Memoria, ikastolak, errua

Memoriarik gabe ezin da bizi. Memoriak jasotzen du gizakia animalien munduaren gainera, haren arimaren forma eratzen du, eta aldi berean hain da iruzurtia, hain atxiki ezina, hain traidorea». Ryszard Kapuscinski kronikari poloniarraren Herodotorekin bidaiak liburutik bereizi dut esaldi hori, eta animalen gaineko jendeon bikaintasunari buruz dioenaz ñabarduraren bat gorabehera, bat nator. Memoria gara, kontakizuna. Gene, kromosoma, zelula, ehun, hezur, odol eta gantzen antolaketa jakin honek memorian eta haren kontakizunean hartzen du zentzua. Memoria gara, kontakizuna, geure gorpuzte indibidualean bezalaxe kolektiboan.
Baina Kapusciskik ohartarazten duen bezala, nekez egongo da memoria baino zer ahul eta zalantzatiagorik: beti lilura eta desiren ertzean, beti boterearekin borrokan. Memoria, eta hartatik eraikiko den kontakizuna.
Begira, bestela, honezkero XXI. mendeko mendebalde zurian iraultza eta kontraiuraltzaren laborategi behinena den Kataluniari. Piolinez mozorrotutako borra eta tankeen mehatxua zut eta guztiaren zaindari den arren, hitz, izendapen eta irudikapenen arloan ari da gertatzen une honetako bataila, kontakizunaren —eta horrenbestez laster memoria izateko bokazioa duen horren— eremuan: Puigdemont eta Forcadell koldarrak dira, bizkar eman diete kideei ez ezik, baita independentzia asmoei ere, botere eldarnio pertsonalistek bultzatuta aritu direlako, eta ez egitasmo politiko eta sozial batek. Hasieratik bazekitelako beren bidearen amaieran amildegia eta jendarte haustura besterik ez zegoela, eta, halere, botere gosez, axolarik gabe tematu direlako. Azken batean, independentzia ezinezkoa delako, «ordena konstituzionaletik» harago bizitza posiblerik ez dagoelako. Horra laburbilduz Espainia bere gorpuzte diferenteetan egunotan etengabe errepikatzen ari den mezua, tanta txinatarraren jarraikortasun eta egoskortasunez gero jendartearen jarrera eta erabaki politikoetan mamituko den kontakizun eta memoria jakin bat zizelkatzeko asmoz.
Geurean ere badakigu zerbait kontakizunaren eta memoriaren gatazkaz —atzoko eguneko hainbat ekitalditako gorabeherak adibide—; balirudike sektore politiko guztiak jabetuta daudela oinarrizko balio eta kontsentsuetan oraina ez ezik etorkizuna ere moldatzeko kontaketaren borroka lehentasunezkoa dela. Halaber, balirudike kontakizunaren gerraren muina bortizkeriaren erabileraren zilegitasunaren gainean eta indarkeriak eragindako izugarrikerien bestekoan ardazten dela. Dudarik gabe, funtsezko auzia da hori kolektiboki osatuko bagara eta etorkizun bidezkoagoa marraztuko badugu. Baina, zoritxarrez, bataila eremu bilakatu izanak indarkeriari buruzko debate eraikitzailea zaildu besterik ez du egiten.
Eta nago memoriaren eta kontakizunaren borroka indarkeriaz haragoko zelaietan ote dabilen azken boladan. Memoriaren eta kontakizunaren borroka horretan kokatzen baitut, esaterako, ikastolei buruz zabaltzen ari den iruditeria oso bat: aberatsentzako eskola pribatu, elitista eta baztertzailearena, denak bat eta bakarra eta denboran uniformeak balira bezala. Ahaztuta zenbat langile etxetan estutu ziren eta diren gerrikoak, zenbat ahalegin egin ziren eta egiten diren endogamiei izkin egiteko —eta zenbat ikastetxe publikotan praktikatzen den esklusiboki ikastolei egozten zaien endogamia—. Ahaztuta publikoak adiera zehatza duela Frantziaren zein Espainiaren meneko euskal herrietan, eta publikoak askotan lotura handiagoa duela estatalarekin komunalarekin baino. Ahaztuta bestelako publikotasun ereduak badirela munduan. Ahaztuta «herri ekimeneko» adiera aspaldi asmatu genuela. Ahaztuta, euskal hezkuntza sistemaren gaineko eztabaida konplexua publiko/pribatu sinplifikatzaile eta gezurrezkora tolesarazi zigutela duela ia 25 urte. Ikastolak izebergaren mutur, baina, oro har, euskalduna aberatsarekin, elitistarekin eta zapaltzailearekin berdintzen duen kontaketa eta diskurtso oso bat.
Kontua da kontakizun hori geure nahi soziopolitikoak mamitzeko bidea euskal errepublika independente batean ikusten dugunon artean dabilela bolo-bolo. Geure artean, geure ekimenez, eta, esango nuke, geure kalterako. Ez ote garen ari ordezkapen mekanismo baten bidez indarkeriak itsatsitako erruduntasun zama autoflagelazio horren bidez ordaintzen.

Berria