Mundu Gerla dibulgatzeko xedez

‘Haria’ aldizkarian aztergai izan dute Gerla Handia Nabarralde eta Lapurdi 1609 elkarteek.

Hamabi artikulu eman dituzte

NABARMENA

Nabarralde eta Lapurdi 1609 elkarteetako ordezkariak, atzo, Haria aldizkariaren aleekin. BOB EDME

Haria Nabarralde elkartearen sustatzaileen buletinean, Lapurdi 1609 elkartearekin elkarlanean osatu dute 36. zenbakia. Bi elkarteak nolabait euskal gizartearen memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari direla eta, I. Mundu Gerlaz lan horren egiteko beharra sentitu dute. Bereziki, Nabarraldeko Angel Rekaldek zehazturik, Hego Euskal Herrikoei begira: «Iparraldean sekulako eragina izan zuen, eta Hegoaldean, nolabait esateagatik, ez dakigu ezer horretaz. Ez dago horren kontzientziarik».

Bestelako lanak ukatu gabe, adibidetzat hartu zuen Eneko Bidegainen lana, dela tesia edo Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria liburua (Elkar). «Baina ez dira oso ezagunak Hegoaldean. Pentsatzen genuen beharrezkoa zela nolabaiteko dibulgazio lana egitea». Funtsean, Bidegainek aldizkarirako prestatu idatziak du zabaltzen zenbakia. Eta, preseski, Rekaldek azaldu du Bidegainen idatzia dela aldizkariaren abiapuntuaren ardatzetako bat. Liburuaren nolabaiteko laburpen edo aitzin dasta ematen du Odolak elkarturik artikuluan.

Aldizkariaren bigarren ardatza Lapurdi 1609 elkarteko Mixel Mendibururen ekarpena dute. Egungoa ulertzeko izenburuko artikuluan, frantseste prozesuaz esplikazio zenbait eman, eta, herrien baitako gerlaren eragin zuzena azaltzeko gisan, Senpereko adibide zehatza azaltzen du. Auxtin Zamorak atera baitu jada liburuxka bat horretaz, elkarte berarekin. Aldizkarira ekarri ditu, halaber, senpertar zenbaiten lekukotasunak. Hor sartu ditu Matxin Irabola bertsolariaren (1879-1935) bertsoak ere, lau urtez gerla egin eta. Hona seigarrena: «Izpiritu duenak errex du pentsatzen/ Gure diferentzia zonbatekoa den/ Haundiak ari dira ttipien manatzen/ Pobrearen indarrez galonnez altxatzen/ Ohorez handitzen/ Mirailez beztitzen/ Diruaren biltzen/ Intresen doblatzen / Gu horien manutik elgarren biltzen». Beste zuzeneko lekukotasun bat eman du nolabait Jean-Louis Davant historialariak, familian nola bizi izan duten xeheki kontatuz.

Beste lekuko batzuk ere konbokatu ditu Xipri Arbelbidek. Zorriek janak izenburuko lanean, bere garaian Gure Irratiko elkarrizketatu zortzi lekuko zuzenen hitzetan oinarritu da. Laster liburu bat argitaratzekoa du lekukotasun horiekin. Hor irakur daiteke, adibidez, nola egarriak hilak egonak ziren frontekoak, hainbestetaraino zaldien pixa edaten baitzuten, eta hori ez zelarik, beren basora pixa egiten zutela.

Beste ekarpenen artean, Asisko Urmenetaren marrazkia dago, lau iruditan eta bi erranetan gerla horretan bizi «infernua» irudikatzen duena. Allande Sokarrosek, berriz, Jean-Felix Larrieuz interesatzera gonbidatu du. 1914-1918ko gerrak desbideratutako euskaltzalea? galderarekin du izenburua. Gerlaren ondorioz euskaltzalea osoki frantsestu izan litekeela dio Sokarrosek.

Ixabel Etxeberriak, Gerla, aberri Handiaren alde, Aberri Txikia odoletan artikuluan, gerlaren azterketa orokor bat egin du, ikerketa zenbait euskarri. Gainerateko testuen artean bada Lucien Etxezaharretaren Mort pour la Patrie. Funtsean, izenburu berarekin, artikuluen nolabaiteko laburpena eman du Angel Rekaldek, gaztelaniaz. Eta gaztelaniaz beti, Mikel Soraurenek 1914: Europa infernuan, eta Bingen Amadozek Gerlez eta nortasunez eta Joxerra Bustillok Kastrexanak gerla handi garaian, Hegoaldekoen interbentzio ezaz.

Aldizkaria Jean Elizalde Zerbitzari-ren (1883-1961) testu batekin borobildu dute, Klasikoak.armiarma.com gunean hartua; Verduneko infernua testua, han izan zelarik idatzia.

BERRIA