Sorpresa atsegin bezain edukiz jantzia

Joxe Manuel Odriozolak, Altzoko irakasle eta idazleak, azkenaldi honetan hain sonatu egin zaigun kontakizunari buruzko liburua idatzi zuela jakin nuen eta, jakina, orain artean ezagutzen nizkion liburuak soziolinguistika, hizkuntzalaritza eta inguru horretakoak zirenez, harrituta geratu nintzen, beharbada arrazoirik gabeko harridura bazen ere. Harridurak bultzatuta erosi nuen liburua, eta irakurketari ekin.

Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara izenburua daraman liburuaren atariko lerroetan agertzen dizkigu egileak aztertuko dituen bi gai nagusien inguruko zertzeladak, une honetan hain garrantzitsua bihurtu duten errelatoaren bere ikuspegi sakon eta edukiz jantzia, batetik, eta Euskal Herriaren egungo egoerari estu lotuta dagoen Nafarroako estatuaren konkistaren ingurukoak, bestetik; gertakari historiko hartan abiatutako emaitza baita gure egungo egoera linguistiko, politiko…, nire uste apalean.

Liburua irakurtzearekin batera, lehendik hainbat eta hainbat liburutan egoki jorratuta daukan aipatutako gaiarekin (soziolinguistika alorra, oro har) liburuaren izenburuak iradoki dezakeen baino askoz lotura handiagoa eta estuagoa duela antzemango du irakurleak; izan ere, bortxaren gaia zein 1512ko konkistarena jorratzearekin batera herri honen euskalduntzea jarri du bere irakurketa eta pentsamenduaren erdigunean egileak.

Hona goikoa bere hitzetan: «Estatu oro nazio baten Estatua da, eta nazio hori euskarazkoa ez baldin bada, espainola edo frantsesa izango da. Hartara, independentea den euskal Estatuaren gizarte nazionalaren hizkuntza hegemonikoa de facto espainiera baldin bada, Estatu espainol txiki bat sortuko dugu Hegoaldean», eta jakina, Estatu frantses ttipia Iparraldean. «Itxuraz, askea eta bere buruaren jabea, baina mendeetako kolonizazioaren garaipena iltzatua bere bihotzean…». Nire interpretazioa: espainolak izan nahi ez duten espainolez osatutako herria izango garela hemen, Hego Euskal Herrian, eta frantsesak izan nahi ez duten frantsesez osatutakoa Ipar Euskal Herrian gehien jota. Irlandarrei gertatu moduan, alegia; izan ere, ingelesak izan nahi ez duten ingelesak ez ote dira dagoenekoz mendeetako menperakuntzak sortutako alienazioa tarteko?

Beste bere libururen batean erabilitako estiloa darabil egileak, euskal intelligentsia-k esandakoak oinarri hartuta bere pentsamendu askatzailea jorratuz. Euskal intelligentsia-ko zenbait lagunen adierazpenak jasotzen ditu egileak liburuaren atal bakoitzean eta horien inguruko bere hausnarketa jakinarazten digu Odriozolak: batzuetan, bere adostasun kritikoa agertuz; besteetan, kontrako argudioak azalaraziz…; gehienetan, mundu mailako intelligentsia-ren partaideen usteak, esanak eta ideien bidezko azalpenak emanez. Honek, jakina, asko indartzen du egilearen iritzia, maila altuko intelektualen esanek babesten baitute Joxe Manuelen arrazoinamendua. Besteak beste, honako intelektualen erreferentzia egoki eta garrantzitsuak darabiltza: Herbert Marcuse, Bertold Brecht, Eduardo Galeano, Ghandi, Michel Foucault, Walter Benjamin, Arno J. Mayer, Keith Jenkins, Noam Chomsky, David Lowenthal…

Lehen aipatu moduan, gure intelligentsoa-ko kideek adierazitakoek eta horien inguruko egilearen hausnarketek osatzen dute liburuaren atal bakoitza. Adibidez, Joseba Egibarren esanek eta egilearenek osatzen dute atal bat, edota herrikideak ditudan Xanti Eraso eta Jonan Fernandezenak, edota Joseba Asironek, Joxe Mari Ostolazak, Joxe Azurmendik, Iñaki Egañak eta beste berrogeiren batek emandako iritziek.

Liburua euskal intelligentsia-ko kiderekin banatzearekin irakurketa erraztu eta arindu egiten du eta norberak gustuko duen kidearen atalera joan daiteke, eta atal bakoitzean aurkituko du irakurleak hausnarketa mamitsurik. Egia da, bide batez esanda, intelligentsia-ko kide batzuen esanek morbo puntua ere izan badutela, eta horiengana erraz hurbil liteke irakurlea.

Bortxaren inguruko diskurtso murritz, alderdikoi eta bozgorailu handiek sortutako hori sakon astintzen digu egileak, eta konponbidean, ezinbestekoa beharko lukeena, hizkuntza eta mendeetako menperakuntzaren biktima izan garen euskaldunak jartzen gaitu. Noizko euskaldunon biktima izaeraren aitortza herri honen aurkako etnozidio linguistiko eta kulturala aitortzearekin batera? Azken finean, horixe da Joxe Manuelek aldarrikatzen duena nire iritziz, bi estatu espantsionisten inposaketa pairatu dugun euskaldunon mendeetako biktima izaera ez aitortua eta are gutxiago egoki konpontzen saiatua.

Ikaragarri liburu interesgarri eta soziolinguistikoa dela esango nuke, nahasmendu eta irakurketa tranpatien garaian argi emailea. Ez bedi irakurlea ikaratu soziolinguistika hitza irakurtzean; izan ere, hizkuntzaren aldeko borrokan dihardutenen teknolekto berezi eta batzuetan ulergaitz horretatik urrun dago oraingoan egilearen esateko modua.

Urte berri honek horrelako sorpresa berriak ekar diezazkigula, hotza egiten duen sasoi honetan egoki jantzi beharra baitaukagu nire ustez, kontakizunaren diskurtso hegemoniko interesatu bezain alderdikoiak jango ez bagaitu.

BERRIA