Euskal Filologia ofiziala kolonizatuta al dago?

Azken hamarkadan, hori iradokitzen diguten kontu asko gertatu dira: ETBk bultzatutako euskalduntze berantiarra, toponimiari bizkar ematea, iberiar eta euskal zenbakien arteko erlazioa ukatzea eta 9 urte bete berri duen Iruña-Veleiari egindako erasoa.

ETBk gutxienez 8 aldiz eman duen “Euskalduntze berantiarra” euskaldun guztioi ileak tente jartzeko modukoa da. Bertan baieztatzen da euskera ez zela Nafarroara heldu III. mendera arte eta Araba-Bizkaia-Gipuzkoara, aldiz, VI. mendera arte, hau da, hizkuntza berria dela gure lurralde gehienean. Emankizunaren esanetan, Pirinioetako lurralde txiki batetik etorri zen orain dela 1.700 urte, 5.000 biztanle baino gutxiago zituen gune batetik. Handik etorri eta telebista, hezkuntza sistema zein botere politiko edo militar barik, gutxienez 150.000 biztanleri hizkuntza aldaratzeko gai izan ziren?

Zientzia alor guztiek hipotesi hori barregarri utzi dute. Soziolinguistikoki ezinezkoa da. Historiak alderantzizkoa dela frogatu du, hau da, Pirinioetako gune hori Nafarroatik joandako herritarrek populatu zutela Erdi Aroan. Bestalde, ETBk dio hemengo “mendi altuenen”  eta “ibai urtsuenen” izenak ez direla euskaldunak. Baina zeintzuk ez dira? Ez al dira Aizkorri, Jaizkibel, Larrun, Toloño, Hiru Erregeen Mahaia, Ezkaurre, Arlas, Orhi euskaldunak? Zalantzan Gorbeia eta Anboto ditugu. Horietarako proposamen batzuk daude (Go-orbea…)…

Ibai urtsuenei dagokienez, Aturri, Ibaizabal, Urumea, Oria, Bidasoa, Lea-Artibai… ditugu eta horiek ez al dira izen euskaldunak? Zalantzak daude Ebro, Deba, Nerbioi eta Okaren inguruan. Ebro iberiarra edo euskal izena izan daiteke. Deba izenean egon daitekeen “de” erroa zelten eremutik kanpo ere badago; izan ere, Kataluniako hizkuntzak gorde duela esan behar da. Iturria adierazteko darabilgu eta penintsulako iparralde osoan ikusten dugu, agian Kantabrian dagoen Fuente “De” jatorri berekoa izan daiteke. Edo Nerbioiren sorburua Ureta da eta amaieran Urbi dugu (…).

Bestalde, dokumentalak dio Mitxelena euskalduntze berantiarraren teoriarekin ados zegoela, eta hori ere gezurra da, filologo guztiek irmoki salatu beharko luketena (baina Elexpuruk eta beste bakarren batek baino ez dute egia defendatu). Ildo beretik, Joaquin Gorrochategui ETBko produkzio honetan alde dagoela agertu da. Berak bere filologiako ikasleei ez dagoela alde esaten die, baizik  eta dokumentalak bere hitzak txarto jaso zituela, bizitza osoan kontra egon delako. Dena den, orduan zergatik ez dio ETBri zuzentzeko esan sarritan errepikatzen duten dokumentala izanda?

Euskal filologia ofizialaren beste akats handi bat toponimiari eta hidronimiari bizkar ematea izan da. Toponimia, F. Zubiagak dioen moduan, gure arbasoen oihartzuna da, gehienbat izen horiek zaharrak direlako eta euskeraz ditugun erro asko, aran esate baterako, lurralde askorekin lotzen gaituela dirudielako; ez soilik penintsularekin (Aranda, Aranjuez…), Alemaniarekin ere: Arn-tal: aranaren arana izan daiteke, alemanieraz tal arana delako (T. Vennemann), Val d’Aran bezala. Edo atx-az-aitz erroa, hizkuntza askotako aizkorarekin eta toponimiarekin lotzen gaituena…

Euskal filologia ofizialaren hirugarren akats handia iberierari bizkar ematea izan da. Zenbaki iberiarrei buruz egondako eztabaidan J. Lakarra dugu hemengo ordezkari nagusienetakoa. Inolako ikasketarik ez duen batek badaki iberierazko ban (1), bi-bin, irur-kilu, laur, borste-bors, sei, sisbi, sorse, abar-bar (10), orkei (20?) eta erder (erdi) zenbakiak euskerarekin erabat lotuta daudela. Baina Lakarra jaunak egindako txostenean dio ez dagoela loturarik eta ez datozela bere teoriarekin bat.

Hemengo filologia ofiziala kolonizatua dagoela pentsatzeko azken arrazoi nagusia Iruña-Veleia dugu. Gai hau ulertu nahi dutenei Altamirari buruzko pelikula ikustea gomendatzen diegu, hemen bertan gertatutako gauza bera dugulako.

Batetik, Elizaren interesak: hango margoek Bibliak gizakiaren bilakaeraz esandakoa zalantzan jartzen zuten eta Iruña-Veleiak Elizak kristautzearen hastapenaz dioena zalantzan jarri du. Ez dugu ahaztu behar Eliseo Gil kanporatu zuen kultura diputatua Lorea Lopez de Lacalle zela eta bere gainean zegoena Rafa Larreina zela, biak Opusekoak.

Bestetik, Altamiran arkeologo frantsesen interesak kaltetzen ziren Laskaux baino zaharragoa zelako. Iruña-Veleian, berriz, EHUko Arkeologia Saila hemengo indusketa arkeologiko nagusitik kanpo zegoen eta berau bereganatu nahi zuen kosta ala kosta.

Bestelako berdintasuna: aurkitzaileen kalbarioa eta sufrimendua, bai Altamirako Marcelino Sautuolaren aldetik, bai Iruña-Veleiako Eliseo Gilen eta Oskar Eskribanoren aldetik. Marcelinok handik 17 urtera hil zen, gehienek bere kontra jarrita eta erabat isolatuta. Eliseo eta Oskar, ordea, 9 urte daramatzate Epaitegiaren mailukadaren zain. Izan ere, ia dena kontra dute: sistema judiziala, Eliza, unibertsitatea, Aldundia, eta hedabide nagusiak. Faltsuak direla sinistuko balute, haiek izango lirateke grafitoak datatzera bidaliko zituzten lehenak.

Haatik, desberdintasun batzuk ere badaude: euskera, suntsiketa, garaia eta Edward Harris. Hemen grafitoek Mitxelenaren teoriaren % 15 zalantzan jarri dute eta bere teoria eguneratzeko gai ez direnez (maila askoz baxuagoa dute eta) faltsutzat hartu eta azken 40 urte hauetako apunteak ez aldatzea erabaki dute unibertsitatean. Bestalde, Altamira ez zuten ukitu, baina hemen hondeamakina bi aldiz sartu dute eta balio handiko bi eremu suntsitu dituzte. Bigarren desberdintasuna da orain ez gaudela 1868an, XXI. mendean baizik eta, arkeometriak grafito asko datatzeko aukera ematen digula.

Azkenik, munduko arkeologorik famatuenak, Edward Harrisek, Gasteizera etorri, Eliseoren taldeko lana aztertu eta indusketak ondo eginda zeudela esan zuen. Izan ere, guztiz harritu zen datazioak nahiz auditoria ez egiteagatik, bai eta grafitoak Epaitegian ez egoteagatik, horrekin bakarrik kasua artxibatzeko arrazoia zegoelako.

Euskal filologia ofiziala kolonizatuta dagoela uste dugu, Espainiako interesen alde ari delako, gero eta argiago gainera. Gorrochateguik batez ere eta Lakarrak gutxiago, Espainiako Kultura Ministerioaren urte askotako proiektuetarako soldata paraleloak eskuratzen dituzte, zergatik? Iruña-Veleiako grafitoen analitikak hango Instituto de Patrimonio Cultural Españolen eta ez Europako laborategi prestigiotsuetan egin dira, zergatik? Euskera inguruko hizkuntzetatik isolatzea ez gaitu indartsuago egiten, ahulagoak baizik, ez al da horrela?

*Iruña-Veleiari egindako erasoaren 9. urteurrenean