|
Nabarralde | Nabarra Papers
Nafarroa
Oinez dela eta aukera ezin hobea
Ikastolei zor zaien aitormena egiten hasteko.
Elias Mendinueta.
Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Lehendakaria.
Euskal Herriak
ez du oraindik berea den hezkuntza sistemarik. Ez geure eskola
nazionalik eta ez geure unibertsitaterik. Horren gertukoena
ikastolok gara.
Euskal Herriko
eskola nazionalaren motorra gara, eta urtean zehar egiten ditugun
bost festa hauek, aukera ezin hobea ematen digute alde batetik
idea hau aldarrikatzeko eta bestetik baita ere ikastoloi zor
zaigun aitormena egiteko. Hain zuzen ere, duintasunez tratatuak
izatearena, lan horrek merezi duen tratamentua jasoz.
Ez
zen hori izan zen sentitu nuena joan den igandean Kilometroen
hasiera ekitaldian esandakoak entzun eta gero. Kilometroetara
joandako 125.000 pertsona ez ginen mugitu nagusiki teknologia
aurrerakoiak, eleaniztasuna edo kalitateak bultzatzen gintuelako.
Baizik eta Euskal Herriak bere Eskola Nazionala behar duelako.
Bakoitzak
ezagutzen dugunetik hitzegiten dugunez, hori da nik hona ekartzen
dudana: gure ikstoan sentipen eta konpromiso hori bizi-biziak
dira. Ikastolaren xede nagusia argi daukagu, hain zuzen ere,
gure seme-alabak euskaldunak egitearena, herri bezala eskubidea
dugulako.
Euskal
Herriak ikastolak beharrezkoak ditu eta herri honen eta ikastolaren
etorkizuna eskutik doaz. Horregatik bada ordua ozenki esateko
dena ez dela berdin eta ikastola, oraindik, ikastola dela. Pasatutakoak
pasatu arren ikastolen sareak bizirik dirau eta horrela jarraituko
dugu geure hezkuntza sistema osatu arte, Hau da , Euskal unibertsitatearekin
batera Euskal Eskola Nazionala lortzen dugunerarte.
Gaur
egun mundu guztia dabil gizarte zibila dinamizatu nahiean, hutsune
haundia nabaritzen dutelako. Eta egia esateko Euskal Herrian
ez da gauza haundirik behar herrigintzaren sugarra pizteko.
Hain zuzen ere, ikastolaren kasuan, inguruko: gurasoei, benetan
sinesten dugun hori garbi azaltzea gure seme-alabak euskaldunak
egingo dituen hezkuntza bermatzea, gurasook zuzenean zainduz
hori horrela izatea.
Ikastolen
prozesu historiko guztian argi azaltzen da, Euskal Herriko gizarte
zibila, nahiz eta txiki-txiki eginda egon, beti izan duela bizitasun
hondar bat, besteak beste ikastolaren alde nabarmendu dena.
Sinplea
bezain aberasgarria da funtzionatzen duen formula : Euskal Herri
osoa kontutan izatea + gurasoek zuzenean konprometitzea + seme-alaben
euskalduntasunaren bermea zaintzea + horretarako profesionalak
ilusionatzea.
Horregatik,
1993an autonomi erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legea atera
zenean guk ikastolari eustea aukeratu genuen. Iparraldean ere
frantses sistemaren erosotasunak utzita egiten dute ikastolaren
alde gurasoek. Eta zer esanik ez, datorren igandean Tuterakoek
gogorarazten diguten bezala,, Nafarroan ,egoera larrienetan
ere , hainbat gurasok Ikastolaren aldeko apostua egiten dute.
Erriberako euskara mintzatuz eta bertako "palotiaua," dantzatuz,
eguneroko lanetan Euskal Herriaren berrerainkuntza landuz. Nafarroa
Garaiak memorian duen eraikitako herria berreraikitzen ari garen
honetan, oraindik pendiente daukagun geure hezkuntza egituratzen
goaz Euskal Herriko lurralde bakoitzaren lekuan lekuko kulturarekin
jantziz.
Denok
arrazoi eta jarrera berdinak mugitzen gaitu: hezkuntza sistema
espainola eta frantsesa gainditu eta oraindik pendiente daukagun
geure eskola nazionala egiten zuzenean konprometitzea..
Euskal
Herriko Ikastolen Konfederazioan antolatuta gauden ikastola
sareak Euskal Herri osorako eskola nazionala nahi dugu. Euskal
identitatea bermatzen duen eskola. Herentzia hori jaso genuen
aurreko urteetan zehar lan egin zuten guraso, herritar-laguntzaile
eta profesionalangandik eta hori aurrera ateratzeko konpromisoa
eta ilusioarekin jarraitzen dugu.
Ikastolen
festa hauek euskararen aldekoak baino gehiago ikastolaren aldekoak
direla esaterakoan hizkuntzari zerbait gehiago eransten diogulako
da.
Hain
zuzen ere PPren Kalitatearen legea aztertzerakoan Konfederazioko
zuzendaria den J.Iñaki Etxezarretak oso ondo esaten zuen bezala:
"Literatura zientifikoan autore gehienek deskribatzen duten
uztarketa (hizkuntza, hezkuntza, dentitatea, kultura, abertzaletasuna)
Estatu espainoleko administrari berriek Hego Esukal Herrian
ez dutela kontrolatzen ikusten hasiak dira, eta hori berbideratu
egin nahi dute, Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoko instituzioetatik
gizarte erakundeak eta administrazioa publikoarenak kontrolatuz".
Ikastolon
xedea euskal nortasuna denez uztarketa hori nola egin argitzen
eta adosten goaz. Euskal kultura, geuk egindako historia, literatura,
herri honen sentiera eta, hitz batez, gaur egun euskal izatearen
ordaina eskatzen duen jarrera kritikoa. Euskal identitatearen
osagarri hauek guztiak modu operatiboan integratzeko metodologia-baliabideak
sortzen goaz.
Ikasberri,
Azpeitiko ikastolan proiektua ulertzen dugun eran, euskalgintzaren
alorrean euskararen bakardadeari euskal nortasunaren sugarra
erantsi nahi diogu. Eta eraberean ikastolen mugimenduaren motorra,
erregai horrekin bizkortu.
Gaur
egun gure Herriak bizi duen egoeran ez dakit batzuen statusa
eta besteen estatua nola egituratu beharko ditugun. Baina dakidana
da, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan, gurasoen artean
konpartitzen ditugun arazoak argi erakusten digutela eguneroko
bizimoduan gure seme-alabak diren ikasleentzat Estatuak daukan
eragina: Hego Euskal Herriko unibertsitate batean euskaraz ikasi
nahi duten Seaskako ikasleek, Espainiako selektibitatea egin
behar dute Parisen gaztelaniaz, eta Espainiako kurrikulumarekin.
Hendaiako gazte batek EHUn euskaraz ikasi nahi badu gaztelaniaz
ondo jakin behar du eta Espainiako kultura ezagutu. Ikastoletatik
egoera hau salatu baino zerbait gehiago nahi dugu. Hain zuzen
ere, konponketa ipini lehen bait lehen . gure seme-alabak hazi
egiten bait dira azkar eta aukerak galtzen dituzte.
Horregatik,
euskalgintzaren identitate-oinarriak - hezkuntza,, hizkuntza,,
kultura, geuk kontatutako historia, literatura…-aintzat hartzen
ez dituen politika-bidea bururik gabeko jarduna da egitura makroen
aldaketa-egarriak guztiz bidezkoak badira ere. Beraz, euskalgintzan
gabiltzanoi, kasu honetan ikastoloi, tratamentu egokiagoa zor
digutela azaltzeko une aproposa da Erriberako bidea Oinez egitera
goazen honetan.
Euskal
Herria berreraikitzeko behar ditugun aipatutako lehengaiak gure
eguneroko lanean lurralde guztien artean adosten gabiltzan ikastoloi,
herri honi dagokion eskola nazionalaren motorra garenez, duintasunezko
tratamentua zor zaigu, eskuraezina delako, lurralde bakar baten
gainean edo, gizartean oinarritu gabeko proiektu batean, euskal
etxe egonkorrik zutik finkatzea.
Datorren
igandean Tuterako ikastolako Nafarroa Oinez egiterakoan, hori
barneratzea helburu garrantzitsua lortzea litzateke. Espero
eta desio dut hala izatea.
|