Enrike Lekuona

Enrique_Lekuona

“Itsasoa begietan darama” Hori pentsatu nuen Enrike Lekuona ezagutu nuenean. Ez nekien itsas-ingeniaria zenik baina itsasoak nigan sentiarazten duen naretasuna ekarri zidan gogora. Urrutira begiratu behar duzu itsasoaren handitasuna antzemateko, begirakunea behartu, ia begiak itxi. Denbora luzez  begiratuz gero begi ertzetan zimurrak sortzen zaizkizu, ildo sakonak. Enrikek horrelako begiak zituen urteak eta urteak itsaso zabalari begira egon izan bailitzan.

Zimur arteko begi hertsi haietan, ordea, itsaso narea zeraman bilduta. Lanbro artean, ukitu tristea baina beti itxaropentsu.  Baina Enrikeren begiak beti harago zeuden. Geroari begira, askatasunari begira eta baita ere gure arbasoei begira.

 

Akuarela

Enriqueren akuarela

Itsasoak zaildutako gizonak erakutsi zigun gure sustraiak Amaiur eta Auritzen dauzkagula. Urtero-urtero ibiltzen zen indusketa lanetan murgildurik Arantzadiko kideekin batera.

 

Muinohandi

Muinohandi herri harresitua (E. Lekuona)

Gizon nekaezina Enrikek, Mariñela egurrezko arrantzontzia Hondarribiko kai zaharrean ainguratu zuen inork ez ahazteko gure arrantzaleak nola ibiltzen ziren itsaso zabalean. Jendeari erakutsi nahi zion; berak diseinatutako eskilarak, berak zaindutako baporera iristeko. Bertan erori zen. Gugan bego Enrike Lekuona euskaltzale maitagarria.

Zuzeu