealari egokitzen ez zaion guztiaren eta aurrerapen burgesarekin zerikusia ez duela iruditzen zaien ororen izena galarazteko borrokan, eta haien onespenarekin prestatutako hezkuntza programa zitalek ikasleei irakasten zaien eta hedabide delakoetatik ezartzen den historia ofiziala osatu dute inolako eragozpenik gabe.

Mendebaldeko edo itsasaldeko Nafarroa eta 1512tik konkistatutako Nafarroa murriztua ez ziren beren borondatez gelditu Gaztelaren mende. Lurralde zatiketek Gaztelaren aldian aldiko konkistetan dute jatorria, eta hortik sortu ziren probintzi banaketak, zein ustezko eskubide historikoak bezain inposatuak baitira. Faltsutze historiografiko interesatuek gezurrezko anexioa justifikatu nahi dute, beharrezkoa eta naturala izan zelako itxura emanez, aurrez erabakita balego bezala. Zenbaitek, dinamika horretan, nafarren egoeraren gezurrezko hobekuntza ere argudiatu dute; horiek guztiak askoz geroagoko asmakeriak dira. Pedro Esarteren obrak aukera ematen die nafarrei funtsezko gertaera baten memoria berreskuratzeko, konkistarena. Lana –ongi dokumentatua, zientifikoa, sakona eta eztabaidaezina baita– behin betikoa da; gainera, artxiboetan nekez aurkituko dira gertaera berriak azalduko dizkiguten dokumentu eta informazio gehiago.

Inbasioak eta konkistak eragindako gerra ez zen paseo militar bat izan (1512-1530). Armada konkistatzaileek eta Nafarroako armadek behin eta berriz egin zituzten erasoak eta kontraerasoak. Hirien setio luzeak gertatu ziren (Lizarra, Tutera). Hainbat gotorlekuri eraso zieten, eta setiatu egin zituzten (El Peñón, Amaiur, Hondarribia). Nafarroako defentsa sistema osoa eraitsi eta suntsitu zuten: gotorlekuak, gazteluak, harresiak… 1521eko ekainaren 30ean, lur zabalean egindako Noaingo borroka handia gertatu zen. Baina, batez ere, ezin konta ahala borrokatxo, arpilatze, konfiskazio, atxilotze, kartzelatze, tortura, deserriratze eta hilketa gertatu ziren. Basakeria genozida eta terrorista horren frogak gordintasun eta errealismo osoz daude jasota liburuan transkribatutako dokumentuetan. Terrorismo hark nafarren erresistentzia eta defentsa ahalmena geldiaraztea zuen helburutzat.

Okupazio militar iraunkorraren oinarria, Iruñea estutzen duen sistema gotortu eskerga hainbat mendetan eraikiz eratu zen. Ziudadela izugarri handia. Harresi-sistema hori munduan Aro Modernoan eraikitako handiena izan zen, eta Nafarroako herria menderatuta izatea zen xedea. Fernando Katolikoak, Elizaren laguntza eta esku-hartze lotsagabea baliatuta (Nafarroako errege-erreginak eskumikatzeko buldak), Europan nagusitasuna lortu nahi zuen. Laster, haren bilobak, Karlos V.ak, enperadore izendatuta, buru eman zion proiektuari. Bata zein bestea, Felipe II.arekin eta haren ondorengoekin batera, pentsamendu atzerakoienaren eta kontserbadoreenaren buru izan ziren: joera feudalekoa arlo sozial eta ekonomikoan, Kontrarreformaren aldekoa erlijioso eta kulturalean, eta inperialista politikoan. Nafarroak konkistatik jasan ditu gaitz horiek. Eta hori guztia heretikoen, musulmanen, juduen eta paganoen aurkako probidentzialismo mesianikoak justifikatuta.

Baina Nafarroa, nahi gabe, ez zen oztopo bakarrik Espainiaren bide inperialean, baita Ingalaterraren eta Frantziaren antzeko proiektuetan ere. Ingalaterrak Pirinioetako iparraldea berriz konkistatu nahi zuen, Gaskonia nafarra, alegia, nondik berrogeita hamar urte lehenago egotzi baitzuten. Horregatik, 1512an, hamar mila ingelesek osatutako armada bat lehorreratu zen Gipuzkoan, eta bidea erraztu zion Albako dukearen agindupeko armadak garai berean egindako inbasioari. Frantzia, bestalde, ez zen guztiz ahalegindu Nafarroa aldezten, Pirinioez iparraldeko nafar lurrak bereganatu nahi baitzituen. Konkistak ekarri zuen Nafarroari subiranotasun politikoa ebastea, baina askatasunak eta subiranotasunak ez dute indarra galtzen denborarekin. Subiranotasuna berreskuratzea da nafarren eskubide demokratiko legitimatzaile eta
besterenezina.

2001.10