Inicio Nabarmena 40.000 herritar, eremu ez-euskaldunetik mistora

40.000 herritar, eremu ez-euskaldunetik mistora PDF Imprimir E-mail
Garikoitz Goikoetxea   
Viernes, 23 de Junio de 2017 11:35

Parlamentuak aurrera atera du euskararen legearen aldaketa, laukoaren botoekin. 44 herri pasatuko dira eremu ez-euskaldunetik mistora, eta bat mistotik euskaldunera.

herrimistora1

Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkura. Idoia Zabaleta / Argazki Press

Hilabeteetako tramitazioa izan du, baina amaitu da bidea: euskararen legea aldatzea erabaki du Nafarroako Parlamentuak. Zonifikazioan aldaketak egingo dituzte. Udalek mozioen bidez eskatu zuten eran, 44 herri pasatuko dira eremu ez-euskaldunetik mistora. Herri txikiak dira gehienak, baina badira handiak ere tartean; esaterako, Tafalla, Zangoza eta Erriberri. Beste herri bat, Atetz, eremu mistotik euskaldunera pasatuko da.

Atetzen euskara ofizial egingo da aldaketarekin, eremu euskaldunaren ezaugarria hori baita. Eremu mistora sartu diren herrietan, berriz, ez da ofizialtasunik: herritarrek eskubidea dute erakundeetara euskaraz jotzeko, baina ez du gaztelaniaren pareko mailarik. Erakundeentzat borondatezkoa da, beraz, euskara sustatzeko neurriak hartzea.

Laukoteak babestu du aldaketa: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Euskararen legea aldatzeko adostasunik ez dute egin, eta pausotzat jo dute oraingo aldaketa. Izatez, hizpide hartu dute lege berri bat egiteko beharra; EH Bilduk eta Ahal Dugu-k argi adierazi dute beste lege bat nahi dutela, zonifikazioa bertan behera utzita.

Oposizioak elkar hartu du aurka bozkatzeko. Aurreko aldietako argudioak erabili dituzte: "inposizioa" dela aldaketa, "sektarioa", eta ez dagoela justifikatua herri batzuk eremu mistora sartzea. Bereziki gogor aritu da PSNko ordezkaria, Inma Jurio. "Euskara ez da arazoa herritarrentzat. Ez dago aldaketak egiteko eskaririk". Areago: "Gehienek ez dute euskara ikasi nahi. Minoria bat gehiengo gisa azaldu nahi duzue". Ezkerraren aurka jo du PSNko ordezkariak, aldaketa babestu duelako.

Gogoan izatekoa da beste eremu aldaketa bat onartu zutela 2010ean: parlamentuak baiezkoa eman zion Aranguren, Noain, Galar eta Belaskoain eremu mistoan sartzeari. PSNk babestu egin zuen aldaketa hura. Orain esan du ez dagoela "justifikatua" zona mistoan sartzea.

BERRIA