Astiazaran eta gutarrak

Martin Scorseseren film bikaina, 1990ean egindakoa, Goodfellas. Frantzian eman zutenean, Les Affranchis izenburua aukeratu zuten produktoreek.
Espainian, ordea, Uno de los nuestros, gutako bat. Mafiari buruzko pelikula, kodeak, ibilbide pertsonalak. Euskal Herriko aretoetan eman zutenean, fanzine bateko kazetari batek konparazio ausarta egin zuen: Scorsese Intxaurrondoko guardia zibilen kuartelaz aritzen zela iruditzen zitzaiola.
Intxaurrondoko metaforak beste batzuk sor ditzake, zuhaitzen artean alegia, enborra eta adarrak. Adarren artean, intxaurrak… eta pertsonak. Agenteak izan ez direnak, baina agenteen lana egin dutenak. Mafiako kideek egin zuten antzera, muxu baten bidez identifikatzen zirenak. Horietako asko ezagutu dugu.
Pepe Reyk horri buruzko liburu bat, eleberri bat, kaleratu zuen: La Red Galindo. Fikzioa. Fikzioaren zakuan, benetako haragi eta hezurretako, protagonistak. Gehienak, garai horretan Luis Navajas fiskalak egindako txostenean azaldutakoak: agenteak, narkotrafikatzaileak, proxenetak…
Leopoldo Torresek, Estatuko fiskal nagusiak, ezkutatu egin zuen Navajas txostena gaur egun arte. Inork ez du lortu, eta interneten begiratuz gero ez dago arrastorik. Intxaurrondoko ohorea salaketa guztien gainetik omen zegoen. Hala ere, Egin egunkariak, Crisis eta Interviu aldizkariek Navajas txosteneko zatiak argitaratu zituzten. Ez, ordea, txosten osoa. Sarean norbaitek zabaldu zuen, ordu batzuk besterik ez, berriz desagertu arte. Egun, Navajas fiskal ohia Espainiako Auzitegi Goreneko kidea da. Isiltasunaren saria?

Navajas txostenean gutar asko azaltzen ziren. Horietako bat zendu da orain dela egun batzuk. Luis Astiazaran Iraola: «Ohiko kokaina banatzailea», jartzen zuen txostenean, hari buruzko kapituluko izenburuan. Navajas-en txostena 1989an egin zen, baina ordurako Luis Astiazaran aski ezaguna zen, Galindoren lagun mina, negoziotarako eskuin eskua.

Astiazaran gipuzkoarra zen, Hernialdeko Muño-Andieta baserrian sortua eta bertako udaleko zinegotzia, Arabako azken muturrean bizi arren, Oionen, azken hiru hamarkadetan. Logroñotik gertu, beraz, babesa ziurtatua. Intxaurrondo kuartelaren ospe historikoaren zutabetariko bat zen, Galindo jeneral ohiarekin, Maximo Blanco bigarrenarekin, Kike Dorado, Joxemari Olarte…
1980ko hamarkadaren hasieran Astiazaran enpresaburua zen. Ez ohikoa, alta. Prostituzio etxeak Gipuzkoan eta Nafarroan zituen. Emaztearen izenean, Mariajexus Gabirondo lasartearra, badaezpada ere. Gabirondo 2009an hil zen, auto istripu batean.
Ordurako banatuta zegoen, eta Oionera bizitzera joan zenetik Lurdes Quian izango zuen bere bikotea. Kasu honetan ere, Astiazaranen negozioak bikotearen izenean egon ziren. Bat izan ezik, Tutera ondoko hotel bat, 2014 arte, Montes del Cierzo, Astiazaranen izenean azaltzen zen aspalditik. Bertako informazioan, Hernialdeko semearen telefono mugikorraren zenbakia ematen zen.
Eta jakina, emandako loturetan, Astiazaranen eta Galindoren arteko elkarlanetan, filmetako ezaugarriak azaltzen ziren: emakumeen trafikoa, drogak, konfidentziak, mesedeak. Polizien paradisuak. Nobela beltzetan aski ezagunak direnak.
Azken hilabeteetan, Euskal Herriko Legasan gertatutakoaren harira: aita batek semea hiltzen omen du, Iñaki Indart, zulo batera bota eta Guardia Zibilaren lagunarekin inputatua egon arren, aske dago. Kargurik gabe geratu berri da, gainera, instrukzioa egin zuen epailearen iritziaren kontra. Indart aita, Astiazaranen garaikoa zen eta baita Galindorekin negoziotarako harremanetan ibilia ere. Euskaldunak eta guardia zibilak: kontrabandoa, drogak, armak, joan-etorriko bidaiak… Gure historia beltzaren zati bat.
Hernialdeko Astiazaranen baserria mitiko horietako bat izan zen. Bizilagunek aski ezagutzen zuten, baita Gipuzkoako Espainiako Indar Polizien buruek ere. Jakina, euskaldun bat etsaien lagun. Ez nolanahikoa.
1982an Polimiliak Astiazaran bahitzen saiatu ziren Tolosako garaje batean. Porrot egin zuten. Ziotenez, zerga iraultzailea pagatzeari uko egin zion enpresariak. Tiroka hasi omen ziren Astiazaran bera eta komando kideak, Pagola kazetariak, Galindoren lagunak, idatzi zuenaren arabera. Bi hilabete lehenago, Astiazaranek pistola ere atera zien Tolosako udaltzainei, haren autoa aparkatzeko debekatua zegoen gunetik garabi batek eraman eta gero.
Gustuko omen zituen armak Astiazaranek. Pepe Reyk salatu zuen Hernialdeko kobazulo batean tiro egiteko galeria bat prestatu zuela, eta dirudienez, Intxaurrondoko kuarteleko agenteek eta GALeko kideek erabili ohi zuten. Batek baino gehiagok Reyri kontatu zion helikopteroz heltzen zirela baserrira garaiko politikaren lehenengo lerroan egondako pertsonaiak.
Luis Astiazaran zendu da. Baina oraindik ere, haren garaiko zauriak irekita daude. Eta ondorioak, bistan da, ez dira desagertu. Txapel-okerraren boterea indarrean dago Euskal Herrian. Barakaldotik Fiterora. Intxaurrondotik Oionera.

BERRIA