Arnold Von Harff, XV. Mendeko Bisitaria (II)

Nafarroako Erresumaren egoera politikoaz

Aurreko zatian aipatu bezala, Iruñera iristean euskaldunei buruzko kontu deigarriak jorratzen ditu Arnold von Harff-ek bere idatzian.

Harresirik gabeko Iruñearen edertasuna laudatu ondoren (“eyn groisse fijn stat”), ziurenik Larrasoañako bidetik urrunean ikusiko zuen Nafar Erregeen jauregi zaharra aitzakitzat hartzen du gure zaldunak, garaiko egoera politikoaz zertzelada batzuk emateko.

  1. urte hasieran izango zelarik (testuan aipatutako Frantziako Karlos VIII.a 1498ko apirilaren 7an zendu zen, 27 urte zituela), suntsitutako lurralde baten irudia erakusten digu alemaniar bisitariak, “Pascaien-en ikusgai den bezalaxe, suak hartutako herrixketan nahiz txikitutako eta konkistatutako gaztelu eta herri harresietan”. Izan ere, “bi erregeek (Nafarroakoa eta Frantziakoa) elkarrekin egin dute guda uneoro”, eta honen ondorioz, Arnold-en arabera, “Frantziako Karlos erregeak (Karlos VIII.-ak, alegia) indarrez eman dio [Foix-eko jaunaren] semea Nafarroako erreginari, honen lurrak ondoren frantsesak izango diren baldintzapean”.

Laburra izan arren, oso mamitsua da pasarte hau. Bianako Printzea eta bere aita Juan II.-aren arteko lehiak piztutako Gerra Zibilaren ondoren (1450-1461), inguruko erresumen jokalekua bihurtu zen Nafarroa. Garai hauetan zer esan haundia izan zuten ere Foixeko konteek, Frantziako erregearen menpekoak izan arren Pirinioetako ipar isurialdean “erresuma paraleloa” osatzen ari zirenak: Nafarroa, istoria luzeko erresuma pirinioarra, zen beren koroari falta zitzaion harribitxi distiratsua.

Arlo diplomatikoan nahiz ezkontza-arloan kale egin zuten saiakera batzuen ostean, azkenean lortu zuten 1479-an, Foix-eko Gaston IV.-aren emazteak, Leonor I.-ak, Juan II.-aren alaba txikia, Nafar tronua bereganatu zuenean: haren oinordekoak, besteak beste, Foix-eko konteak eta Nafarroako erregeak izango ziren aldi berean.

Ezin ahaztu, baina, 1479 eta 1486 bitartean erresumaren kontrola Frantziako Karlos VIII.-aren izeba zen Frantziako Margaritaren eskuetan egon zela, oinordekoak (Frantzisko Febus eta gero Katalina III.a, biak Leonor eta Gaston IV.-aren ilobak eta Margaritaren seme-alabak) oso gazteak bait ziren. Eta bera izan zen, hain zuzen ere, 1484an Katalinaren senarra aukeratu zuena, Johan Albretekoa, beste senargaia baztertuz: Juan, Fernando eta Isabelen semea. Katalinak 15 urte zituen, Albretarrak 14, eta Errege “Katolikoen” semeak 5 baino ez: honen haurtasunak ahalbidetu zuen haren bazterketa.

Nabarmena denez, hautagaitza bikoitza honen atzetik bi auzoko boteretsuen interesak zeuden, baina nafar gizartearen zatiketa ere. Horren islada da ezteiak 1486an ospatu baziren ere, bi erregeek ez zutela Iruñeko katedralean zin egin 1494ra arte, egoera gatazkatsuaren eraginez. Bitartean, Gaztela-Aragoi eta Frantziako erregeek Nafarroa txertatzen zuten haien negoziazioetan, baina J.M. Lacarrak dioenez “Nafarroako erregeek eskaintza horien jakinaren gainean izan zireneko zantzurik ez dago”.

Testuinguru hau ikusita, argi geratzen zaigu Arnold von Harffek esandakoa, gehien bat, okerra dela, baina “erru” honen jatorria ere susma daiteke. Horrela, Nafarroako erregea (Johan Albretekoa, alegia) ez zen Foixeko kontearen semea, bere emaztea bera bait zen Foixeko kondesa, ikusi dugun bezala. Eta ikusi dugun bezalaxe ere, Frantziako erregeak, ustez, Nafarroako erregeen ezkontzarako ezarritako baldintza (hots, lurrak ondoren frantsesak izatea) ez dago inon frogaturik.

Kontuan hartzen badugu gure bidaiariak denbora gutxi izango lukeela hiri bakoitzean hura ezagutzeko, zatiketa giroa nagusi zela, zurrumurruak nonahi egongo zirela, eta Iruñean “beaumontarrak” agintean zirela…. argi dago hirian barreiaturik omen zegoen zurrumurru bat bildu baino ez zuela egin gure protagonistak; kasu honetan, beaumontarren aldeko lagun batek kontatuta, ziurenik. Propaganda eta iritzi publikoaren kudeaketa, ageri denez, ez da gaurko kontua…

Fideltasun istorikoaren aldetik, beraz, pasarte honek ez dauka balio handirik, baina garai hartako jendartekoaren argazki interesgarria erakusten digu, zeharka bada ere.

http://www.fanaticus.org/discussion/showthread.php?t=14503 )

“Pascaien”-ak, bai jende eta hizkuntza arraroak….

Politikaz aritu eta gero, ohiturei ekiten dio jarraian gure kontalariak. Horrela, emakumeen jazkera ezohizkoa omen zen harentzako, “herrialde paganoetan bezala, burua goikaldean hesgailuz lotuta” daramatelako. Halaber ere, “zerbitzariek eta neskek beti burua kaskamotz eta estali gabe eramaten ohi dute kalean”, lerro hauen gaineko marrazkian ikus daiteken bezala.

Interesgarriagoa da, aldiz, aurkezten digun euskarazko (“eyn eygen spraich die gar buese zo schrijuen is” = Idazteko oso zaila den berezko hizkuntza) hitzen bilduma hau:

ogea

Ogia

bat

bat

ardoua

Ardoa

bij

bi

oura

Ura

yron

hiru

aragi

Haragi

lae

lau

gasta

Gazta

boss

bost

gaza

Gatza

see

sei

olua

Olioa? Oloa?

saspe

zazpi

huetza

Ahotza

troritzey

zortzi

norda

Nor da?

wedeatzey

bederatzi

schambat

Zenbat?

hammer

hamar

hytzokosama

Etxeko jauna

 

gangon dissila

Gabon dizula

 

Badago, baina, zerrenda honen amaieran, esaldi misteriotsu bat:

schatuwa ne tu so gausa moissa

Arraroa, ezta? Ezetz asmatu zer esan nahi duen!!

Lasai, esango dizuet…..baina hurrengo atalean. Adi egon beraz!!

Arnold Von Harff, XV. Mendeko Bisitaria (II)