| Etsai jauna, 'buenos días'! |
|
|
|
| Pako Aristi | |||
|
Amaiurrek Espainiako Juan Karlos I.a erregeari abenduan egindako bisita izan da aspaldian ikusi dudan albisterik tristeena, oraindik ere irauten didan gorputzaldi txar bat utzi zidana. Umorez har nezakeen, baldin eta abertzaleen artean, kalekok zein goi-mailakok hala hartu izan balute. Baina irakurri ditudan adierazpen eta artikuluetan ez da horrela izan, aldiz: oso goi mailako enkontru bezala definituta izan da, eta gure herrian hedatzen ari den nahasmena aldirik aldi goia harrapatzen ari dela begitantzen zait. Hausnarketa, indar metaketa eta bide berrien urraketaAsko pozten naiz gure euskal-herri-mundu txiki honetan politika gogoeta berriak entzuteaz, azkenekotz!, Pako Aristirenak bezalakoak esate baterako: “Etsai jauna, buenos días” (Berria 2012/01/15). Batzuetan, altuan edo egunkarietan gogoetak egiteak, jendea haserretzea dakar, baina, ez bagara kontziente gauzak gaizki egiten ari garela, oraindik okerrago gaude, edo/eta berdina dena: askatasunetik urrunago. Gauzak gaizki egiten ari garela?... Askatasuna orain dela 40 urte baino gertuago edo urrunago ote dago? Hori da nire neurria, hori baita nire adina eta nire nahi bakarra gure herriarentzat. Norbaitek erantzun dio Pako Aristiri, bere kolkotik barre egin nahian gainera (Berria 2012/01/17 Josu Iribar “On Pako Aristi Jaunari”). Zure bekatua, antza Pako, organo jotzeari uztea “pulpitutik sermoiak botatzeko” da. Argi dago baita, funtzionario euskalduna dela kritika horren egilea, euskararen alde dabilena bere eguneroko lanean. Eta hor duzu zure benetako bekatua: euskaldunak gure etsaiek egindako habiara moldatu garela salatzea (nork ukatu ahal du euskaldunak ez dugula erakunde-politiko hauen sorreran parte hartu?). Ez da ba horrela? hegalak ditugu (begira azken hauteskundeak edo azken manifestazioa), baina hegaz ezin dugula egin konbentzituak gaude edo konbentzitu gaituzte. Begira Pako, Josu Iribarrek ironikoki zer diotsun: “Bekatari eta inozoak gu, Amaiurren apustuan sinetsi eta sinesten dugunak”. Esaldi honek zenbat zuku dauka, alajaina!!. “Sinetsi” ez da politikako terminoa, mezara joatekoa baizik; agian beste sermoi ilusionagarriak nahiago ditugu: “bozkatu guri eta guk konponduko dugu hau!!”…Baita zera ere!, Zenbat urte gehiago behar dituzue? Zein da zuen “plan” berria? Akaso jeltzaleei egiten zaien kritikak ez du besteentzat ere balio?. “Apustua”, ah ze beste hitza! Herriko plazan ematen dira baina apustuak!, teman zabiltzala, eta ez politikan; honetan, aurkarien indarra da neurria, eta horretarako noren kontra gabiltzan argi eduki behar dugu, Pakok dion bezala. “Amaiur” ama birjinaren parera eraman nahi dute zenbaitzuek; alderdi politikoak dira horientzat helburu eta ez bide. Fede itsu-itsua erlijiosoa da, politika: lorpenak dira. 40 urte gauza bera eta modu berdinean egiten, nola itxaron dezakegu emaitza ezberdinik? Ongi etorriak Pako Aristiren hausnarketak: ez dago dogmarik, ez dago inorengan edo ezerengan “sinesmenik”, ez dago balore ukaezinik: hausnarketa, indar metaketa eta bide berrien urraketa behar ditugu. Alots Gezuraga
Politikaz eztabaidanGure bizitzan zehar hamaika aldiz erabili eta entzun dugun terminoa dugu politika. Denok izan dugu inoiz ahotan, politikaz paso egiten dugula esateko bada ere. Baina ba al dakigu zer den politika? Ezezkoan nago. Sarean zertxobait arakatuz gero, lehenengo emaitzek hauteskunde eta joko parlamentarioarekin, alderdi politiko eta antzeko terminoekin erlazionaturik dagoela azalduko digute. Kaleko jende arruntoi galdetuta jasoko litzatekeen erantzun oso antzekoa seguraski. Zertxobait gehiago arakatuz gero, erantzun oso desberdinak jaso ditzakegu baina. Pertsonalki, gehien konbentzitu nauena honakoa da: Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da. Zenbaiti oso definizio arraroa suerta dakioke honakoa, baina zientzia politikoko ia edozein manualetan arakatuz gero arrarotik ezer gutxi duela ohartuko da. Beste bitarteko batzuekin, baina gudaren jarraipena dela dioenik ere izan da. Edo arerioari nahi egin ez duen hura egitera nola derrigortu aztertzen duen zientzia. Politika biolentzia, indarraren erabilera edo erabileraren mehatxuarekin erlazionaturik dago beraz definizio hauen arabera. Politikaz ari bagara, laguna-etsaia dialektikarekin egin beharko genuke topo ezinbestean. Nola da posible ordea? Zenbat urte daramazkigu euskaldunok “politika edo indarkeria, hautatu beharra dago” , “politikan edozein gauza da eztabaidagarria, baina biolentziarik gabe” , “politikan konbentzitzen duenak irabazten du”, “Indarkeriaren aroa amaitu da, bide politikotatik joko dugu orain” bezalako esaldiak entzuten? Polizia zein Guardia Zibila gutxi balira, mota guztietako armak dituen eta itsasoz, airez edo lurretik jardun dezakeen ejertzito profesional zabala. Horixe da, estatu espainiarrak biolentziarik gabe edozertaz hitz egiteko jartzen duen aurrebaldintza, bat eta bakarra: biolentziaren monopolioa. Gero bai, gero edozertaz eztabaida genezake biolentziarik erabili ezean. Argi ikus dezaket beraz beste aldeak, etsaiak, “joko demokratikoa” deitzen duten horretan gu buru-belarri murgildurik ikusi nahiaren motiboa zein den. Galtzeko inolako arriskurik ez duen joko batean gurekin jolastea eta denbora alde duela gure herria erabat asimilatzen joatea, likidatzea finean. Baina guk, zer egiten dugu guk horretaz ohartu gabe? Nola egon gintezke hain itsuturik? Nola jarrai dezakegu behin eta berriz akats berdinak errepikatzen? Gustura irakurri dut Pako Aristik “Etsai jauna, ‘buenos días’!” izenburuarekin berriki argitaratu duen iritzi artikulua. Hasieran aipatzen nuen laguna-etsaia dialektika oso presente du. Beste batzuk ez bezala estatuaz hitz egiten duenean, gureaz ari da, berreskuratu behar dugun horretaz. Beste aldeari zuzenean eta erarik naturalenean etsaia deitzen dio. Eta etsaiarekin nola jokatu behar den azaltzen duten 9 puntu zerrendatu. Banan bana azaltzen du ondoren, nola guztiz kontrakoa egiten ari diren batzuk. Lagun batzuk, gutar batzuk. Horrexegatik ez zaizkit batere gustatu artikulu horren harira entzun edo irakurri ditugun zenbait erreakzio. Haserrea, egonezina nabaritzen zitzaien egileei. NOLA HASERRETUKO GARA LAGUNAREKIN, BIDEAK EGOKIAK DIREN EDO EZ ZALANTZAN JARTZE HUTSAGATIK? Haserretu etsaiarekin haserretu behar gara, ez gure artean. Ez da denbora asko Pako berari hitzaldi batean Euskal Herrian politikaz haserretu gabe hitz egiteko gaitasunik ez genuela entzuten nionetik, etsaiak lorturiko garaipen gisa aurkezten zuen ideia hau eta oso oker ez zebilenaren susmoa dut. Utz diezaiogun behingoz umekerietan ibiltzeari, organo jolea izana erabili du batek baino gehiagok Pakori erantzuteko azken hilabete hauetan. Argumentu falta ikaragarria nabarmentzen dute horrelako erantzunek. Zer erlazio eduki dezakete estrategia politikoek norberaren ogibide edo zaletasunekin? Eztabaida beti izan ei da ezkerreko mugimenduen ezaugarri propioa, autokritika balore garrantzitsuenetakoa. Izan bada kontsekuente, eta eztabaidatu argumentuekin, eta ez saiatu ahots kritikoak deskalifikazioekin isilarazten. Datorren Otsailaren 2an Koldo Mitxelenan, arratseko 19:00etatik aurrera aukera ezin hobea dugu horretarako, topiko politikoak desegin nahian jardungo baita Pako bera.
Ainhoa Letamendia
|






