Erabakitzeko eskubidea & autodeterminazioa

Asko gara Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan sortu, garatu eta hedatu den ildoak piztu duen ilusio berriaren baitan, galdera bati erantzun nahian informazio eta formazio bila ari garenok. Bi eskubideon artean dagoen anabasa argitze aldera beraz, horra begitandu zaizkidan ideia gakoak:

Erabakitzeko eskubidearen gakoa da, demos batek (demokrazia batean bozkatzeko eskubidea duen pertsonek osatutako subjektu batek) hauteskunde batzuetan gehiengoa lortuz edozein gauza erabaki dezakeela. Bere burua demokratikotzat duen estatu bateko herritarrez ari da. Ondorioz, sistema demokratiko batean gaudela onartzen dugu. Aldiz, herri okupatua garela onartzen badugu, ezin ditugu zapaltzen gaituzten estatuak demokratikotzat hartu eta okupatzaileari ezin diezaiokegu gure askatasunaren gaineko erabakimenik eman. Okupatzailearekin batera bozkatzea onartzen dugu, eta askatasuna gure etorkizunerako aukera bat baino ez da. Okupatzailearekin batera bozkatzea onartzen dugu, eta askatasuna gure etorkizunerako aukera bat baino ez da.

Autodeterminazio eskubidean kontrara gertatzen da eta Nazioarteko Komunitateak aitortzen du, herri zapaldu guztiek dutela autodeterminaziorako eskubidea. Herri guztiek, zein gobernu mota nahi duten  aukeratu, garapen ekonomiko, sozial eta kultural propioa bilatzeko eta antolaketa propioa sortzeko eskubidea dute. Eta herriak definitzen ditu esanez direla: beren nortasunaren kontzientzia dutenak, berena uste duten lurralde bati atxikiak eta zuzenki edo zeharka kontrolatzen dituzten baliabide eta energiak erabiliz beren beharrak betetzen dituzten gizatalde antolatuak. Herriaren existentzia onartzen da eta askatasuna da aukera bakarra; askatasuna ez da eskatzen, gauzatu egiten da. Kasu horretan baina, indarrik eta estrategia argirik ez badago, etsaiak, autodeterminazio eskubidea, manipulatutako demosaren zati bati eginiko inposaketa bezala aurkeztuko du eta ondorioz, demokratikoa ez dela esango du.

1512an euskaldunoi antolakuntza politikoa biolentziaren bidez lapurtu ziguten, ordutik ez gara demokrazian bizi eta Benito Lertxundik dioen moduan: herri bateko independentzia ez da bozkatzen. Estatuen makinaria oso indartsua da (hedabideak, intelektualak, beldurra…). Menpeko egoeran ezin da erreferendumik irabazi eta askatasuna edo esklabutza ez dira bozkatzen. Zer dago esklabutza baino gogorragorik?

ARGIA

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2461/erabakitzeko-eskubidea-autodeterminazioa