<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

Erromatarrak Euskal Herrian

Erromatarrak Euskal Herrira iritsi zirenean, euskal tribuen berri zehatza eman ziguten erromatar berriemaileek. Sei tribu edo giza-talde bereizi zituzten: akitaniarrak, baskoiak, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta beroiak. Kontuan hartu behar da orduko Euskal Herria egungoa baino askoz ere zabalagoa zela eta gaurko lurraldeez gain, Errioxa, Bureba-Burgos, Aragoiko iparraldea eta Akitania hartzen zituela bere baitan. Gainera, euskara bertako hizkuntza naturala izateaz gain, euskararen lur eremua egungoa baino handiagoa zen.

Erromatarrak K.a. 178an iritsi ziren lehen aldiz Euskal Herrira Ebro ibaian gora, urte horretan Gracurris (Alfaro) hartu zuten eta bi mende behar izan zuten euskal lurra osorik menderatzeko. K.a I. mendean gerra zibila piztu zen Sertorio eta Ponpeioen artean. Sertoriok Caskante eta Gracurris arpilatu zituen, "erromatar osteak baskoien herrialdera abiatu ziren bihi ugariekin horniturik", baina, Ponpeio izan zen garaile. Garaileak Ponpaelo sortu zuen (K.a. 75 - 74), Iruņea herri zaharraren gainean, Pirinio hegoaldea, Arabako lautada eta Ebrorako bideen giltza zena. Gudu bidez Inperioa handitzeko bidean, K.a 56an antzinako Akitania mendebaldea (Novenpopulania) konkistatu zuten eta, K.a. 19an, lurraldea osoa, Pirineoak barne, legio baten menpe geratu zen.

Euskaldunek gerrilla erabiliz aurka gogor egin eta bizimodu tradizionala mantendu bazuten ere, ezin da ukatu erromatarrek euskal kulturan izan zuten eragina. Alde batetik, teknika berriak ekarri zituzten, goldea esaterako; bestetik, latinak eragin handia izan zuen euskaran, lexikoan batez ere mailegu ugari jaso zuen: tipula, gela, gauza, zaku, gurutze, gorputz eta abar. Hala eta guztiz ere, erromanizazioa Akitanian, Gipuzkoako kostaldean eta hegoaldeko lautadetan (Ager Vasconum) gertatu zen bereziki; zuhaina, mahastiak eta olibadiak emankor ziren lurretan oinarritutako nekazaritza nahi izan zuten. Mendialdean, berriz, (Saltus Vasconum) erromatarren eragina txikiagoa izan zen; meategien ustiaketa soilik interesatzen baitzitzaien.

Erromatarrek harbideak eraiki zituzten indigenek historiaurretik erabilitako pasabideen gainean. Harbide sare oso batek Euskal Herria zeharkatzen zuen, Bordeletik, Orreagan barrena, Iruņeraino eta Tarraco Mediterranear hiritik Leongo Asturicaraino. Bide hori Bordelera olioa eta gatzuna garraiatzeko erabiltzen zen eta garrantzi handikoa izan zen I. eta II.a mendeetan.

Euskal Herriko hegoaldean ugariago dira aztarnategi erromatarrak. Erromabide bazterretan hiriak edo "Villa"-k sortu ziren pixkanaka. Maila politiko gorena zutenak "Kolonia"-k ziren eta bertan ez zegoen garaile eta garaituaren arteko bereizketarik. Beheragokoak ziren "estipendiarios" izenekoak, Andelaos (Mendigorria) esaterako, eta horiek zergak ordaindu behar izaten zuten; beste batzuk, Gracurris adibidez, eskubide latindar zaharrei loturik zeuden. Maila baxukoen gotorleku eta hiriguneak ziren.

Ager Vasconum eta Novenpopulanian kolonizazioa bultzatu zuten erromatarrek nekazaritza-jabariak, fundo edo villak izenekoak sortuz. Horiek nekazaritza- eta lurralde-unitateak ziren eta, esklaboak eta kolonoak egiten zuten lana bertan. Toponimian geratu dira latifundio horien aztarna ugari: -han -aro- -ona -ain eta beste zenbait bukaera duten izenetan eta nafar-erromantzearen sorreran izan zuten eragina.

Itsas aldeko Baskonian aztarna gutxiago badira ere, garrantzizkoak azaldu dira Gernikako itsasadarrean eta Oiartzun-Irun bailaran, Flaviobriga eta Oiarso izeneko aztarnategietan aingura eta metal aztarna ugari aurkitu baitira. Izan ere, eremu horietan erromatarrek zeukaten interesa meategiak ziren; Somorrostroko Trianon burdin meatzeak eta Oiartzungo Arditurrin blenda meatzeak.

Garai hartan Oiarsounako portuak ekonomia-harreman estuagoak zituen Bordele eta Akitaniarekin Hispaniarekin baino; Saltus aldeko mendialdetatik, Baigorri eta Banka-ko meatzetatik, kobrea eta burdina ateratzen baitzuten eta, horiekin batera, basoetako egur ustiaketa ere garrantzia handia baitzuen.

Iturria: Elhuyar/ Gaiak/ Manex Goyhenetche