Euskarak limurtu behar gaitu

Otsailaren 17an, asteartearekin, Patxi Baztarrika jauna ikusi eta entzun nuen ETB1en, berriz ere esaten euskarak limurtu, gogatu, konbentzitu eta erakarri behar gaituela, gustatu eta atsegin behar zaigula, gogoko behar dugula izan, sentibera bihurtu behar gaituela harekiko, eta abar.

Adierazpen horiek guztiak egin zituen, Euskararen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak jakin zituztenean datu batzuk. Eta zein izan ziren datu haiek? Bada, komertzio, enpresa, saltoki handiek, eta abarrek, %30ek bakarrik betetzen dituztela Legearen euskararekiko exijentziak, hau da, euskaldunen hizkuntza eskubideak leku horietan, nahiz eta exijentzia horiek oso txikiak izan, eta dagoeneko igaro diren urte dezente. Horrek esan nahi du, noski, %70ek ez dutela Legea betetzen, eta hala eta guztiz, ez zaie deus ere gertatu, alegia, ez dute ezertxo ere ordaindu behar izan: ez inolako isunik ez eta inongo zigorrik ere. Hortaz, kasu horretan behinik behin, Legea betetzea ala ez betetzea, berdin-berdin ateratzen da, gauza bera gertatzen da. Baina, zer lege mota da hori? Non ikusi ote da halakorik? Gainerako lege guztietan gertatzen al da antzeko zerbait? Ez dakit guztiz seguru, baina neronek behintzat, orain arte ez dut ikusi, ez eta irakurri ere antzeko zerbait. Gainerako lege eta arauekin gertatu ohi da, ez betez gero, zigor edota isunen bat ordaindu behar izaten dela, baina euskaldunen hizkuntza eskubideen kasuan ez, desegokia omen da halako zerbait egitea. Ez, euskara ez omen da inposatu behar, ez omen da komeni behartzea, eta abar.
Euskal Herrian -Iparraldean eta Hegoaldean- frantsesa, espainiera eta ingelesa inposatzen zaizkigu, nahiz eta ez izan hemengo berezko hizkuntzak; inork ezin die izkina egin. Matematika, fisika, kimika, gizarte gaiak, eta abar, eta abar ere inposatzen zaizkigu inongo eskrupulurik gabe, eta orduan nik galdetzen dut, ea zergatik gauza batzuk, baita hizkuntza batzuk ere, inposatu eta behartu ahal diren eta beste batzuk, ordea, ez –euskara, galiziera, kataluniera, bretoiera, eta abar kasu.
Munduko estatu guztiek inposatzen dituzte beren hizkuntzak, konparaziora, Frantziak, Espainiak, Portugalek, Italiak, Greziak, Turkiak, Marokok, Saharak, Indiak, AEBk, Mexikok, eta abar, eta abar. Euskal Herriak, aldiz, ezin du inposatu –eta ez omen du egin behar gainera-, zergatik? Horrexegatik, hain zuzen ere, Euskal Herria oraintxe bertan ez delako estatua (garai batean izan zen, ordea, Nafarroako Erresumaren garaian, esaterako). Hortxe dago koska, hor dago mamia, horixe da termometro, barometro eta adierazlea. Nik ez dakit Patxi Baztarrika jaunak irakurri ote duen Pako Aristiren Euskararen isobarak izeneko liburua, baina esaten dituen gauzen arabera behinik behin, ematen du, kontzeptu batzuk oraindik ez dituela oso argi eta garbi. Zergatik ez du aitortzen argiki konkistatuak, menperatuak, kolonizatuak eta zapalduak gaudela?, ez dugula erabateko askatasuna, gure funtsezko erabakiak hartzeko momentuan?
Bai, limurtzearen teoria oso polita, ederra, goxoa, eztia, erakargarria, estimulagarria, beharrezkoa eta abar da, baina ez da nahikoa. Edo Baztarrika jaunak zer pentsatzen du, zer uste du, munduko atzerritar guzti-guztiek ikasten dituztela alemana, txinera, errusiera, japoniera, frantsesa, ingelesa, espainiera, eta bat eta beste, estatu horietara joaten direnean, hango hizkuntzak arrunt eder, erakargarri, estimulagarri, goxo, ezti, limurtzaileak, eta abar direlako bakarrik? Nik behintzat ez dut halakorik sinisten.

NAIZ