» español   » euskera   » français   » english


» About Nabarralde

» Subscription

» Map of Navarre

» About Navarre
   History
   Language & Culture
   Adm/Territorial Division

» Navarre papers
   Environment
   History
   Identity
   Patrimony
   Roads
   Sovereignty
   Society
   Symbols
   Women

» Programs
   Special events
   Talks
   Newsletter/Magazine
   Articles distributed
   Content creators

» NA-leku

» Store

» Contact us

Zergatik aukeratu ikastola?

Mirari Bereziartua eta Elias Mendinueta. Ikasberri, Azpeitiako Ikastola.

Gure seme-alaben hezkuntzarekin erabakiak hartu beharrean aurkitzen ari garen urte sasoi honetan beharrezkoa dugu guztiok, gure erabakiak norantza eramaten gaituen jabetzea.

Egun batzuk besterik ez dira pasa Egunkaria indarrez kendu digutenetik. Baina gehiagotan egin digute gauza bera eta askotan ez dugu ezagutu ere egiten. Horregatik egunkariarena bizirik mantendu behar dugu, konponketa emateko gai izateko eta aurrekoak gogora ekarri behar ditugu, ezagupenetik geure eskubideak erabili eta geuk nahi dugun bezala etorkizuna eraikitzeko.

Horregatik gure une honetako gogoeta eta leloa : Ikastola, memoria historikotik hasiz eta etorkizuneko erronkari eutsiz Euskal Eskola Nazionala egiten.

Estatu guztiek dute bere eskola sistema.

Euskal Herriak, herri guztiak bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra dauka bere nortasuna bermatzeko. Hitz gutxitan esanda: gaur egungo euskaldunak egiteko helburua duen eskola nazionala eta unibertsitatea. Eta hori euskara irakastea baino zerbait gehiago da.

Estadu guztiek antolatzen dute hezkuntza sistema norbere herriaren nortasuna gordetzeko. Estadu frantsesak, frantses nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du eta Estadu espainolak, espainol nortasuna bermatzen dela kontrolatzen du.

Dena berdina ez delako guk betiko ikastolari eusten diogu.

Estatu espainolak erreforma politikoa egin zenean Estatutoaren bidez eta ondorengo garapenean, beti zaindu izan du estatuko biztanle guztien espainoltasuna bermatzea.

Autonomia Estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan badira ere Gobernu espainola eta frantsesa gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan.

Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen 1993ko Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorri diren legeetan eta datozen dekretuetan.

Horregatik, dena berdina ez delako, 1993an izena eta izana mantenuz Ikasberrikoek eutsi genion ikastolari, bailaran bakarrik geldituz.

Herri honetan A,B eta D baino sakonagokoa da kontua: euskaldunak egitea bermatzen duen eskola behar dugu. Egunkariarekin gertatzen den bezalaxe. Ez da berdin Euskaldunon egunkaria, eta Estatuko egunkari bat euskaraz itzulita ateratzea.

Gure eskola sistema geure historiarekin lotu beharra.

Euskal Herriak ez du osorik hartzen duen Administrazio propiorik. Historikoki Europan izan genuena, eta indar militarrez kendu zitzaiguna, ez bakarrik ez dugu errekuperatu, baizik eta horrez gain, nola izan zen ahaztu eta nahasteko egoeraraino ekarri gaituzte.

Argi dago, zerbait nahi izateko lehenengo ezagutu egin behar dela. Horregatik ezin du inork Pirinioetako herri zahar horren kide bezala harro sentitu, eta hori aldarrikatzeko jarrera izan, ez badu ezagutzen, bera, herri horretako kide denik ere.

Zenbaitengan, gehienez ere iraun duen sentimendu bakarra euskararekikoa izan da eta horren arabera gabiltza bidea egiten.

Ikastola, herrigintzan, Euskal Herriaren eskola nazionala egiten: geure herria erreferentzia izanik, herritarren eskutik, herritarrentzat.

Ikastolen prozesu historikoari begiratuta argi ikusten da ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetasuna lortzeko daraman prozesuarekin. Eta bide horretan herritarrak ez gara geldirik egon.

Ikastolen ibilbide historikoan herritartasuna du ikastolak bere ezaugarri nagusienetakoa. Beraz, helburua bada euskaldunak egitea, bai helburu horri, eta baita hori lortzeko martxan ipintzen den funtzionatzeko moduari dagokion ezaugarria da herritartasuna. Biak elkar loturik. Hau da, helburu nagusia bermatzen dela kontrolatzeko, euskal herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoa, herritarrek beraiek zuzenean zaintzen dutena.

Ikasleekiko jarrera aldaketa, gurasoen papera eta pertsonal konprometitua : hiru erronka nagusi.

Horrez gain eta horren harira, badira beste zenbait ezaugarri garrantzitsuak direnak. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea geure ikasleekiko jarrera da. Hain zuzen ere beraien etorkizuna burua altxaturik, norbere buruaren jabe izaten ikasten lagunduko dien jarrera. Beraz menpekotasun jarrerak ez dute lekurik izan behar gure ikastoletan.

Eginkizun horretan, bestalde, izugarri garrantzitsua da, proiektu horrekiko bertako pertsonal guztiaren atxikimendua lortzea.

Eta hori guztia bermatzeak hezkuntzan suposatzen duen eraldaketa benetan eman dadin, ezinbestekoa da gurasoek proiektu guzti hori eskutik eramatea.

Ikastolok, gurasoek zuzenean erabakitzeko ahalmen hori duten zentru bakarrak gara. Eta hori izan da, ez bakarrik baina bai nagusiki, historikoki, ikastolaren mugimendua momentu gordinenetan ere bizirik mantendu duena.

Euskaldunok, hezkuntza eremuan egin dugun ekarpen original hau, geuk uste baino garrantzitsuagoa delakoan gaude. Batez ere munduan zehar lurralde txikietan hedatzen diren herri zaharrak beraien nortasuna gordetzeko behar duten antolaketan.

Hori guztiagatik, oraindik, Euskal Herriak bere Eskola Nazionala eta Unibertsitatea izateko, ikastolak beharrezkoak dituelako, eta seme-alabak, euskaldunak izan eta hezkuntza onena jasotzeko merezi du ikastolaren aukera egiteak.

Gogoeta hauek egitera bultzatzeko antolatzen dugu ikastolok bigarren Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna martxoaren 30ean.

19 martxoa 2003