Inicio Nabarmena Nazio martxa egingo du larunbatean Nafarroa Bizirik taldeak, Iruñean

Nazio martxa egingo du larunbatean Nafarroa Bizirik taldeak, Iruñean PDF Imprimir E-mail
Berria   

Duela 500 urte burujabetza «lapurtu» arren «Nafarroa, Euskal Herria bizirik dagoela» erakustera dei egin du

Espainiak konkistatu egin zuen Nafarroa duela 500 urte, Espainiako historialariek oso bestelako bertsioa eman duten arren. Seguru dago horretaz 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimendua. Gertaera salatzeko, martxa bat antolatu du larunbaterako, Iruñean. Egun osoko egitaraua prestatu du; tartean, Martxa Nazionala.

«Konkista eta ondorengo garaia gogorra izan zen, eta ez baketsua», azaldu du aldarriaren zergatia azaltzeko. «Horrek kontraesanean jartzen du 'berdinen arteko hitzarmena' izan zela dioen bertsioa». Areago, Nafarroako eta Espainako erresumen bat egitea «zoriontsua» izan zela dioen interpretazioa asmo txarrez egina dela dio, «egungo Nafarroaren egoera legezkotzat jo nahi baitu».

Bost mendez «konkistatuta» egon direla sentitzen dute taldeko kideek. «Menderatu nahi izan gaituzte; gure nortasuna lapurtzen eta zer izan garen ezkutatzen saiatu dira», diote. Baina ezin dutela «burutik kendu» duela 500 urte «lapurtutako burujabetasuna». Hori dela-eta, «Nafarroa, Euskal Herria bizirik dagoela egiaztatzeko» larunbatean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko gonbita egin dute.

 

Nafarroaren konkistaren V. mendeurrena

«Nabarrismoa deseroso dago»

Nafarroaren konkistaren inguruan eztabaidatu dute 'Berria.info' webgunean Floren Aoizek eta Mikel Sotok

 

Iragan astean Felipe Borboikoak adierazi zuen duela bost mendeko konkistarekin Nafarroak «betiko norabide hispaniarra» berreskuratu ahal izan zuela. Alabaina, esparru ofizialetan ia oharkabean igaroko da mendeurrena, eta, horregatik, Floren Aoiz historialariari bereziki deigarria egin zaio. Ospakizun arranditsuetan dirua xahutzea orain gaizki ikusia badago ere, haren ustez, aditzera ematen du «zein deseroso» bihurtu zaion konkistaren auzia nabarrismoari: «Izugarrizko data garrantzitsua da eurentzat Nafarroak norabide hispainiarra berreskuratu zuelako. Asko lukete ospatzeko, eta nola gainera... Bada, ez dute ezer ospatzeko asmorik».

Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak gidatutako mahai inguruan, Nafarroako konkistaren inguruan solastu dira Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea eta Floren Aoiz. Aoizek bereizi egin nahi izan ditu gertaera historikoen gaineko bi esparru: bata, historiaren ikerketaren eta analisiaren eremua; eta bestea, lehia ideologikoarena. Historiaren ikerketari dagokionez, gaur egungo historiografiak argi uzten du 1512an hasitako prozesua «konkista bat» izan zela: «Gaur egun, oso zaila da defenditzea hura ez zela konkista».

Lehia ideologikoari dagokionez, Nafarroako politikan konkistaren auziak garrantzi berezia du, hein handi batean egungo nabarrismoaren eraikuntza ideologikoaren oinarria delako 1512ko gertaera hura. Aoizen ustez, gaur egun konkista izan zela onartuta ahuldade politikoa erakusten du nabarrismoak. «Miguel Sanzek onartu zuen konkista bat zela, ados, baina konkista hura onuragarria izan zela Nafarroarentzat. Espainia erreskatatzen ari dira. Benetan konkista hain onuragarria izan zen?».

Sotok interesgarritzat jo du interpretazio hori, eta «oso inportantea» deritzo UPNren inguruko sektoreen deserosotasun horri «ahal den baliabide guztiekin» aurre egitea. Dena den, era berean, iragana ezagutzeko historia garrantzitsua dela azpimarratu arren, iritzi dio arriskutsua dela posizio politikoak finkatzeko historia erabiltzea. «Nik nahiago dut oraina erabiltzea, iragana baino», adierazi du. «Kontu handiz erabili behar da, historia motibazio iturri delako eta arrazoi ematen dielako motibazio politiko guztiei. Neurtzen jakin behar da», zehaztu du.

Alde horretatik, «modu zirikitzailean» Txalapartako editoreak konkistaren mendeurrenaren inguruan sortzen ari den mugimenduaren gaineko artikulu kritikoa argitaratu du berriki. Haren ikuspuntutik, ikuspuntu historizista horrek muga erakutsi du Nafarroako eremu batzuetan abertzaletasuna hedatzeko orduan. Era berean, iruditu zaio ez dela onargarria ikuspuntu historizistaren inguruan jarrera kritikoa duten ezkerreko sektore abertzaleen aurka presio talde batzuek erakutsitako jarrera.

Aoizek argi du lehia ideologikoan ez duela energiarik xahutu nahi «etxean» izan daitezkeen eztabaida korapilatsuekin. Dena den, kontzeptualki «matxinatu» egiten da zenbaitek Nafarroa «Euskal Herriaren ondare historikoaren biltegi» bihurtu nahi dutenean. «Nafarroak ez dio Euskal Herriari iragan handi bat ematen. Afera da etorkizunari begirako perspektiba izatea, iragana aintzat hartuta».

Mahai inguruaren bideoa hemen ikusgai

www.berria.info

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2012-06-13/008/001/nabarrismoa_deseroso_dago.htm#despiezea1