» español   » euskera   » français   » english


» About Nabarralde

» Subscription

» Map of Navarre

» About Navarre
   History
   Language & Culture
   Adm/Territorial Division

» Navarre papers
   Environment
   History
   Identity
   Patrimony
   Roads
   Sovereignty
   Society
   Symbols
   Women

» Programs
   Special events
   Talks
   Newsletter/Magazine
   Articles distributed
   Content creators

» NA-leku

» Store

» Contact us

Goldearen sakontasun nabarraz

Gaizka Aranguren

Hamabi mende joan dira, Europako Hego-mendebaldeko txoko honetan bizi zen komunitatean oinarrituta, Iruņeko Erresuma sortu zela. Lehenagotik inolako egituraketa instituzional edo politikorik egon bazen ere, IX.mendera arte ez dugu horren froga dokumentalik. Ordudanik, ordea, agerikoa da euskaldunen egituratze politikoa.

Horren historia politiko sakon eta zaharra ukan duen herri gutxi dago Europan. Gaur egun bizirik dirauten Europako zenbat komunitatek edo naziok zuten bere burua nolabaiteko egitura politikoz jantzita IX. mendean? Ez da erraza bakar bat ere antzematea.

Kultura eta hizkuntzaren ikuspegitik horren ibilbide luzea ukan duen komunitate hau izan zen, hain zuzen ere, politikoki egituratzen lehenengoetarikoa. Alta, ongi aski ez dakigun arrazoirengatik, aitzindari politiko nabarmen horiek ez dira ia inondik ageri XX. mendeko burujabetzaren aldeko erakunde politiko, elkarte kultural eta ekimen sozial nagusien ahotan.

Amaren suaren biziraupena bermatu ahal izateko egituratze politiko burujabearen alde aritu diren gehienek, Aitaren etxe asmatuen uhinen arabera moldatu dute diskurtsoa. Eta diskurtso hori erreferentzia historiko usteletan oinarritu dute gainera.

Ez da, ordea, erreferentzialtasun historiko ustelak agerian uzteko garaia soilik. Izan ere, gaur egungo egoera kultural, politiko eta instituzionaletatik abiatutako estrategiei buruzko hausnarketaren atea irekita baitago. Eta hausnarketa bizigarri horretan murgilduta, bai, goldea erabiltzea ezinbertzekoa zaigu. Baina goldearen tamaina eta egiteko gai den ildoaren sakontasunak berebiziko garrantzia duelakoan nago.

Duela gutxi, Jon Sarasuak, orrialde hauetan bertan egiten zuen goldearen aldeko apustua. Bere ideietan, baina, goldea baino, laia ikusi nuen. Orain arteko abertzaletasunaren ildo berean laien arteko desberdintasunaz aritu zitzaigun. Bai eta sakonera handiagoko laien beharraz ere. Alta, nire ustez, laiak ez du beharrezko dugun ildoa egiteko adina indar eta neurririk. Traktore berri eta potenteenaren zaldi guztiak behar ditugu azken 120 urteotako abertzaletasunaren ildoa iraultzeko. Hots, ezin dugula betiko erreferente, imaginario kolektibo eta diskurtsoan oinarritutako azaleko iraulketa hutsa egin.

Orain arteko zimentarrietan oinarritutako diskurtso abertzalea euskaroen hizkuntzari eutsi ahal izan dioten eskualdetako ereduari jarraikiz egituratu da. Horren ondorioz, imaginario kolektibo salatiak pagadi-pinudiz-inguratutako-larre-berdearen-erdian-ageri-den-baserri-zuria du eredutzat. Noski, baserri zuri horretan bizi direnak euskaldunak dira eta sudurra handi samarra dute -uler bekit karikatura-. Nahi ala ez, eredu horrenganako joera nagusitu da. Nafarroa Atlantiarreko eskualdeetako koadroa da eredua. Baina, horren arabera jositako eta eraikitako erreferenteak eskualde horietan dira soilik baliagarri. Ezer gutxi gehiago. Baserrien fenomenoa (XV-XVI. Mendean hasi zena) betikoa dela ematen du imaginario horren arabera.

Baina euskaldunon lurraldea zabalagoa izan da eta bada. Eta ez zait bidezkoa iruditzen lurraldetasunak garrantzirik ez duela erratea -eta hau ez diot Sarasuaren artikuluagatik bereziki-. Izan ere, horrelako iritzien arabera, euskararen gibeleratzea zilegitzat jo eta nafar Ekialdeko Foru Komunitate espainiarreko Gobernuaren hizkuntz politika, egokia izateaz gain, onargarritzat joko baigenuke.

Aretxabaletakoek, Lekeitiokoek, Azpeitikoek edo Goizuetakoek euskarari eutsi ahal izan badiote, bertzeak bertze, eta bereziki, Tafallakoek, Biasterikoek, Tuterakoek eta Zangozakoek galdu dutelako izan da. Gure lurraldeotatik igaro diren kultura, zibilizazio, hizkuntza, eta herri guztiak Ager Vasconumen pausatu dute bere burua eta ez Saltusean -azken 125 urteotako inmigrazioak salbu-. Eta Ager-ekoak guzti horren emaitza aberats bezain akulturizatua gara, bidean altxorrik preziatuena galduta ere.

Estrategia politikoen oinarrian dagoena diskurtso osatu jakin bat da; eta diskurtsoak erreferentzia historikoz, ohituraz, hitzez eta imaginario kolektiboz eraikitzen dira -terminologia horren isla da-. Bilatzen den eredua XIX. mende amaierako kostaldeko egoera politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean badatza, orain arte gertatu den bezala, landu nahi dena bertze ezer izanen da, baina ez Aitaren etxea (etxe berdinaz ari baldin bagara, bederen). Amaren suaren garrak Aitaren etxearen Ipar-Mendebaldeko gela berde txikietan gorde bada ere, ezin pentsa dezakegu gela heze horien araberakoa edo neurrikoa denik Aitaren etxea. Bai, Euskal Herria euskararen herria da. Baina zeren arabera murriztu da euskararen herria azken 2000 urteotan? Zeintzu dira XIX. mende amaierako euskararen eskualdeen araberako Euskal Herria oinarritzat hartzeko irizpideak? Borondatea?

Bai, borondatea. Erreferentzia atlantiarrez jositako XX.mendeko diskurtso abertzalearen arabera moldatutako borondate tranposoa. Frankoek lehenik, Gaztelak ondoren, Espainiak gero eta Frantziak azkenik higatutako korpus politikoaren pusketa kultural-linguistikoak hartu, historia berezia asmatu, eta 100 urtetan moldatutako eraikin prefabrikatua.

Baten batek erranen du: Amaren suari behar duen aterpea eskaintzeko balio badu, gaitzerdi. Ildo horretatik abiatuta, NFK-aren hizkuntz eremuak edo Ipar-Ameriketako erreserbak eredu lirateke.

Amaren suari zor diogu bizitza euskaldunok. Baina, erran izan den bezala, Amaren surik ez dago Aitaren etxerik gabe. Duela 120 urte zenbaitek hasi zuten bidea antzua zaigu. Goldeak sakonago sartu behar du. Azken hamarkadetako eraikin prefabrikatuen eskonbroak agerian utziko dituen ildoa zabaldu beharrean gaude. Duela 800 urte jasaten hasi ginen higadura agerian utziko duen ildoa. Aitaren etxea dagokion zimentarrietan berregin behar dugula erakusten digun ildoa. Eta ildo hori ez dugu laiarekin irekiko. Ildo nabarra baita. Guztiz Nabarra.