Altsasu eta zuzenbide estatua

Lege bat antidemokratikoa da baldin eta zigor bat ezartzen badu arrazoi politikoengatik. Kontsideratzen badu zenbait herritar zigortu/zapaldu egin behar direla Estatua ez errespetatzeagatik gainerakoen moduan. Halakoxea da Altsasun gertaturiko gertakarien kasua. Lege bat zilegi egiten duena Auzitegi Nazionaleko epaile izugarriaren erabaki judizial jasanezina. Lege bat zilegi egiten duena hamar urterako baino gehiagorako bidaltzea kartzelara pertsona talde bat, ez egin dutenagatik, baizik eta Estatuak interpretatu duelako egin dutena harekiko jarrera mespretxuzko, maitasunik batere gabeko baten adierazgarri dela, estatua izanik herritarren kariño guztiaren duin… Autoritarismo gogor gordina.
Autoritarismoa bazterkeria eta arbitrariotasuna da. Izendapen horren barruan sartzen da Auzitegi Nazionala bere gain harturik hainbat konpetentzia. Ez soilik Altsasuren kasuan, hitzez hitz aplikatzeagatik lege antidemokratiko bat, besteak beste hitzez hitz aplikatzearen aldekoak direlako —hitzez hitzekotasuna zenbat eta zapaltzaileago izan, are eta gehiago—; baizik eta, halaber, hainbat konpetentzia bere egiten dituen Auzitegi Nazional bat egoteagatik, horrek berak dakarrelako desberdintasunean oinarrituriko sistema bat ezartzea. Gure kasuan, egitateekin batere zerikusirik ez duten kausengatik, baizik eta halako konpetentzia Auzitegi Nazionalari emana dioten arrazoi hertsiki politikoengatik, Altsasuko gazteei kendu egin diete nork bere epailea izateko eskubidea, gainerako guztientzako ezarria den horixe. Auzitegi Nazionalak, bada, bere gain hartu du Estatu autoritario baten beso judizial izateko rola, zeinaren arabera ezarria baitago tratamendu desberdin eta murriztailea merezi duela disidente jarrerak.
Arbitrariotasuna, bazterkeria eta, beraz, autoritarismoa legean bertan, betearazpen judizialean, aplikazioan. Praktika antidemokratikoen erakuskeria. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Ez da ulertzekoa Nagore Lafageren eraileari 12 urteko kartzela zigorra ezartzea —eta 4 urteren buruan kalean lasai ibili ahal izatea—; ez 18 urteko bost gizontxok batean —hain zuzen, tartean guardia zibilen bat, baita militarren bat ere— 18 urteko neska bat drogatu eta bortxatzea, dena bideoz grabatu eta gero sarean jartzea, eta gauza jakina izatea ez dutela lehenbiziko bortxaketa, eta haien inizialak bakarrik jakinaraztea, «errugabetasun presuntzioaren» izenean; ez Legioko sarjentu batek gazte ceutar bati tiro egitea, eta gertatua gizagaixo hura «edan txarrekoa» izateari egoztea Poliziak; ez polizia etxean atxilotu bat hil izatea, «besterik gabe», eta ez ikertzea, eta Gobernu ordezkariak agertu nahi ez izatea eta ezer ez gertatzea…
Orain, baina, bestelako egoera batean gaude. Gau batez, Altsasuko taberna batean, borroka bat pizten da herriko gazte batzuen eta guardia zibil batzuen artean. Ondorioa: orkatila bat apurtuta eta mailatu txiki-handi batzuk. Erantzuna, berehalakoa: polizia talde ikusgarri bat mobilizatu, auzoko bi atxilotu, eta hedapen mediatiko erabat tokiz kanpokoa, polizia txostenari berari jaramonik ere egin gabe; herri guztia kriminalizatu, izen-belztu eta umiliatu, bizikidetza erabat ezinezkoa den toki bat delakoarekin lotu; Nafarroako epaitegiei kendu egin zaie kasua epaitzeko ahala, zeina hangoxeei baitagokie, eta terrorismotzat jo dituzte egitateak, eta Auzitegi Nazionalera bideratu —berdin dio gaur egun ez egotea gertakariekin zerikusia duen talde terrorista aktiborik—, eta, ondorioz, 15-20 urte bitartekoa izan daiteke zigorra. Horrez gainera, gazteen izen-deituren berri eman dute, baita identifikatu dituzten adingabeenak ere; goizaldean atxilotu dituzte, hain ikusgarri gertatu ohi diren hedatze erakustaldi horietako batean, nahiz eta deklaratzera joateko asmoa adierazia zuten, eta atxilotzeetako batzuk eskola atari batean egin dituzte, neska-mutilak eskolara sartzeko orduan…
Ondorioa: 6 gazteri zapuztuko diete bizia, baldin eta eskatzen ari zaizkien zigorrak ezartzen badizkiete azkenean —ikusiko dugu horretan amaitzen den hau—; bakean utz dezaten baino nahi ez duen herri oso bat, atsekabeturik, ikusi duelarik nola daramatzaten herritarrak estatuko beste edonon «kaleko kalapitatzat» hartuko litzatekeen zerbaitengatik.
Artikulu hau idazten dugunok oso haserre gaude Estatu Autoritarioaren gehiegikeria honengatik —beste bat—, eta kezkatuta ere bagaude gure etorkizun zalantzazkoarengatik. Herritar bakezale eta ordenazaleak bagara ere, Guardia Zibilak gure Euskal Herritik alde egitea nahi dugu. Ez dugu nahi aurrerantzean ere hemen segi dezaten. Bestalde, litekeena da gau zorigaiztokoren batean aurrez aurreko tirabiratsuren bat izatea Guardia Zibilarekin, eta lesioak izatea —dugun adina izanda, epelak jasoko genituzke—, baita hainbat iruzkin ere ea guardia zibil horiei ez ote litzaiekeen komeniko beste herrialde batzuetara joatea lanera. Kezkaz galdetzen diogu geure buruari: 10 urte baino gehiago tokatuko litzaizkiguke?

BERRIA