Sarrera Egunekoa XXI. mendeko bertsolaritza

XXI. mendeko bertsolaritza PDF fitxategia Print E-posta
Beñi Agirre   
DATE_FORMAT_LC2

Euskaraz dakien eta ez dakien jende askoren ahotan dabil BECeko bertsolari txapelketaren kontua mintzagai. Badago arrazoirik horretarako. Estatu propiorik ez duen Europako eremu urriko lurralde batean, bertako hizkuntzan, era masiboan egiten den kultur ekitaldi ahaltsuenetako bat antolatzen da. Bizirik iraute nahiaren adierazpen boteretsua, alajaina.

Izan ere, gauza jakina da beti nagusitu izan direla ez hizkuntza indartsuenak, baizik eta indartsuenen hizkuntzak. Esango nuke euskal jendea indartsua dela gure herrian. Egungo bertsolaritzaren loraldi hau izate horren adierazpide edo ispilua dela iruditzen zait. Jakina da, berriz, Mitxelenak esaten zuena: Euskararen benetako misterioa ez da jatorria, iraupena baizik. Erdi Aroko trobalarien formatu berean, XXI. mendeko bertsolariek ikus-entzuleekin nola egiten duten bat sentitzea, albokoaren zirrara nola doan inkreszendo nabaritzea, isiltasuna entzutea… Badago hor zerbait Erdi Arora baino atzerago garamatzana eta iraupenaren gako batzuk ere argitu ditzaketenak.

Bata izan daiteke euskararen bilakaera eten ez izana historia osoan zehar. Kontuan hartu behar da euskararen herria, historian hizkuntza honek hartu izan duen lurralde zabaleneko zentsuan, izakien pasaleku garrantzitsua eta etengabea izan dela Europan bizitza izan denetik gaur egun arte. Pirinioetako mendilerroa inoiz ez da izan gaindi ezineko muga, ez pertsonentzat ezta animalien joan etorri librearentzat ere. Batzuetan, migrazio hauek masiboak izan direnean edo konkista bidez beste kulturak lurraldean nagusikeria ezarri dutenean, hizkuntzak haien eragina jasan izan du. Jasan eta aberastu, baina euskarak gaurdaino mantendu du bere erro ez indoeuroparra.

Bestea izan daiteke euskara dela benetan hemen sortutako (Garona eta Ebro bitarteko baino eremu zerbait zabalagoan) hizkuntza bakarra. Beste guztiak; zelta, latin-erromantzea, arabiera, hebreera, frantsesa edota gaztelania beste lurralde batzuetan sortu eta une historiko eta jakineko gertakariak medio, inportatutako hizkuntzak dira. Euskara aberastu bai, baina, oraingoz eta eremu murritzago batean ordezkatu ez dutenak.

Beste bat ere izan daiteke, esaterako, euskara beti egon dela herri xeheari ez ezik bertako botereari ere oso lotuta. Ez da ahaztu behar hasieran esaten genuen moduan, beti nagusitu izan direla ez hizkuntza indartsuenak, baizik eta indartsuenen hizkuntzak. Euskarari botere nagusitik egin zitzaion lehen aipamen ofizial idatzia Nafarroako erregeak egin zion; 1167an, Araba, Durangaldea eta oraingo Gipuzkoa erresumaren barruan zirela, Antso VI.a Jakitunak lingua navarrorum deitu zion euskarari. Latinezko testu batean, bai, eliza tarteko hemen eta inguruko beste guztietan egiten zen bezalaxe. Orduan ez zegoen Euskaltzaindirik, euskara edo nafarrera ez zegoen arriskuan.

Gaztelaren espantsio goseak eraginda Elio Antonio Nebrija (1441) gramatikari eta politikoa etorri zen arte. Hari egozten zaion esaldi batetik dator inposizioa. Alegia, betidanik izan da hizkuntza inperioren bidelagun esaldia, helburu bihurtu zenean. Historiografia ofizialak sinetsarazi digunaren kontra, Nafarroako erreinuak indarra izan duen garaian eta eremuan izan du euskarak onespena ez ezik bultzada ere. Akaso ez al daude euskararen iraupenaren misterioaren katebegien artean, telebistaz emandako XXI. mendeko bertsolarien txapelketa eta Nafarroako erregina zen Joana III.a Albretekoak Joanes Leizarragari Testamentu Berria euskaraz jarri eta inprimaraztearen artean kate osoa eten ez izanaren ulertzeko gako batzuk?