Gaizka
Aranguren Urrotz
Espainiarrek,
Mendebaldeko euskaldun aunitzen laguntzaz, Nafarroako hego-ekialdeko
lurralde hauek konkistatu zituztenetik (1512), "ituna", "hitzarmena"
eta "paktua" izan dira konkistatzaileen eta berauen lagunen
hitz gakoak. XVI. mendean egin zuten sarraski odoltsuari "Berdinen
arteko hitzarmena" deritzote; 1841.ean, gure soberaniaren aztarnak
ziren foruei egindako erasoari "Lege Pakzionatua" deitu zioten;
1982.ean, Foru Komunitatea espainiar lege eraldatuei -Konstituzioari-
egokitu zekion idatzi testuari "Nafarroako Foru Hobekuntzaren
Legea" deitzen diote.
Hegoaldeko
nafarrak behin betiko espainiartu daitezen etengabeko ahaleginetan
dabiltzanek bertako askatasunen babeslearen mozorroa jantzi
behar izan dute halabeharrez.
Gudu
odoltsuetan menperatutakoari, galtzailearen oinazeari eutsi
ez diezaion, itxurazko laztanak egiten zaizkio; itxurazko duintasuna
errespetatzen zaiola sinestarazten zaio, alegia.
Ipuin
hori kontatu digute behin eta berriz azken 490 urteotan. Ipuina
liburutan saldu nahi izan digute eta aunitzek erosi ere egin
dute. Ipuin horren araberako hezkuntza antolatu dute eta bertatik
edan dugu. Ipuin horretan oinarritutako sistema juridiko, politiko
eta instituzionala eraiki dute eta horrek agindutakoaren arabera
bizitzera kondenatu gaituzte.
1982ko
Nafar Foru Hobekuntzaren Lege Organikoak izenean darama bekatuaren
aitortza: "excusatio non petita acusatio manifesta". Izan ere,
edozein lege berrik hobekuntza beharko luke eragin ordenamendu
juridikoan. Elkarbizitza arautzen duen legearen Hobekuntza egiten
dutela diotenean, kasu! Ezer ezkutatzen ari direnaren adierazle.
Mozorroari
eutsi nahi diotenek Hobekuntzaren prekonstituzionalitatea aldarrikatzen
dute; baina 1982an, gutxieneko kontsentsu politikorik gabe indarrean
ezarriz, foruak deitutako soberania zantzu miserableak konstituzio
espainiar berriaren mugei egokitzen bertzerik ez ziren saiatu.
Adibiderik
gordinena diruarena da. 1841eko ustezko itunaren arabera, Nafarroa
Garaiak 1.800.000 erreal ordaindu behar zizkion urtero Madrilgo
administrazioari (eta Nafarroa Garaiak horietako 300.000 gordetzen
zituen kudeaketa lanagatik). Kopuru hori behin betikoa zen.
Aldaezina! Bigarren karlistadaren amaieran, ordea, 6 milioi
pezetara igo zuten. 1927an, azkenik, noizbehinkako berrikustea
ezarri zuten. Edonork aldera ditzake hasierako kopuru ukiezinak
gaurkoekin.
1982an
Hego-Ekialdeko Nafarroari "Foru Komunitatea" izena jarri zioten.
Izen horrekin lehen aipatu dugun prekonstituzionalitatea adierazi
nahi izan zutela erraten digute hura sinatu zutenek. Alta, Espainiako
Estatua eta Autonomia Erkidego espainiarren arteko harremanak
zuzentzen dituen egitura politikoaren lehendakariak (Junta Arbitral
Estado - CC.-AA.), Simón Acosta jaunak, konstituziotik at ezer
ez dagoela azpimarratu berri du. Honek, berez, ez gaitu bereziki
harritzen, baina jaun hori bera Nafarroako Gobernuko Aholkularitza
taldeko kidea dela jakiteak mozorroaren ahulezia agerian uzten
du.
Mozorroa
kentzeari beldurrik ez diotenen eta beroni eutsi nahi diotenen
arteko eztabaida piztu da. Anartean, eztabaida hauek antzuak
direla diotenen ahotsa baztertu, enoratu edota ezkutatzen saiatzen
dira.
Mozorroak
mozorro, azken mendeetan ez bezala, adierazpen zaharberrituak
agertzen hasi dira karriketan. Xabierko Frantziskoren ikurra
nork bereganatzen duen lehiak, erraterako, bor-bor dagi. Ez
da txorakeria edota aztertzen ari garenarekin zerikusirik ez
duen gaia. Jatsu-Azpilkueta sendiaren seme gazteena, saindu
katoliko izateaz gain, ikur politikoa da oraino. Aurten bere
heriotzaren 450 urtemuga gogoratuko dugu abenduaren 3an. Mozorrotuek,
ikurra bereganatzeko, diruz ederki hornitutako ekitaldi bereziak
iragarri dituzte. Mozorroa agerian utzi nahi dutenek ekintza
askoz ere xeheagoei ekin diete. Tartean, erraterako, Iruñean
bertan eta Xabierrera doan errepide bazterrean, honako graffitiak
agertu dira: "San Francisco Javier, vasco de raza, navarro de
nación"; "Frantzisko Xabier era navarro, no español". Inork
esaldi hauek garrantzirik gabekoak direla pentsatuko du. Alta,
azken mendeotan azpimarratu izan ez den dikotomiaren adierazle
garbiak dira: nafar ala espainiar, nafar ala frantziar. Duela
500 edo 300 urte hain argi zeuden bi nortasun horien azalpen
kontrajarria galduta zegoen espainiarzaleen amesgaiztoen infernutan.
Euskotar/Espainiar edota Euskotar/Frantziar dikotomia aranista
izan da azken 110 urtetako ustezko abertzaletasunak garatu duena.
Eta bistan dira emaitzak.
Egun,
Foru Komunitateko Gobernuak, Pirinioez gaindiko autobidea egiteko,
adibidez, Madrilgo administrazioaren dirulaguntza eskatzen duenean,
Espainiarekiko "leialtasuna" azpimarratzen du bere merituen
artean. Izan ere, badakite, ongi jakin ere, odoletan eraikitako
beraien Espainiaren batasunari eusteko nahitaezkoa zaiela Nafarroa
lotuta atxikitzea. Horixe bera bertan saldu behar dutenean,
ordea, Nafarroa Beherearekiko harremanak sakontzea xedeen artean
dagoela erraten dute (Palacios jaunak dixit).
Foru
Hobekuntza, Gernikako Estatutua eta Frantziako Konstituzioa
deitzen diete, beraz, Nafarroa Espainiari eta Frantziari lotuta
dauzkaten XXI. mendeko sokei. Azken 800 urteotan garai bakoitzak
eskatu duen materialarekin berregin dituzte sokak, egokien zeritzoten
izena erabiliz une bakoitzean.
Bere
burua espainiartzat edo frantziartzat daukaten nafarrekiko begirunea
aintzat hartuta, eta bere burua nafar gisa ikusteari utzi zioten
euskotarrekiko ezinegona adierazita, nafar askatasunen berreskurapenaren
aldeko jardunean errotiko erreferentzia historiko eta politikoen
iraultzeak halabeharrezkoa ematen du.
Nafar
orok Foru Hobekuntza deritzoten soka honen benetako izaera antzeman
dezan, Nafarroa mozorro gisa darabiltenak biluzik utzi behar
ditugu. Nafarzaletasunaren soinekoa ezin baita izan gehiago
Nafarroa konkistatu zutenen eta haien aldekoen jantzi.
Azaroa
2002 - Nabarralde