Inflazioaren kontrako zenbait neurriren kritika

Berria

Inflazioa oso garrantzitsua da. Ez dago dudarik. Beste gauza bat da ea nola definitzen eta kontrolatzen den. Europako Banku Zentralak, kasu, euroa jaulkitzeko eta euroaren truke-tasak kontrolatzeko ia soilik inflazioari begiratu dio orain arte, luzaturiko neurriek zer-nolako eraginak izan dituzten langabezian kontuan eduki gabe. Baina inflazioa bera definitzerakoan, ongi aritu al da?

Oso hedatua da Kontsumo-Prezioen Indizea (KPI) erabiltzea inflazioaren tasa neurtzeko. Baina prezioen neurketak ez dira arazo tekniko hutsak. Neurketa horiek lotuak izan dira ohiko inflazioaren analisiei. Dena den, zenbait ohar garrantzitsu egin behar dira. Aldez aurretik ikusi behar da KPIak definitzerakoan hamaika zailtasun metodologiko eta tekniko daudela. Autore batzuek diotenez, KPIa kontzeptua zaila da definitzeko eta are zailagoa neurtzeko.

Alde batetik, ondasun iraunkorren eta ez-iraunkorren arteko bereizketa ez dagokio prezio-indize baten eraikitzeari. Ikuspuntu ekonomikotik kontsumoa bat-bateko eragiketa da. Izan ere, kontsumoa gastu bat da, gastu horren objektua aurretik existitzen den ondasuna da. Ondasunen propietate fisikoek ez dute inongo garrantzirik prezio-indizearen analisirako. Termino ekonomikotan, ondasun-merkatuko edozein erosketak erositako ondasunaren ‘balio-trukea’ kontsumitzen du, gero ‘erabilera-balio’ fisiko gisa existitzen da harik eta bera ahitu arte. Beraz, KPIk ondasun iraunkorren kasu, kotxeak, hegazkinak, konputagailuak,… erosketa-prezioak eduki beharko lituzke barne, eta ez urteko zerbitzuen prezio batean egungo KPIko analisiak egiten duen moduan.

Baina okerragoa dena hauxe da: prezio-indize analisiek, azkenean, beste arazo bat dute gainditzeko, alegia, prezio agregatuko edozein indizek ez duela neurtzen ez diruaren erosteko ahalmenik, ezta denborarekiko berorren aldaketa ere.

Ohiko analisiaren arabera, inflazioa diru gehiegi ondasun gutxiegiren kontra aritzen denean sortzen den egoera da; hau da, diru-stocka salgarriaren stocka baino handiagoa da. Baina, nola neurtzen da tarte hori? Prezio orokorraren maila, eta denborarekiko berorren aldaketa, logikoki zuzena izanen lirateke, baldin eta diru-stocka eta output totala autonomoak balira eta (gutxienez parte batean) bata bestearekiko independentea. Dena den, hori ez da horrela ez teorian, ezta praktikan ere. Alde batetik, multzo gisa, output-aren neurri ekonomikoa ezin da ezarri dirutik kanpo (edozein epealditan produzitutako hamaika ondasun eta zerbitzuren heterogeneotasuna dela-eta); bestetik, prezioen maila agregatua bi terminotan dago oinarrituta, eta ez da gai objektiboki neurtzeko bi termino horiek, hots, dirua eta output-a. Izan ere, analisi horretan saldutako output totalaren neurria prezio agregatuen mailak determinatzen du, eta azken hori merkatu-plazan output horien berorien eta diru-stockaren alderatzeak dakar prezio agregatuen mailan. Hortaz, argumentua zirkularra da.

Beste aldetik, argi geratu behar da ondoko puntu hau, alegia, fokapen mikroekonomiko batek kasu, prezio agregatuen analisia ez dela egokia arazo makroekonomikoa den inflazioa bezalako analisi bat gauzatzeko. Ondasun konkretu multzorako, prezio agregatuen mugimendua egokia KPIa dela onarturik ere, ikuspuntu horrek ez du ematen inolako neurri egokirik etxe-ondasunen gaineko diruaren erosteko ahalmenari dagokionez. Prozesu inflaziogilearen analisiak sistema ekonomiko osoaren ikerketa inplikatu behar du eta ez merkatu baten edo biren ikerketa. Izan ere, prezio-maila jakin bateko aldaketen bidez inflazio neurtzean ez dira kontuan hartzen produzitutako ondasunen merkatuak multzo gisa, zeren «saski adierazgarrietan» oinarritutako metodoak ez baititu kontuan hartzen eskari agregatuaren batura osoa. Are gehiago, agente adierazgarrien metodoak (kontsumitzaile-gastuak oinarritzen denak) ezin du kontuan hartu output agregatuaren batura osoa. Hori guztia gutxi balitz, eztabaidak egon dira, eta oraingoz badaude, hainbat arlotan: (I) KPIren formula bera aukeratzekoan. (II) Merkatu-saskiaren errepresentazioari buruz, ea zer-nolako ondasunak sartzen diren. (III) Saskiaren eta eskaintza korrontearen artekoari buruz. (IV) Populazioaren laginaren eta eskari korronte osoaren artekoari buruz. Eta (V) datu mikroekonomiko agregatuei buruz.

Gure aldetik, argi eta garbi esan behar da ezen inflazioa eskari osoaren eta eskaintza osoaren arteko desoreka makroekonomikoa dela eta ez prezio-indize baten gehikuntza soila.

Beste aldetik, moneta-teoria postkeynestarrean, inflazioa adierazteko badaude bi joera nagusi: (a) Batak dio moneta-alokairuen gehikuntzaren eta lan-indarraren produktibitatearen (bataz bestekoaren) gehikuntzaren arteko diferentziak inflazioa definitzen edo neurtzen duela inflazioa. (b) Besteak dio enpresaren eta langileen arteko errenta-banaketari dagokion gatazka dela inflazioaren adierazlea.

Lehengo joerari dagokionez, gogoratu behar da, Keynesek azpimarratu zuen moduan, output-a alokairu-unitatetan neurtzen dela, eta, analisi ekonomikoetan, lan-indarraren lehiakortasuna ezin dela neurtu langileen ordainsariak kontuan hartu gabe. Izan ere, lan-indarraren produktibitatea eta diru-soldatak gauza berberaren forma eta edukia besterik ez baitira. Lan-indarraren produktibitatea eta diru-alokairuak, biak, errealitate berberari dagozkie.Bigarren joerari dagokionez, inflazioa ez da sortzen errenta-banaketaren gaineko gatazkaren ondorioz. Izan ere, agente-talde ezberdinen arteko banaketa-gatazkak ezin duenez errenta-kopurua aldatu, ezin dio eragin output korrontearen eskari osoaren eta eskaintza osoaren erlazio makroekonomikoari. (Gatazka erosteko ahalmen konkretu baten banaketari baino ez dagokio.) Errenta-banaketa dela-eta kapitalisten eta langileen artean sortutako gatazkak ezin du aldatu errenta nazionalaren kopurua bera. Hortaz, gatazka horrek ez du ukitzen eskari osoaren eta eskaintza osoaren arteko erlazio makroekonomikoa (inflazioa definitzen duena). Esan bezala, inflazio ez dagokio agenteen portaerari. Kontsumitzaileek, inbertsiogileek, enpresek eta merkataritza-bankuek hartzen dituzten erabakiak edozein direlarik, ezin diote inoiz inflazioari eragin. Unitate monetarioek beren hasierako erosteko ahalmenaren parte bat galtzen badute, ez da agenteen erabakiak ez-egokiak izan direlako, baizik eta ordainketa batzuk gaizki sartu direlako gaur egungo banku-sistemen kontabilitatean. Beraz, Banku Zentralen zeregina ez da erabakiak kontrolatzea, merkataritza-bankuei diruaren, errentaren eta kapitalaren ordainketa-sistema bat hornitzea baizik.

Beste aldetik, moneta nazional bat dagokion output nazionalaren forma edo era denez, ez da egokia inportaturiko inflazioaren bila abiatzea, kanpo-ondasunen prezioen aldaketak direla-eta edo kanpoko truke-merkatuan debaluazioa dela-eta. Kanpo-ondasunen eta kanpo-moneten ezein aldaketak ez dio eragiten moneta nazionalaren eta output nazionalaren arteko erlazioari.Inflazio inportatuaren kontzeptua argitzeko, nazioarteko transakzioek induzitutako diruaren eta output-aren arteko erlazioaren aldaketari begiratu behar zaio. Bernad Schmitt ekonomialariak dioenez, esportazioak kanpoko dirutan ordaintzen diren bakoitzean agertzen da barneko monetaren sormen inflaziogilea, zeren, kanpo-moneta horren erreserba-statusa dela-eta, herrialde esportatzaileen banku-sisteman aktibo gisa sartuta baitago. Sistema monetarioaren egitura desegokia dela-eta, hemen ere agertzen da inflazioa. Izan ere, monetak ondasun errealak balira bezala asimilatuak direnez aktibo positibo gisa era okerrean hartuak direlako moneta horien ordain modura barneko dirua sortzen da.

Presio inflaziogileek produkzio-prozesuan daukate beren jatorria, ez jadanik produzituriko ondasunen zirkulazioan. Ordezkapen-ondasunen (hau da, kapital finkoaren amortizazioan) produkzioa da ikertu behar dena inflazioaren kausak adierazteko. Schmittek argitu bezala, anomalia inflaziogilearekin (eta deflaziogilearekin) bukatzeko, kontabilitatean erreforma monetario bat halabeharrezkoa da. Horretaz arituko gara hurrengo artikulu batean.