80 urte geroago

Aurten 80 urte betetzen dira militarrekin eta Espainiako eskuin muturrekin konposaturiko talde batek Estatu kolpe bat eman zuenetik. Talde horrek Espainiako Eliza katolikoaren laguntza ideologikoa izan zuen kolpe hori legitimatzeko orduan, eta Alemania naziaren eta Italia faxistaren laguntza masiboa ere bai. Estatu kolpe horrek ez zuen lortu hasieran espero zuten arrakasta azkarra, eta ia hiru urte iraun zuen gerra odoltsu eta krudel bat hasi zen. Behin gerra hura bukatu eta gero, ez ziren amaitu gure herriaren sufrimendua eta oinazeak: Frankismoak mendekuan eta etsai ideologikoaren sarraskian oinarritutako eta 40 urtez luzatu zen erregimen bat inposatu zuen.
Gure herriak sufritu zituen ondorioak oso larriak izan ziren: gerra garaian ezagutu genituen fusilamenduek jarraitu zuten, kartzelak euskal herritar berriekin bete ziren, erbestera bultzatutako pertsonak munduan zehar sakabanatu ziren, horien artean umeen talde garrantzitsu bat. Errepresalia ekonomikoek eta lan munduan frankismoak inposatu zituen zigorrek herritar askoren bizitza betirako aldatu zuten: desjabetzeak, lan behartuen inposizioa, lanpostuetako egozketak batez ere administrazio publikoaren alorrean, etab. Baina frankismoaren jazarpena ez zen aspektu materialetan gelditu: gai ideologikoetan ere sakon eta gogor aritu zen, Espainia hautsezin eta inperialaren kontzeptuekin bateraezina zen edozein gauzaren aurka joanez. Euskara eta euskal kultura izan ziren adibide batzuk.
Diktadorearen heriotzarekin bukatu zen frankismo formala, eta modu konbentzionalean «Trantsizioa» deitu den garaia hasi zen. Botere faktikoek, armadak batez ere, erregimen kriminal horretan ardurak izan zituzten guztien amnistia ziurtatu zuten. Francoren heriotza baino urte bat lehenago Portugalen izandako Krabelinen Iraultzak alarma guztiak piztu zituen erregimen frankistaren goi kargudunen artean, eta antzeko zerbait Espainian gerta ez zedin neurri guztiak hartu zituzten.
40 urtez gure herrian ezagutu genuen giza eskubideen etengabeko bortxaketan oinarrituta zegoen erregimenak erantzun moduko talde armatu baten indarkeria ekarri zuen. Eta horrekin, antzeko egoeretan izan diren kanpo herrialdeetan bezala, Estatutik sorturiko errepresioa etorri zen, legezkoa batzuetan, legez kanpokoa besteetan (Estatu terrorismoa, torturak, etab.).
Orain, eta indarkeria irekiko garaia ustez bukatuta dagoenean, azken 80 urte hauetan gure herrian ezagutu dugun aro latz honen kontakizunean buru-belarri sartuta gaude, antza. Kontakizunaren prozesua guztiz politizatua dagoenez, indarkeria bera noiztik kontuan hartu behar dugun, hori ere, hasierako data bera ere, kontakizunaren zati garrantzitsu bat bihurtu da.
Zentzu horretan indarkeria 1.960tik aurrera, hau da ETAren sorreratik, kontatu nahi duen korronte boteretsu bat badago gure artean, modu horretan frankismo kriminalaren gainean berriro ahanzturaren oihal bat ipiniz. Eta ikuspuntu hori guztiz inposatu ez bada, bereziki Oroimen Historikoaren alorrean aritzen diren hainbat elkartearen lanari esker izan da. Eta ikuspuntu ukatzailea, batzuek pentsatzen dutenen kontra, ez da bilatu behar ideologia frankistaren gaur egungo jarraitzaileen artean bakarrik, hau da, PP eta UPN alderdietan.
EAEko hauteskundeetako kanpainan oso komentatua izan zen debate batean, Urkullu lehendakariak ezker abertzaleko hautagaiari zuzendutako «hiltzea gaizki egon dela onartzea ea hain zaila zen» galdera entzun genion. Ez genion entzun, ordea, antzeko galderarik PPko lehendakarigaiari, Alfonso Alonsori zuzenduta, frankismoak egindako krimenengatik. Negozioetako testuinguruetan erabili den formula erabiliz, batzuentzat krimen horiek «amortizatuak» edo «deskontatuak» daude jada. Baina, egun hauetan Nafarroako Gaztelu herriaren inguruan leize batean aurkitu dituzten sendi baten sei gorpuzkien inguruan, norengana joan behar dugu erantzukizunen bila? Edo noizean behin hilobi berri bat aurkitzen denean? Krimen horiek benetan deskontatuak al daude? Edo beste modu batean esanda, krimen horien atzetik zegoen ideologia benetan desagertua al dago gaur?
Frankismoa eta haren ondorioak herri honetan inongo konparaziorik onartzen ez duen eta bizi izan dugun indarkeria garairik latzena izan da. Eta hori kontuan hartu gabe ezin izango diegu gure fantasmei aurre egin eta gure etorkizuneko elkarbizitza oinarri sendoetan eraiki. Horregatik, hilabete honetan eta gure historia ilun horren gainean argia egiteko, Donostiako Koldo Mitxelenan 1.936ko Estatu kolpetik 80 urte beranduago. Frankismoak eta bere ondorioak izena duten jardunaldiak antolatu ditugu.

BERRIA