|
» About Nabarralde
» Subscription
» Map of Navarre
» About Navarre
History
Language & Culture
Adm/Territorial Division
»
Navarre papers
Environment
History
Identity
Patrimony
Roads
Sovereignty
Society
Symbols
Women
» Programs
Special events
Talks
Newsletter/Magazine
Articles distributed
Content creators
» NA-leku
» Store
» Contact us
|
Jose
María Satrustegiri
Erlantz
Urtasun Antzano (Historialaria) NABARRALDEren izenean
Duela
urte guti grabagailu baten aitzinean aitortu zenuenez, ihauteria
guziz aldatu dela erraiten ahal da. Horrela, zure ustez gakoa
hau litzateke: lehen jendeak ez zuen egunero mozorratu behar,
norbera zena izkutatzeko. Garai hartan ihauteri egunetan jendea
mozorratzen zen, bertze nortasun batez jantziz, era erritual
batean, antza. Egun, berriz, jendea mozorraturik bizi dela dirudi,
hau da, pertsonek duten benetako nortasuna ez dute agerian jartzen.
Horren arrazoina gizarteak ezarririko kontrola litzateke. Ideia
horren arabera, ihauteri egunetan jendeak benetan duen nortasuna
azalaraziko luke, maskarak ematen omen dion babespean.
Hitz
batez, hau egia balitz ihauterietan gertatzen zena behetik gora
aldatu dela baiezta genezake, lehenagoko eta gaurko zentzua,
nolabait, aurkakoak bailirateke. Dena den, ihauteriak naizoartekoak
dira, "herri bakoitzak, noski, ihauteriak egiten ditu bere nortasunarekin,
bere hizkuntzarekin. Ihauterien berezitasuna da, beti aldakorra
baita urteko edo une hartako arazo bat. Beti salaketa bat izan
da ihauteria". Eta, hemen, nafarron hizkuntzaz apaindurik.
Horregatik,
apika, duela urtebete inguru lagun batzuekin harremanetan jarri
eta erdaraz bizi den Iruñerriko hirixka batean, Noainen, hitzaldia
eman zenuen. Nafar Legebiltzarrean nagusitasun osoa duten UPN
eta PSN alderdiek ez dute bertako eskolan euskaraz ikasten uzten.
Beraz, ahal dutenek kotxez edota autobusez eramaiten dituzte
umeak ikastola hurbilenerat. Noainerat joan zinen, eta han,
horren nekaturik zegoen koadrilatto baten erdian ihauteriaz
zenekiena azaldu zenuen. Ortziral gauean. Zure asteburuaren
zatirik handiena horretan eman zenuen. Hirurogeita hamar urte
igarota. Dohainik, jakina.
1936
eta gero, jendea arimarik gabe geratu zela adierazi zenidan
elkartu ginen bertze behin batean. Dena galdurik omen zegoen.
Itxaropenik gabe. Gogorrak zure hitzak. Latzak. Garratzak. Hortaz,
beharbada, ez zenituen batere gustuko ohiko "kanpainak", eguneroko
lana baizik. Eta ironia.
Duela
urte batzuk zurekin mintzatu, "koko" izenekoei buruzko iritzia
eskatu eta honelakoa ihardetsi zenuen: "Horiek dira euskaraz
ez dakitenak. Gure aitak Lizarrakoei deitzen zien". Egun, baina,
Lizarra haur nahiz gazte euskaldunez beterik dago. Baita Tutera
ere. Hazten ari gara, Satrus. Goraintziak Aingeru Irigarai eta
enparauei. Ea bertze munduan "zona no vascófona" ez dagoen.
Bertzenaz, badakizu, lanerat!
Nork
daki, agian oraindik grabaturik dago gure hondar mezua zure
erantzungailuan.
2003
apirila
|