|
Tags: Nabarralde Memoriaren lekukotza
Memoriaren garrantziaz ardura harturik, aurten, ekainaren 27an, Noaingo batailaren oroitzapena gai honekin gizarteratu nahi izan dugu. Urteroko martxa aurten ezberdin eginen dugu; Getzen hasi eta Iruñean bukatuko da. Ibilbidean zehar makila bat pasako da eskuz esku, lekuko gisa

Bide bazterretako hilobi kolektiboak aurkitzen hasi ondoren hasi gara memoria historikoa eta memoria kolektiboa bezalako terminoak berrerabiltzen. Hilobiak hor zeuden, bide bazterretan edota kanposantuetako hormen kanpoaldean, askok bazekiten non ziren eta isilik pasa behar izan dute demokrazia berria laudorioz betetzen zituztenen beldur. Estali nahi zen zerbait zen, baina, gerra hura pasa zuten askoren memorian, sarraskia bizirik zegoen. Batzuek tragedia pertsonalera mugatu nahi izan dute gertatutakoa eta gerra hartan denek berdin sufritu zutela sinestarazi nahi izan digute. Azaleratutako hilobietan hilotzak multzotan agertu izanak eta beti alde bereko soldaduenak izateak gezurtatzen dute uste hori.
Baina memoria historikoa eta kolektiboa ez da 1936ko gerrara eta ondorengo diktadurara mugatzen. Karlomagnoren oste handien aurrean nafar lurraldea defendatu zutenak, Gasteizko setioan akiturik errenditu zirenak, 1512ko konkistan mendekua eta Inkisizioa sufritu zutenak edota 1521ean askatasunaren alde Noaingo zelaietan bizia galdu zutenak ere herri honen memoria historiko eta kolektiboaren parte dira. Gure memoria historikoan daude eta herri honen kohesiorako funtsezkoak direla jakinik oroituko egingo ditugu.
Eta memoriaren garrantziaz ardura harturik, aurten, ekainaren 27an, Noaingo batailaren oroitzapena gai honekin gizarteratu nahi izan dugu. Urteroko martxa aurten ezberdin eginen dugu; Getzen hasi eta Iruñean bukatuko da. Ibilbidean zehar makila bat pasako da eskuz esku, lekuko gisa. Makila eramateko txanda norbanakoek, taldeek, peñek edota udalek erreserba dezakete eta parte-hartzaileek ordainsari sinbolikoa emanen dute antolakuntza gastuak estaltzeko. Guztion laguntzarekin eta makila honekin sinbolizatuta, Noaingo memoria Iruñera eramatea da helburua.
Kazeta honetan aurkituko duzu txanden gaineko berria, baita beste hainbat informazio ere. Bide batez, jakizu zapi berria egin dugula Nafarroako armarriarekin. Zapi gorria. Ibilbidean itxuroso joan gaitezen, ikurrak ezagutarazten hasi behar dugu, gurea zena berriz gurea egin behar dugu poliki-poliki; herriko bestetan, Noaingo batailaren oroitzapenean, San Ferminetan... hamaika une dugu zapi berri hau kalera ateratzeko, banderak ateratzen hasiak garen gisara.
Gure Web gunean ikusiko duzu, dendan, gure gainerako ekoizpen eta argitalpenekin batera. Ez ahaztu aurten indar handiz sartu nahi dugula Iruñean, martxa horrek garrantzia du, ozena izan behar du gure sarrerak (berehala iritsiko den urtemugak merezi baitu) eta hartara, zoaz nabarralde.com/noain2010 helbidera jakinaren gainean izan zaitezen. Animatu zure hurbilekoak aurten gurekin biltzen!
|