Iruña-Veleia: hiru urte lotsagarri

Azaroan hiru urte bete dira Arabako Aldundiak Lurmeneko arkeologoak kanporatzea eta auzibidean jartzea erabaki zuenetik, euskal unibertsitate publikoko irakaslez osatuta zegoen Batzorde Laguntzaile Zientifikoa deiturikoak egindako txostenetan oinarrituta.

Iruzur ekonomikoa leporatuz Lurmenen aurka aurkeztutako bi kereilak aspaldi artxibatu ziren, epaitegiak ez baitzuen delitu zantzurik aurkitu, eta hirugarrena, Eliseo Gili eta haren bi laguntzaileri ondarearen aurkako kalteak eta faltsifikazioa egotzi nahi diona, hasieran bezalaxe dago, epaileak ez du inolako akusaziorik gauzatu euren aurka.

Baina hala eta guztiz ere Gil jauna kondenarik gogorrena betetzen ari da. Behin eta berriz harrikatu dute denen aurrean, faltsutzailea izatea leporatu diote disimulu handirik gabe hainbat Batzordekidek eta kultura diputatu ohiak, zenbait hedabideren laguntzaz. Une honetan Eliseo Gil, Arabako arkeologorik onenetarikoa zela esaten zen gizona, difamazioaren eta desohorearen infernuan aurkitzen da, justiziaren Damokles ezpata buru gainean duela, eta bere ofizioan lan egiten jarraitzeko aukerarik gabe. Idoia Filloyren egoera ere bitxia da: haren aurkako kereilak artxibatuta egon arren, Eliseoren antzeko kondena betetzen jarraitzen du.

Aurreko diputazioa, bere kultura-diputatu andere adoretsuak gidaritzapean, Gil zuzenean kriminalizatzen saiatu zen. Grafologo bat kontratatu zuen horretarako. Iruñan udan ospatzen ziren jokoetarako (Ludi Veleienses) egin ziren letrinak eskuratu zizkion grafologoari, komunetan arkeologoek txantxa gisa marraztutako irudiek eta idatzitako graffitiek behin-betiko frogatuko zutelakoan Eliseo zela faltsutzailea. Dirudienez, diputatu anderea sinetsita zegoen ezohiko ostraka guztiak (400etik gora) esku berberarenak zirela, komuneko marrazkiak eta idazkiak bezalaxe. Eliseorenak, alegia. Baina txostenak ez zuen diputatua ase; izan ere, «norabide egokian» jo arren, ondorioak ez ziren bete-betekoak. Hau ikusita, beste grafologo ausartago bat kontratatu zuen, zeinek 36.000 euro ziztrinen truke txosten perfektua egin zion: ondorioztatu zuen den-dena esku berarena zela, «neurona-sare berberarena», hobeto esanda.

Txostena berehala iragazi zuten prentsara. Arabako egunkari salduenak erreportajea egin zuen lehendabizi, lehen orrialdeko titular honekin: «Grafólogos apuntan a Eliseo Gil como el autor de los falsos grafitos de Veleia». Handik bi hilabetera euskarazko egunkari bakarrak beste erreportaje zabal bat eskaini zuen izenburu honekin: «Grafologoek ere ondorioztatu dute Veleiako euskarazko idazkunak modernoak direla». Baina badirudi Arabako diputazioaz gain bi kazetariak izan direla txostena eskuetan eduki duten bakarrak, ezen akusatuta dagoen parteak behin eta berriz eskatu arren ezin izan baitu agiria eskuratu. Susmoa dugu erretiratu egin dutela, parte akusatzaileak aspaldian ez baitu aipatu ere egiten. Batere harritzekoa ez den gauza, dena esku batena dela dioen teoriak barre-algara sortzen baitio ostrakak arreta apur batez aztertzeko astia hartu duen edonori. Baina oihartzun mediatikoa lortuta zegoen.

Askok ez genuen ulertu zela jausi zen euskarazko egunkaria difamazioaren jokoan, kontuan izanda bera ere antzeko prozesu baten biktima izan dela, lehenengo itxi, gero demonizatu eta azkenik kondenatzen saiatu baitira, oraindik amaitu ez den gurutze-bidean. Ulertu ez genuen bezala zergatik euskal argitaletxe indartsuenak faltsifikazioaren tesia ontzat ematen zuen kazetari bati liburua enkargatu zion, kontrakoa defenditzen zuten bi orijinal, tartean nirea, atzera bota ondoren.

Esan beharra dago hiru urte hauetan polizia judizialak ez duela ustezko faltsutzailearen eta faltsifikazioaren arrasto txikienik ere aurkitu, eta Batzordekideek ez dutela faltsifikazioaren aldeko argudio berri bakar bat ere ekarri. Bitartean, haien ongi ordaindutako txostenak lotsagarri geratu dira Lurmenek epaitegian aurkeztu dituenen aurrean. Interneten kontsulta daitezke. Oso ongi landutako hamazazpi txosten dira, bederatzi naziotako hainbat ikerlarik eginak, espezialistak grafitoetan agertzen diren gai ezberdinetan, eta denen ondorioa da benetakoak izan daitezkeela. Hori bai, aho batez diote ezinbestekoa dela arkeometria laborategi on baten ebazpena auzia betiko erabakita gera dadin. Petit dètail: inork ez du euro bakar bat ere kobratu bere lanarengatik.

Baina ez genuke zuzen jokatuko desastrearen arduradun nagusiak seinalatuko ez bagenitu: kulturako diputatu ohia eta hura babestu zuen gobernu-taldea; bi euskal filologoak, harri-bola bueltaka jarri eta latinistak, epigrafistak eta abar grafitoen faltsutasunaz konbentzitu zituztenak; Batzordekoko arkeologoa, epaile izatetik indusketako zuzendari izatera igaro zena, diputatu andereak atzamarrez izendatuta. Ezkutuko pertsonaiaz ez dugu oraingoz ezer esango. Eta adiskideak egiten ari garenez, zergatik ez aipatu alderdi politikoen jarrera jarraitzailea, batez ere abertzaleena, salbuespenen bat egon bada ere; eta unibertsitateko irakasleak, zenbait oso kritikoak eta borrokalariak beste gai batzuetan, baina ezer ez dakitenak eta jakin nahi ez dutenak auzi honetan. Eta euskarazko blogen bat, eta komikilariren bat, eta… Baina ez dezagun jarraitu.

2010eko udan zuzendari berriak hasiera eman zion aztarnategiaren «aro berriari». Hondeamakina handi bat erabiliz 8.000 mÇ induskatu zituen jesus batean. Lehenengo egunetik Epaitegian salaketa ezarrita eta langintzaren argazkiak eta bideoak Interneten ipinita egon arren, inork ez du ahorik zabaldu goialde horretan.

Badirudi azkenean analisiak egin egingo direla. Urtebete da Epaitegiak Guardia Zibilari aditu-froga enkargatu ziola. Oraindik ez dago emaitzarik. Duela gutxi epaileak, fiskalaren eskariz, beste froga bat enkargatu dio Ertzaintzari. Zentzunak dio laborategi espezializatu batek soilik erabaki dezakeela auzia. Lehenbailehen, mesedez, hiru urteko gurutze-bidea nahikoa da eta.

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-12-30/004/001/irua_veleia_hiru_urte_lotsagarri.htm