Txillardegi

 

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zen hirugarren urteurrenean gaude. Bere izena ez duzue ez leku bat izendatzeko ez ezertarako erabiltzea nahi. Bada, Txillardegiren merituak denek ezagutzen dituzte, zuek ere bai noski. Zer dela eta, orduan, ezetz hori izena bere omenez erabiltzeko? Badirudi ahalmenik eza duzuela ideia politiko desberdinak dituzten pertsonen oroitza onartzeko. Zer iruditzen zaizue norbaitek esango balu Vargas Llosak edo Saramagok eta abarrek ez dutela oroimena izateko eskubiderik, edota ezin dutela sari internazionalik jaso, edo ezin direla inon aipatuak izan bere meritu literarioengatik? Zoratuta egon behar da horrelako zerbait esan edo egiteko. Meritu literario horiek errekonozitzeak ez du esan nahi Vargas Llosa eskuindarra ez denik eta Saramago komunista ez zenik…
Gauza bat dira pertsona horien jokaera politikoak eta beste bat da haiek duten artea, trebezia eta merituak jakinduriaren edo artearen edozein alorretan. Gauzak analizatzen, arrazoitzen, ulertzen jakin behar da. Guk aipatutako pertsona horiek (adibide gisa) bere ideologia dela-eta kondenatu edo goraipa ditzakegu. Baina beraien merituak ezin dira ukatu.
Bada autogorrotoa deitzen dena, gure arteko ezin ikusia; bada gauzak ulertzeko arazoak edo… Txillardegiren etsaiak euskaldunon etsai bertsuak dira, eta zer ari zarete? Donostian beti izan eta diren egiazko agintariak ez dira zuetaz ezta gutaz ere fidatzen, eta, agintaritza beraiek dutenez, beraiek erabaki dute beti nor goraipatu behar den gure herrian.
Politikara dedikatzen denak derrigorrean gorrotoak etxean utzi behar ditu, eta oposizio politikoa egiten ikasi, zeren bestela, oposizioa baino gehiago sabotajea da egiten dena (gorrotoak itsutasuna dakar, eta jakinduriarik ezak, atrebentzia handia).
Esan, mesedez, zer iruditzen zaizue Reyes Católicos eta Alfonso VIII pertsonaiek kale izenak izatea (bi adibidetxo jartzeagatik)? Zer meritu dituzte lehendabizikoek? Gerrara, inbasioetara, jendeak, armaz noski, hiltzera bidaltzea; Granadako liburutegiko literaturazko izugarri balio handiko obrak erretzea han sartu zirenean… Horiek meritu kulturalak edo gizakiaren aldekoak al dira? Eta bigarrenak, gerretara ere dedikatu zena, gure herria inbaditu eta okupatzen?

Aitzol euskaltzale, idazle, kazetari, bertsolari eta sindikalista erraldoia torturatu eta asesinatu zuten. 1936ko urriaren 17ko La Voz de España-k eta El Diario Vasco-k agertzen zuten berria: «Capturado… el energúmeno Aitzol, sacerdote separatista». 78 urte ondoren oroitu da norbait… eta haren oroimenez kale bat jarri da… badirudi baimena orain eman dutela Donostiako egiazko agintariek. Ez al zuen orain arte —2014ra arte— oroimenik merezi?

Bada Pio Barojaren kasua, oso adierazgarria. Pio Baroja oso kritikoa izan zen; «Soy donostiarra pero no siento gran entusiasmo por ello. Para qué adornar la ciudad con bagatelas de bazar que no sirven para nada? La inspiración de los monumentos de San Sebastián ha partido de contratistas, maestros de obras y de concejales», zioen. Noizbait jarri behar eta, hil eta hamasei urtera jarri zioten pasealeku bati haren izena.
Fernando Sasiain Donostiak izan duen alkaterik hoberenetakoa izan zen (1931-1936); errepublikanoa bera. Pertsona zintzo eta politikari gailena, Donostiako hainbat proiektu eta obra kultural aurrera ateratakoa, errepresio krudela jasan zuen, ondasun guztiak lapurtu zizkioten eta eroetxe batean ahaztuta hil zen. 35 urte pasa behar izan dira kale batean izena oroitzeko, eta 56 urte San Telmo museoko alde berriari haren izena jartzeko.
Izen asko badira Donostiako oroimenean: aristokrata, politikari, errege, santu, elizgizon, militar, jauntxo, kontratista, promotore, alkate eta zinegotzi ohiak, eta abar. Baina kulturarekin loturiko pertsonak, gutxi. Hona hemen adibide batzuk:
-Gros auzoa. Jose Grosen semea zen Tomás Grosek eta Juan Miguel Iribas lur-jabeek eraiki zuten auzoa, eta aurrenekoen izena hartu zuen; negozioa biena zen, baina. Kultura gizonak? Ez, negozio gizon soilak baizik. Eta, noski, zinegotzi eta alkate izanak! Auzoa mendeetan Zurriola deitzen zen… ordura arte.
Jose Maria Salaverria idazle eta kazetaria. Oso adierazgarriak dira bere lanak: «Vieja España», «Los Conquistadores», «El Muchacho español», «Santa Teresa de Jesús», «Las Sombras de Loyola»… 1936-1939 urte artean «La Voz de España»-n idatzi zuen beti.

 

Claudio Anton Luzuriagaz zer esan… Legegizona zen, Oñatin ikasia, errege espainolak Donostiako diputatu izendatu zuen. Beti Foruen aurka ibili zen, horiek industriaren hazkundea oztopatzen zutelako, bere esanetan; aduanak Ebrotik Irunera aldatzeko borrokatu eta lortu zuen 1841ean. Ordainez, ministro egin zuen erregeak.

Jose Matia Calvo. Merkataria omen zen. Esklabo beltzen trafikora dedikatzen zen bere «Bella Vascongada» fragatarekin. Hil eta gero zerua irabazteko ahaleginetan, zahar behartsuentzat asiloa, gaur Matia Fundazioa dena, egiteko eman omen zuen dirua. Eta bere izena kale nagusi batek darama, gainera.

Agian aipatu pertsonaia horien merituak Txillardegirenak baino ere handiagoak al dira? Galdetzen dugu… Herri baten historiaren adierazgarri garbiak dira kaleen eta leku edo monumentuen izenak. Izen horietan islatzen baita izan zen eta den Donostiako historia.

Donostiak Kulturaren Hiriburua izan behar omen du 2016. urtean. Urtebete bakarrik gelditzen da ezinikusiak alde batera uzteko. Bestela, gauzak horrela, Pello Kirten xelebre hura proposatuko du ergelen batek hiriko esparru kultural bati izena emateko! Jakin beharko dugu bereizten… Agian, ikastaro intentsibo bat jaso beharrean gaude.

BERRIA