» español   » euskera   » français   » english


» About Nabarralde

» Subscription

» Map of Navarre

» About Navarre
   History
   Language & Culture
   Adm/Territorial Division

» Navarre papers
   Environment
   History
   Identity
   Patrimony
   Roads
   Sovereignty
   Society
   Symbols
   Women

» Programs
   Special events
   Talks
   Newsletter/Magazine
   Articles distributed
   Content creators

» NA-leku

» Store

» Contact us

Nabarralde: nortasun politikoa berreskuratu

Erlantz Urtasun eta Gaizka Aranguren. NABARRALDEko kideak

Euskal Herria: kontzeptu kulturala.
Nafarroa: Euskal Estatua.

Euzkadi hitza asmatu zutenek arrakasta azkarra ukan zuten. Euskaldunon askatasun egarria adierazteko kontzeptu baliagarria izan da urte luzez jende aunitzendako eskualde batzuetan. Azken 25 urteotan, Espainiak onartu eta gidatu duen euskal egituraketa instituzionalarekin batera, Euskadi hitza prostituitu da. Mendebaldeko lurraldeek haien egituratze politikoa adierazteko kontzeptutzat hartu dutenez, Euskal Herri osoaren adierazpide politiko izateko gaitasuna galdu du, sekula izan baldin badu.

Euskadi kontzeptuaren ordezkotzat jo dute hainbatek Euskal Herria. Alta, azken hitz honek sekula ukan ez duen esanahi politikoa erantsi nahi izan zaio. Izan ere, Euskal Herria hitza euskararen herria adierazten du, eta ez inolako asmo politiko edo lurralde politiko. Horrelaxe ulertu zuten Joanes Leizarragak eta Axularrek lehen aldikotz idatzi zutenean.

Euskal Herria euskararen herria da. Euskaraz mintzo den populua adierazten du. Hizkuntzak, ordea, etengabeko lurralde murrizketa jasan du azken 2000 urteotan.

Erromatarrak, "Ager Vasconum" -baskoien lautada- eta "Saltus Vascomun" -baskoien mendi aldea- ziotenean, hizkuntz komunitate bakar batez ari ziren. Orduan, oraindik, politikoki egituratu gabe zegokeen populuaz, alegia.

Antso VI.a Jakituna ez zebilen txorakerietan euskarari "lingua navarrorum" deitu zionean. "Nafar" kontzeptua euskaldun askeei zegokien hitza izaki, nortasun politiko hori zeukatenen hizkuntzatzat jotzen du erregeak.

IX. mendetik bere burua politikoki egituratuta zeukan herri hark etengabeko lurralde higadura jasan behar izan zuen: 1200.erako Nafarroako Erresumak mendebaldeko lurraldeak galduko zituen (ordudanik Gaztelako koroaren menpe bere burua administratiboki egituratuko zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa); 1512.ean Hego-Ekialdeko lurraldeak (Nafarroa Garaia deitu ohi duguna); 1620ean, Nafarroako Erresuma murriztua Frantziakoari lotuko dio Luis XIII.ak.

Horren erreferentzia historiko-politiko garbia ukan duen herriak bere memoria historikoari uko egin eta XIX. mende amaieran abiatuko den "Euskal nazionalismoaren" diskurtsoaren arabera bideratuko du, nagusiki, bere askatasun egarria. "Euskal estatu Independienteak" deitu zituzten erreferentzia historiko faltsuetan oinarrituta eta euskalduntasunaren eredu atlantiarra nagusitzat hartuta, euskal nazionalismoak imaginario kolektibo murriztua osatu zuen. Anacleto Ortueta bilbotarrak "Desplazamiento geográfico del concepto de Vasconia hacia el Atlántico" esaldiarekin kritikatuko zuena ("Vasconia y el Imperio de Toledo". Ortueta, A. 1934; 428.or.).

Arana anaiek abiatu zuten pentsamendu politiko hark lehen urratsak ematen zituen garaietan, ordea, bazen bertzelako ekarpenik. Nafarroa euskaldunon babesleku politiko historikoa izan dela azpimarratu zuten egile aunitz Asociación Éuskara de Navarran bildu ziren (Campión, Iturralde y Suit, Pedro Navascués, Altadill...), baina ildo berean sakondu zuten bertze hainbat ez ziren hego-ekialdeko jatorrikoak (Anacleto Ortueta -Bilbo-, Ildefons Gurrutxaga -Azpeitia-). Guzti hauen ekarpenak baztertu ditu XX. mendeko euskal abertzaletasunak. Aranismoan oinarritu du euskal abertzaletasunaren adar orok bere diskurtsoa. Mende luzez euskaldunon adierazpide politikoa izan den Nafarroa kontzeptua "Euskadi" izeneko asmakizunaren zati bat bertzerik ez zelakoan eta "Nafar" kontzeptuak euskaldunon nortasun politiko eta juridiko subiranoa adierazten duela aintzat hartu gabe. Mende amaieran, Mendebaldeko lurraldeek osatuko duten egitura politikoak -EAEk- egin duen "Euskadi" kontzeptuaren patrimonializazioaren ondorioz, "Euskal Herria" kontzeptuari eman nahi izan zaio esanahi politikoa, nahiz eta jakin, badakigun, gure nortasun kultural eta linguistikoa adierazteko terminoa baizik ez dela.

Nafarroa ez da Euskal Herriaren zati bat. Ez da euskal lurralde bat. Nafarroa da euskal lurraldea. Hain zuzen ere lurraldetasuna, bere osotasunean, adierazten duen kontzeptu historiko, juridiko eta politikoa. Nafarroa izan da euskaldunon etxe politikoa. Ez dugu zertan ezer eraiki beharrik. Zimentuak nabarmenak dira. Berreraikitzeko zimentu garbiak baditugu. Gure burua nafar herritartasun politikoa berreskuratzeko bidean jarriko ez dugun bitartean jai dugu.

Ikuspegi honetan oinarrituta sortu zen 2001eko urrian NABARRALDE ekimena. 2002. urtean zehar barne antolaketa lanetan aritu gara. 2003. urtearekin batera gure burua ezagutzera ematen hasi gara dozenaka aurkezpen txiki eginez, gure webgunea osatuz (www.nabarralde.com), eta ekimenaren biziraupen ekonomikoa ziurtatuko duten sustatzaileak bilatuz (500 dagoeneko). Kultura, ezagupena, jakintza eta komunikazioaren esparruan kokatzen dugu gure burua. Gure memoria historikoa eta nortasun politikoa berreskuratzeko lanean ezinbertzekotzat jotzen baitugu dibulgazio eta komunikazio lana.

Honen bitartez dei egiten dizuegu sentsibilitate honekin bat zatoztenei gurekin harremanetan jar zaitezten: info@nabarralde.com -en bitartez edo (34) 902 197 051 telefonoan.

2003 apirila