Beñi Agirre: «Atxorrotxeko gazteluaren historiak gezurtatzen du Gaztelarekin borondatezko batasun bat izan zela»

«Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik» hitzaldia eskainiko duen Beñi Agirre elkarrizketatu du Mondraberri.eus atariak.

«Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik» izeneko dokumentala aukeztuko du gaur Kulturaten Beñi Agirre historialari hernaniarrak, udaberriko hitzaldi zikloaren barruan. Atxorrotxeko gazteluak bailaran zein Arrasaten historikoki izandako garrantzia aztertu dugu Agirrerekin batera.

beni01

‘Atxorrotxeko gaztelua, denboraren talaiatik’ aurkeztera zatozte Arrasatera. Zer kontatuko duzue gaurko emanaldian?

Nabarraldek ekoiztutako dokumental bat aurkeztuko dugu Arrasaten. Dokumentala Atxorrotxeko gazteluan egina badago ere Leintz edo Deba bailararen historia kontatzea du helburu: Noiztik dugu gazteluaren berri, zein testuinguruan sortzen da eta nola zegoen antolatua bailara Nafar erresumaren barruan. Horiek izango dira gaurko hitzaldiaren gaiak.

 

Euskal Herriaren historian, zein da Aitzorrotzeko gazteluaren garrantzia?

Gaur egungo Euskal Herria ezin da ulertu egoera honetara ekarri gaituzten mugarri historikoak ezagutu gabe. Zazpi probintziak ditugu buruan, baina, zazpi lurralde horien muga-marrak ez dira inongo jainkoak diseinatutakoak. Gaur ezagutzen dugun Euskal Herria, gaurko nafarren eta baskoen arteko banaketa ulertzeko alegia, derrigorrezkoa da 1200eko konkista kontuan hartzea. Garai horretan Gaztela egin zen gure lurralde batzuen jabe, zehazki, Nafarroako itsasalderen jaun eta jabe. Orduz geroztiko historia gaztelak kontatu digun bezala ezagutzen dugu eta pasarte horiek maltzurkeriaz ezkutatu izan dizkigute. Dokumentalean, horren inguruko argibide batzuk ematen saiatuko gara.

 

Arrasate eta Deba bailarako defentsarako gotorleku garrantzitsua izan zen. Zein da gazteluaren ondare historikoa?

Delako 1200eko konkista hori Gaztelarekin borondatezko batasuna moduan kontatu izan digute. Atxorrotxeko gazteluaren historiak garbi gezurtatzen du hori. Leintz bailarako lurralde hauek eta beste hainbat, inbasio eta gerren bidez geratu ziren Gaztelaren esku. Gerra guztien azpian dagoen interes ekonomikoak eta estrategikoak ere agertzen dira hemen. Nolako garapen ekonomikoa zuen bailara honek itsasoraino? Hori ere argitu egin beharko da. Gaztelua bera oroimen tokia deitzen zaion ondare historikoen zerrendaren parte da, Amaiur, Gernika edo Arlabaneko batailak gure ondare historikoaren parte diren bezalaxe.

 

Egungo Euskal Herriak bizi duen fase politikoan, zer ekarpen egin dezake Aitzorrotzeko gazteluaren ikurrak?

Harrigarria bada ere, dokumental honetan etorkizunaz ari gara. Beti azpimarratzen dugun kontua da etorkizuna ezagutzen dugun horretatik eraiki dezakegula, diseinatu eta estrategiak antola ditzakegula, seguru dena ordea, ezezagutza edo ezjakintasunetik ezin dela ezer berririk eraiki. Aitxorrotx memoria toki bat da. Euskaldunok garen horren ikur bat. Nor garen esaten diguna, gure burua kokatzen laguntzen diguna, herri bezala partekatzen duguna islatzen duena. Herri bezala zer nahi dugun horren subjektua, nortzuk nahi dugun, definitzen laguntzen diguna da Atxorrotx.

http://mondraberri.eus/mondraberri/contenidos.item.action?id=6774427&menuId=6774427&onlypath=true