» español   » euskera   » français   » english


» About Nabarralde

» Subscription

» Map of Navarre

» About Navarre
   History
   Language & Culture
   Adm/Territorial Division

» Navarre papers
   Environment
   History
   Identity
   Patrimony
   Roads
   Sovereignty
   Society
   Symbols
   Women

» Programs
   Special events
   Talks
   Newsletter/Magazine
   Articles distributed
   Content creators

» NA-leku

» Store

» Contact us

Nabarralde | Nabarra Papers

Noaingo bataila

Jon Urrujulegi

Fernando II, Katolikoa ere deitua, aspalditik ari zen Nafarroako Erresuma inbaditzeko aitzakia bila. Espantsionismoaren suak erretzen zion bihotza. 1512ko uztailaren 12an Blois-ko Tratatua publikatu zuen, esanez Frantziako Luis XIIak eta Nafarroako Erregeek sinatua zutela. Blois-ko benetako tratatua uztailaren 18an sinatu zen, baina ez zuen zerikusirik Fernando Katolikoak (beste batzuontzat Faltsarioak) iruzurrez publikatu zuenarekin. Dokumentu faltsu honetan eta Nafarroako Erregeen aurkako eskumiku-bulda faltsu batean oinarriturik, gerra deklaratu gabe, 1512ko uztailaren 21ean Katillako armadak Nafarroa inbaditu zuen Burundatik barna. Irailerako ia Nafarroa osoa okupatua zuen, baina gerrak 12 urte luzez iraun zuen (1512-1524).

Usurpazio honen ondoren, Nafarroa birkonkistatzeko hainbat eraso burutu zituen Albreteko Joan III Errege legitimoak. Honen seme Enrike IIak Nafarroa Birkonkistatzeko Armada sortu zuen nafarrez, biarnesez eta gaskoiez osatua. 1521ean, Asparrosko Jauna Foixko Andres eta Nafarroako Pedro buruzagi zituela, Armadak Biarnotik Behenafarroan sartu eta Donibane Garazi hiriburua liberatu zuen. Seigarren Merindade eta Nafarroa osoko indarrak jarri ziren Nafarroako Enrike II Errege legitimoaren alde eta Erronkarikoak izan ziren lehenak independentziaren alde matxinatzen.

Iruñan, Kastillako erregeordeak okupatzen zuen Erret Jauregia herriak inbaditu eta Austriarren armarria lohi artean arrastaka erabili zuen. Maiatzaren 19an, hiriko erregidoreek zin egin zioten Nafarroako Enrike IIari eta gotorlekuak kapitulatu egin zuen. Nafarroako Don Pedro Kapitain Jeneralak, Simancasen preso egonik, Oliteko Merindadea matxinatzea lortu zuen. Beste horrenbeste egin zuen Tuterako Merindadeak, Don Pedro Peralta buruzagi. Lizarratarrek ere gaztelar gotorlekuari eraso eta honek kapitulatu egin zuen. Birkonkistarako Armadak Erresuma osoa zeharkatu zuen garaile, Pirinioetatik Ebroraino.

Asparros jeneralak ez zuen jakin nafarren berotasuna aprobetxatzen eta hauen kontseiluari muzin eginez, hots, Nafarroa fortifikatu eta gainerako nafar armadaren zain itxaron ordez, Logroñorantz abiatu zen. Hau 15.000 gizonek defenditzen zuten Kastillako Kondestablea buruzagi zutela. Gaztelar indarrak askoz handiagoak izanik, Asparros jeneralak atzera egin behar izan zuen Iruņerriraino, gaztelarrak orpoz orpo segika zituela.

Etsaiaren miaketa egin ondoren, Asparros jeneralak, ausarti eta aldi berean uzkur, ez zien itxaron Iñigo Etxauz eta Ollokiko Jaunaren agindupean Tafalla babesten zuten 2.000 nafar eta gaskoiei eta ezta Iruñan kontzentratuta aurkitzen ziren 6.000 gaskoiei ere.

Ez zuen kontuan izan etsaien armada hiru bider handiagoa zela. Gudua 1521eko ekainaren 30eko igandeko ordubietan piztu zen eta arratsaldearen erdialdera amaitu. Gaztelar armadak Nafarroa Birkonkistatzeko Armada inguratu eta egundoko sarraskia burutu zuen. Nafar Armadak 5.000 gizon galdu zituen, Eskiroz, Noain eta Barbataingo zelaietan lurrean zerraldo geratu zirelarik. Hauen artean Karlos Maulekoa, Joan Sarasakoa, San Martin kapitaina, Karlos Nabaskozekoa. Asparros borrokan zauritu eta itsu geratu zen. Beren buruak salbatu ahal izan zituzten Nafarroako Pedro Mariskal semeak, Agramonteko Angel eta Nafarroako Fadrike jaunek eta bestek, Behe Nafarroan errefuxiatuz (vide La Navarra marítima, 263. or.). Hala ere, ez zen hau izan Nafarroako entseina gorria independentziaren alde azken aldiz airean astindu zena. Amaiur eta Hondarribia izan ziren ondorengo lekukoak.

Noaingo Batailak eragin handia izan zuen Europan eta Euskal Herriko historian garrantzirik behinena, bai hondamenagatik bai eta utzi zituen ondorio kultural, sozial, ekonomiko eta politikoengatik.

1999-07