Euskal ikaslea, Euskal Herriko arrotza

Beñat Etxepare lizeoko ikaslea naiz. Azken urtea dut Baionako ikastegian, eta hemendik aste batera baxoa pasatu beharra dut, nire urteko beste hainbat ikaslerekin batera. Dudarik ez da Frantziako estatuaren hezkuntza sistemaren menpe gaudela. Alde batetik, berak inposaturiko programa ikasten baitugu (zer dakigu Euskal Herriko historiaz?), eta, horrez gain, Frantziako legediak dioen bezala, Frantziako hizkuntza ofiziala den eta bakarra den hizkuntza baliatu behar dugu azterketa garaian: frantsesa.
Idatzizko azterketak hemendik aste batera iraganen dira. Urtero bezala, ahozkoak beti lehenago izaten dira. Nire lehen ahozkoa Herri Urratsen biharamunean tokatu zitzaidan. Euskara zenez, eta nire ama hizkuntza izaki, aski lasai joan nintzen azterketa tokira, Baionara. Gela aurkitu nahian, sartze nagusira joan nintzen, eta berehala atzeman nuen nire izena. Euskara pasatzen zutenen taularen bi aldeetan, beste bi taula topatu nituen: txinatarra eta latinoa… Euskarak ez al du merezimendu handiagorik? Gehiago erabiltzen ez den eta munduko bigarren hizkuntza nagusiaren artean kokaturik utzi behar ote dugu, Euskal Herriko hizkuntza izaki? Ongi ulertarazi nahi digute «eskualdeko» hizkuntza baino ez dela euskara eta gure hizkuntza nagusia frantsesa dela. Sartze nagusitik gelarako bidea hartu nuen. Bertan, beste dozena bat gazte aurkitu nituen, inguruko lizeo frantsesetako ikasleak ziren gehienak. Beraien artean, arrotza sentitu nintzen, beste herri batetik datorren atzerritarra, euskara latinoaren ber mailan ikusten baitzuten. Taulak ongi adierazten zuen bezala, euskara frantsesaren ondotik zetorren, beste hizkuntza guztiak bezala (ingelesa, gaztelera…). Ez luke aurkakoa izan beharko? Ez lukete beraiek arrotz sentitu beharko?
Hurrengo irailean, nire ikasketen jarraipena Euskal Herrian egitea erabaki dut. Bizkaian, edo eta Araban. Zoritxarrez, gure ikastegiko gainontzeko gazte gehienek Frantziara joatea erabaki dute. Ama hizkuntzarekiko atxikimendua badute, eta ez dute galdu nahi. Euskaldun peto-petoak sentitzen dira, euskara maite dute. Beraz, zergatik Frantziara joateko hautu hori? Alde batetik, gure herrian gelditu ahal izateko, desmartxa astun eta aspergarria egin behar dugu: hau da, Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik Bizkaira, Arabara eta Gipuzkoara joateko. Askoz ere errazagoa izaten da Frantziara joatea. Bestalde, gaztelerarekiko beldurra. Ohartu naizen bezala, EHUn, gaztelerak izugarrizko tokia du, asko nabaritzen da, Euskal Herrriko Unibertsitatea izan arren. Eta ikastegiko ikasle andana batek ez du gaztelera ongi menperatzen, orduan lasaigarriagoa izaten da ongi menperatzen dugun hizkuntza batean ikastea: alegia, frantsesez. Behin eta berriz, arrotzatzat ikusi dut neure burua, EHUra joateko desmartxa egiterakoan. Baionan atzerritarra, EHUn ere bai; non da nire tokia? Zein tokitan sentitu naiteke euskaldun? Izan ere, hegoaldera joan ahal izateko, Madrilen kokaturiko UNED (Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala) enpresarekin harremanetan egon behar dugu, eta hainbat paper bete eta bidali behar dizkiegu. Horrez gain, EHUko webgunera jotzean, ni bezalako ikasleak «atzerriko ikasketak dituzten ikasleak» sailean kokaturik gaude… Horrek argi uzten digu EHU ere Espainiaren menpe dagoela.
Bi estatuek beraien interesen arabera inposatzen digute programa bat, izan historian, izan lehentasunezko hizkuntza zein den hautatzeko orduan (kasu honetan gaztelera eta frantsesa) normala den bezala. Orduan, gure hezkuntza sistema propioa ez dugunok ezin izango gara euskaldun sentitu, eta, orain arte bezala, euskal ikasleok gure herriko arrotz sentitzen jarraituko dugu. Nik aterabide bakar bat baino ez dut ikusten: gure herriaren independentzia, gure eskolak eta hezkuntza sistema eraiki ahal izan ditzagun. Geure burua euskalduna dela justifikatu beharrik izan ez dezagun; euskara nahi beste baliatu dezagun.

BERRIA