Nestor Basterretxea, in memoria

Bizkaiko itsasoan jaioa, Bermeoko portua bere gabai begien aurrean, Nestorren arimak egin du jada azken hegaldia eta sendia eta lagunak besarkatu ondoren, zirkulu handietan dabil biraka, inor itzultzen ez den lurretako paisaia berriak ikuskatuz.

Lehen gaztaroan Argentinan erbestean, Nestor Basterretxeak bere izate sortzailea bilatu zuen itsaso beretik etorritako beste espiritu baten eskutik, hamasei urte lehenago bere begiak Orion zabaldu zituena: Jorge Oteiza. Bera ondoan zuela ekin zion artista ororen konpromisoa eta patua den abentura biziemaileari. Eta bizitzaz hitzeginez, Nestor Basterretxearena beti izan zen itsasora jaurtiriko erbesteratu batena, horregatik bere-berezko Itaka pertsonalaren betiereko bilaketara derrigortua. Zeluloidea eta zura, papera eta burdina, brontzea eta harria izan ziren materialak zeinekin eraiki zuen Basterretxeak bere ontzia, guretzat, bere aberrikideontzat deskubrituz, galdutako munduen grazia eta edertasuna.

Nestor ezagutu genuen Ama Lur filmaren pasioan, eta ordutik, gertutasuna izan genuen haren izaera sendotik jario zen bizitasun sortzailearekin. Eta norberari dagokionez, Piriniotako artzai zaldi hazle eta cromlech eraikitzaileen seme izanik, bihotzaren ondoan badaukagu amerikar Mendebalde Urruneko gure artzaiei eginiko omenaldia, guztioi dagokigunez, eta milurtekoak beteak dituen herri baten izaerari erantzunez, eskertzen diogu Nestorri, ikertu eta erantzuna eman izana originaltasunez betetako Euskal Serie Kosmogonikoan, magdalendar ikonostasio batetik eratorriak diruditen, gorpuzkera lanbrotsuko jainkotasunen galeria. Bere lanaren bitartez eta bere grina sortzaileari erantzunez, Nestor Basterretxeak argi eta garbi utzi du, artearen lehen oinarria ez dela edertasuna, hori agian izan daiteke bigarrena, zeren eta artearen, arte ororen, lehen oinarria bizi-indarra da.
Berria