Hernanik 1.000 urte’ dokumentala: Ezagutzen dugunetik bakarrik eraiki dezakegu etorkizuna

Hernanik 1.000 urte dokumentala bukatu berri du Beñi Agirrek, «1.014 urtean Hernani existitzen zela ziurtatzeko». Datorren ostegunean eskainiko du Biteriko areto nagusian, 19:30etan, eta solasaldia ere izango da ondoren, zalantzak argitzeko, iritzi desberdinak aditzera emateko… «Emanal­diak, dokumentala ezagutarazteaz gain, parte hartu dutenei eskerrak emateko ere balioko du».

«Nafarroako Erresumaren tenentzia bat zen Ernani»
Dokumentu batean oinarri­tzen da ekoizpena, Leireko monastegiko fraileek idatzitakoa: «bertan aipatzen zen San Sebas­tian de Ernani izeneko mo­nastegi bat». Dokumen­tu­aren arabera, Antxo III Nagu­siak bertako eta bere lurretako diezmoak kobratzeko ahalmena eman zion Leireko monastegiari, 1.014 urtean.
«Beraz, Ernani izeneko lurralde bat bazegoen orduan. Nafarroako Erresumaren te­nen­tzia bat zen, Pasaia, Orio, Leitzaran eta Arano bitarteko lurraldea hartzen zuena», dio Beñi Agirrek.
Leireko fraileen idatzia beranduago idatzitakoa da, 1.100 ingurukoa, eta ez dago 1.014ko dokumenturik: «baina ez egoterik zer esan nahi du, Hernani ez zegoela? Existitzen dela da guk defendatzen duguna», aldarrikatzen du.

Orellaren hitzaldia, dokumentalaren erdigunea
Dokumentalaren erdigunea, Jose Luis Orellaren hitzaldia da, maiatzean eman zuena. Haren esanak, beste hainbat dokumenturekin eta urtean zehar ospatu diren ekintza ezberdinekin lagundu ditu Agirrek: «horiek osatzen dute  dokumentalaren alde historikoa. Baina memoria historikoa ere hor dago: ikur batzuk izan behar ditugu, eta jakin nondik gatozen».
Bertako jatorrizko hizkun­tzari egiten dio erreferentzia Agirrek: «hemengo toponimoak, denak euskaldunak ziren, eta horrek demostratzen du, hemengo jatorrizko hizkuntza euskera dela. Gero gaskoiera sartu zen, baina beste asko ere hitz egin dira hemen: hebreera, arabiera, okzitanoa, latinetik eratorriak… Eta gaztelera 1.200 urte inguruan sartu zen. Beraz, gaztelera da berantiarra, eta ez euskera».

«Gure historia ezagutu behar dugu, etorkizunean zer egin jakiteko»
Agirrek nabarmendu du, bertako gizartea noiz eta nola antolatu zen ezagutzearen garran­tzia: «inportantea da jendearen nahia, baina hori bezain garrantzitsua da zergatik nahi duten herri independente bat izan. Historiak erakusten dizu zer zaren, zein diren zure erreferente nagusiak…».
Azken finean, norberak bere herriaren historia jakin behar duela aldarrikatzen du: «garrantzitsua da historia ezagutzea, etorkizuna nola planteatu jakiteko. Ezagutzen dugunetik eraiki dezakegu etorkizuna; ez dakigunetik, inoiz ez».

«Herri batek harro egon behar du, herri izateaz»
Herri baten eta herritarren harrotasuna ere jarri ditu mahai gainean, Beñi Agirrek: «edozein herritan, harrotasun puntu bat daukate bere sorreraz, jatorriaz, kulturaz, ondareaz… Herri bat harro dago herri izateaz, eta horrelako gauzak ospatu egiten dira».
Bere ustez, ordea, hori ez da Hernaniren kasua: «Her­na­ni da herri bat, ez duena ezagutzen bere jatorri euskalduna eta nafarra. Zure jatorria ez baduzu ezagutzen eta idazten, beste batek idatziko dizu. Eta larriena dator, historia hori hartu eta barneratzen hasten garenean…».

http://www.kronika.net/albisteak/hernani/albistea/2014/12/14/5946502a47018/ezagutzen-dugunetik-bakarrik-eraiki-dezakegu-etorkizuna/

HERNANIKO KRONIKA