Buztina eta euskaltzaleen aberria

Felix Ibargutxik Jose Luis Lizundia euskaltzainari egindako elkarrizketa interesgarri bat argitaratu zuen orain hamabost bat egun, irakurleak aise aurkituko du sarean. Bertan, eta besteak beste, Lizundiak euskaltzale hitza darabil hizpide, euskararen eta euskal kulturaren aldeko atxikimendua adierazten duen hitza: euskaltzale batek euskararen kon-tzientzia du eta haren talaiatik begiratzen dio munduari. Abertzale hitza baino mende erdi lehenago sortua, Lizundiak diosku euskaltzale kontzeptua zabalagoa edo hobeagoa dela abertzale baino. “Ez dauka zentzu partidistarik”, diosku, eta eransten du: “Garai batean, (espainiar) eskuinean bazeuden euskaltzaleak, hala nola Julio Urkijo, Arrue, Lojendio. Orain horrelakorik ez dago, zoritxarrez. Eta ezker estatalistan ere, nolabait esateko, ez dago Toribio Etxeberria bat. Hori ez da ona Euskal Herriarentzat, zeren Euskal Herria, ezer baldin bada, euskararen herria da”.

Gaizki ulertzen ez badiot, abertzale berdin euskaltzale identifikazioaren arriskua seinalatu nahi digu Lizundiak, eta, hari beretik tiraka, ez da abildade apartekorik behar bi hitzen identifikazioak ekarritako albo kalteak ikusteko: euskaltzale hitzaren erabilera ia guztiz desgaertu da, eta esanahiak ere galdu du eremu partekatu batean elkartzeko adiera eta, kezkagarriagoa dena, baita praktika ere: hainbati zergatik egiten zaio hain harrigarria euskararen aldeko ekitaldi batean bildu diren partaide guztiak ez izatea derrigorrez aber-tzale?

Lizundiak planteatzen duenak Talmudera narama. Judutarren tradizioa biltzen duen liburuak Bibliako bertsio bera dakar gizadiaren sorreraz: buztin pixka bati hats egin eta gero, Jainkoak Adan sortu zuen lehendabizi; gero, Eva sortu zuen Adanen saihetsarekin. Adan eta Evaren enbor beretik datorren familia handi zabala da humanitatea. Ehundura narra-tzaile bera darabilte bi testuek, baina Bibliako kontakizunak ez dakarren xehetasun garrantzitsu bat eransten dio Talmudek bere bertsioari. Buztinaren nolakoan dago gakoa: Jainkoak munduko bazter askotatik jaso omen zuen buztin hura, horrela gizaki guztiok etxean bezala sentitu gaitezen munduko parte guztietan. Mundua guztion ostatu, xehetasun hori estu-estu dagokio judutarren diasporari eta, aldez edo moldez, Aristofanesek aberriaz zioena ekartzen du gogora: “non nagoen ondo, huraxe nire aberria”. Toki, lurralde, finkapen fisiko bati lotutako aberri baten formulazioa gainditzen du.

Hiztegiari begiratzen bazaio, aberriaren buztin nagusia sorterria da, zerbait fisikoa, “bereziki naziotzat hartzen denean”. Baina aberria eremu geografiko bat baino zerbait zabalagoa da Bibliako eta Talmudeko buztinetan, halaxe da Aristofanesen formulazioan ere. Buztin noranahiko harekin eginak gaude, eta, nolabait esateko, espiritualagoa da aberriari buruzko ikuspegia. Buztin beretik gatoz, buztin bera dugu osagai. Esaten zaiguna da: identitatea ez digu gauden tokiak ematen, gauden tokian egoteko moduak baizik. Esaten zaiguna da: hainbat jendek bere-tzat daukan eremu libre bat da aberria, eta jende horrek beretzat jotzen duen eremu libre horretan ez dago ez hizkunztentzat ez ideientzat ez pertsonentzat langarik.

“Non nagoen ondo, huraxe nire aberria” aspaldikotik asko dira eta askotarikoak formulazio laburrari eman zaizkion bueltak eta pilatu zaizkion metaforak. Haien artetik ezagunenak eta erabilienak, Rilkeren “haurtzaroa da nire aberria” eta Pessoaren “hizkuntza da nire aberria”. Rilkeren metaforak memoriaren lurraldera garamatza eta Pessoarenak mintzaira bereko komunitate baten lokarrira. Ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik: memoriak hizkuntza jakin bat du euskarri eta hizkuntza batek kolektibitate baten memoria espirituala gordetzen du bere baitan. Halako definizioetara jotzen denean balirudike nazioaren kontzeptu politikoa saihestu nahi izaten dela, baina, praktikan, lurraldearena baino euskarri sakonagoa (espiritualagoa) seinalatzen digute. Komunitate jakin baten itsu-mutilarena egiten du hizkuntzak, bere lurraldearen eremuak adierazten dizkigu, mendeetan metatutako memoria baten oihartzuna diogu entzuten. Alde horretatik begiratuta, hizkuntza edo haurtzaroa aberritzat jotzea ez dira ihesbideak, aberri egiten gaituzten sakoneko markak baizik. Sándor Márai idazleak Hungaria komunista itogarritik alde egitea erabaki zuenean, hartarako behin-betiko pausoa eman baino lehen, ia bi urte egin zituen hungariar literaturako obra nagusiak irakurtzen eta hungarierak sortu dituen poema goratsuenak buruz (par coeur) ikasten: komunistek aberriaren traidore-tzat zeukaten idazle hura aberria biho-tzean zuela joan zen exiliora.

NOTICIAS DE NAVARRA