Katalina Foixkoa gogoratuko dute Noaingo Martxaren 26. edizioan

Nabarralde Fundazioak antolatzen duen Noaingo Martxaren edizio berria ekainaren 18an ospatuko da eta Katalina Foixkoa, Nafarroako azken erregina, gogoratuko du. Erreginaren heriotzaren 500. urteurrena da aurten.

noainmarch1

Noaingo Martxa aurkeztu dute Nabarraldeko kideek. (NABARRALDE)

Marian Perez ekimenaren koordinatzaileak azaldu bezala, «aurtengo lema Gure ondarea, gure memoria. Katalina Nafarroakoa 1517-2017 izanen da. Hala, Nafarroako azken erreginaren heriotzaren 500 urteurrena gogoratu nahi dugu. Bearnen hil zen 1517an eta bere papera erabakigarria izan zen gure lurraldearen historian. Gogoratzeak merezi du».

Nabarraldek 20 urte baino gehiago antolatzen daraman ekitaldia «bere sustraietara» itzuliko da aurten, Noain-Getze ibilbidea berreskuratuz. Akabera, beti bezala, 1521eko Noaingo bataila gogoratzen duen Joxe Ulibarrenaren monumentuan izanen da.

Martxa goizeko 11.00etan abiatuko da Noaingo Batailaren Plazatik, Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzenariak argitu duen bezala. 12.00ak aldean, «Erdi Aroko zaldunak eta erregina bera» lagun izango dituen ibilaldia Getzeko monumentura iritsiko da eta bertan pregoia irakurriko da, Ortzadar taldekoek eskainiko duten aurreskuaren ondoren. «Aurten pregoilari bikaina daukagu», azaldu duen Rekaldek. Izan ere, Xabier Irujo Amezaga ikerlari, historialari eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen zuzendari ordea izanen da edizio honetako mezua irakurriko duena.

Monumentutik jaisterakoan, Ortzadar eta Ardantzeta dantza taldeek euren erakustaldia eskainiko dute Getzeko plazan, eta ondoren bazkari bat izanen da Getze Enean. Bazkarira joateko aurretik izena ematea beharrezkoa da.

«Martxak bete-betean egiten du bat Nabarralderen helburu nagusiarekin, hau da, gure subjetu politikoaren ibilbidearen interpretazio eta berreskurapena, gure identitate kolektiboa ezarri eta sekula kontatu ez diguten errelatoa osatzeko», azaldu du Perezek. Hala, Katalina Nafarroakoaz gain, Martxak bigarren gertakari bat ekarriko du gogora: Nafarroako defentsa-lerroa osatzen zuten gazteluen suntsiketaren hasiera. «Hemendik, guztiok animatu nahi zaituztegu gure memoria historikoa gogoratu eta berreskuratzea helburu duen ekitaldi honetan parte hartzera», adierazi du Rekaldek, «gure benetako sinboloak balioan jartzeko. Helburu horrekin urte luzez daramagu lanean».

Aste kulturala Iruñean

Martxaz gain, ohikoa den moduan, Nabarraldek hitzaldi ziklo bat prestatu du ekainaren 19tik 23ra ospatuko dena Iruñeko Civican aretoan. Rekaldek adierazi duen bezala, «zikloa maila altuko historialariek» eskainiko dute. Xabier Irujo Gernikako bonbardaketaren ondorioez arituko da, Mikel Soraurenek historia osatzen duten elementuez eta identitate kolektiboaz hitz egingo du, Iñaki Sagredok duela 500 urte abiatu zen Nafarroako gazteluen suntsiketa hizpide izango du, Alvaro Adot Katalina Nafarroakoaren feminismoaz arituko da eta Peio J. Monteano XVI. mendeko Iruñean euskarak zuen presentziaz arituko da.

NAIZ