Konkistak ernatutako artea


Bi arte erakusketa sortu ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformak: sarerako bata, herri eta museoetarako bestea

1512Asmoa, lehenagokoa zen; irudia, oraingoa. Nestor Basterretxeak sortu du 1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformaren logotipoa. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenean, memoria historikoa aldarrikatzea eta nafar nazionalitatea berreskuratzea da haien helburua, eta ildo berean aritu da Basterretxea ere bere sorkuntza lanean. Grabatuaren izenburutik bertatik ageri da artistaren eta elkartearen xedeen arteko sintonia: Neguaren ostean… ernatu da zuhaitza. «Optimismo baieztapen bat da», autorearen hitzetan. Pieza hori ez da izango, ordea, Nafarroa Bizirik elkartearen ekinbide artistiko bakarra. Bi arte erakusketa antolatu dituzte: sarerako bata eta herri eta museoetarako bestea.

Luzea da sarean antolatu duen arte erakusketan parte hartzen duten artisten zerrenda, eta pisuzko izenak dira haietariko batzuenak: Basterretxea, Xabi Otero, Juan Gorriti, Angela Moreno… «Urte osoan eguneratuz joango den bilduma bat osatzea». Hori da elkartearen helburua, Josu Moreno 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeko kideak azaldu duenez. Horregatik, irekita dago atea parte hartu nahi duten artista guztientzat. Beren ibilbidearen nondik norakoak azaltzen dituen testu bat, beren lanaren lagin bat eta beren argazki bat bidali beharko dute horretarako.

Nafarroako konkista izango da herriz herri eraman nahi duten erakusketaren gaia. Ardatz horren ingurukoak dira bilduma horretan sartuko dituzten sorkuntza lanak, eta web orrian daude haietariko batzuk ere: Xabier Morras, Peio Azketa, Teresa Sabate… Berrogeita hamar artista baino gehiago izango dira guztira. Dituzten asmoen adibiderik ikusgarriena Morras pintorea prestatzen ari den murala dela esan daiteke. Konkistari buruzko margolan erraldoi bat ari da prestatzen, eta urteak beharko ditu lana burutzeko. Berrehun bat erretratu izango ditu piezak, eta 2021erako bukatu nahi luke, Amaiurko gazteluko gudu ezagunaren 500 urteurrenerako, hain zuzen ere.

Oraindik ez dute egun zehatzik iragarri, baina ziurtzat jotzen dute Gernikako museora eramango dutela erakusketa, eta baita Donostiako San Telmo museora ere. San Telmon egingo dute aurreneko erakusketa.

Basterretxearen lana dago guztiaren oinarrian. Haren grabatuak izango dira ekinbidearen finantzaketa bide nagusietariko bat. Hirurehun euroren truke jarri dituzte salgai, eta 300 kopia saltzeko asmoa dute. Hiru sailetan egin nahi dute salmenta. Maiatzaren 12ra artekoa izango da lehen saileko piezak eskuratzeko epea, eta etxez etxe banatzeko sortu duten egunkaria finantzatzeko erabiliko dute dirua. Ekainaren 16an Iruñean egingo dute ekitaldirako erabiliko dute bigarren grabatu sailarekin lortutako dirua. Zezen plaza alokatzeko. Arte ekimenak bultzatzeko izango dira azken ehun piezen truke lortutako sosak.

 

artea

Arte jaialdia, uda ostean

Nafarroako konkistaren gaia ardatz izango duen arte jaialdi bat antolatu nahi dute udazkenetik aurrera. Handia da asmoa. «1972an, Iruñean, Artisten Topaketak ekitaldi bat izan zen, eta mugarri bat izan zen. Geroztik, ordea, basamortu kultural bat izan da Iruñea. Grabatuekin gauzak ongi joanez gero, topaketa haien filosofia hartu nahi dugu berriz ere. Oraindik ez dago zehaztapenik, baina ez da soilik erakusketa bat izango; hitzaldiak egingo ditugu, eta Noaingo borrokaren urteurrenean esku hartze espazial bat egiteko asmoa ere azaldu da ideien artean».

Arte erakusketa birtuala ikusteko, bisitatu webgune hau:

www.arte1512.org

 

 

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-05-01/034/001/konkistak_ernatutako_artea.htm