Identitaterik gabeko Europa

Egunkari honetan bertan agertutakoak dira. Europako Konstituzio Ituna dela-eta egindako erreferendumari buruzkoak dira: «abstentzioa inoizko handiena izan da», «botoa emateko aukera zeukatenen artean lautik batek baino ez du baietz bozkatu», «bostetik bik baino ez zuten bozkatu igandean». Hala ere hotz egiten omen du Europatik kanpo. Ibarretxe lehendakariaren hitzak dira: «Europatik kanpo hotz handia eta haizea egiten du». Ez dakit Europatik kanpoko hozberoa zertan den. Baina inork ezin digu ukatu Europak ez dituela Europako herritarren gogo-bihotzak berotzen. Izatekotan, gizartearen goi mailetako klase eta kategorietan ageri zaigu halakoxe berotasun pragmatiko bat.

Testuinguru honetan aletu nahi nituzke Europaren egungo egoerak nazio-identitatearekin dituen harremanak. Horretarako Joseba Ossa itzultzaileak euskaratutako lan hau izango dut gidari: Anthony D. Smith-en Nazioen Europa, ala Europako Nazioa (Uztaro-17, 1996)Talde-identitateen auzian Smith-ek egiten duen lehendabiziko zehaztapena honako hau da: «Egia da norbanakoak identitate bat baino gehiago duela, eta hainbat komunitateko kide dela aldi berean, baina hala eta guztiz ere horrek ezer gutxi esaten du identitate eta komunitate horien arteko erlazioei eta euren arteko lehentasunei buruz». Nortasun-aniztasunaren auzi hau nola ote dabil gurean? Euskaldunon alde ala kontra? Pluraltasunaren ideologiak balio du identitate-arazoen barrunbea azaltzeko eta argitzeko, ala lausotu eta estali egiten du bere ulermena? Zeren, hasteko, identitate-ugaritasunak berez ez du ezer argitzen, identitate-geruza horien funtzionamendua zertan ez baldin badakigu.

Hala ere askotarikotasunaren ideologiak zera pentsarazten digu: euskalduna, espainiarra eta europarra garela aldi eta alde berean. Baina ez digu ezer esaten nola bizi dugun euskaltasun hori, espainoltasun hori, europartasun hori. Izatez, aniztasunaren diskurtsoa, azken funtsean, herri-identitate menderatuen aurka eratua dagoen ikuspegi «progresista» da.Europaren identitate-arazoak aztertzen dituen Smith-en azterlan horretatik, bigarrenik, nazio-identitatearen beste alderdi bat ekarri nahi nuke hona. Identitate horren eta herritarraren arteko lotura-mota edo «halabeharra». Baina ez kasualitatearen «halabeharra», kausaltasunarena baizik. Zera dio berak: «lotura horiek ez dira erabat aukerazkoak».

Horrenbestez, bere burua nazionalismoaz haraindi daukanari zer esan behar genioke? Besteak beste, beharbada, hauxe: nork bere bizitzaren sozializazioan bereganatu duen nortasun soziala eta kulturala taxutzen duten osagarriak (hizkuntza, kultura….) ez direla berak bere aburuz hautatuak, bera jaio zeneko gizarte nazionalak ezarri zizkionak baizik. Hortaz, nazio-identitatea ez dela dimentsio subjektibo eta ideologiko hutsetara murrizten den izateko modua, borondate kontua, subjektua bere baitan bildurik eta determinaturik espainiarra edo frantsesa edo euskalduna bihurtzen duen testuinguru historikoa baizik. Horrela, hizkuntzaz espainiarra izan arren bera sentieraz ez dela espainiarra esaten duena oraindik ez bide da ohartu nazio-identitatea ez dela sentimen-kontu hutsa. Identitate nazionalak oinarri materiak eta objektiboak dauzkalako, nork bere buruaz egin dezakeen autodefinizio sentimentalaz haratago. Gizakia baldintza historiko eta nazional jakin batzuen baitan determinaturik dagoen neurrian, baldintza-sistema horrek eraiki dio bere nortasun-izaeraren moldea. Euskaldun izango da testuinguru euskaldunean, espainol espainolean.

Europak betetzen al du baldintzarik bertako herritar guztien arteko identitate-sentiera bateragarririk ekoizteko eta egituratzeko? Izan ere, nazio-identitateak ez dira ezerezetik sortuak izan, badute jatorri jakin bat, badute aurrekari zehatz bat: «Honako galdera hau egiten dugunean, Zeintzuk dira nazioak osatzen dituzten komunitateak? garbi ikusten dugu erantzunaren gakoa oinarri etniko aurremodernoan datzala. Bestela esanda, nazioak osatzeko aukerak dituzten taldeek bi baldintza hauek betetzen dituzte: alde batetik muinean komunitate etniko esanguratsua izatea, beren oroipen, sinbolo, mito eta tradizioz horniturik, eta bestetik populazioak sentimendu eta helburu amankomunak izatea».

Beraz, eta gezurra badirudi ere, Europako Batasunak eta Euskal Herriak, aldeak alde, badute elkarren halako kidetasun bat: batak nahiz besteak nazio-identitatearen moduko talde-lokarri trinkoa sortzeko eta sozializatzeko oztopo handiak dituzte. Ezinean ari dira biak, eskuartean duten komunitate-proiektua ezin sustraiturik. Europaren kasuan garai bateko erreferentziak Lege Erromatarra, filosofia eta zientzia greziarra, Errenazimendua, Ilustrazioa… aurrekari lanbrotuak dira jadanik, eta Euskal Herriari dagokionez, berriz, nazio orok bere proiektuaren hazian izan ohi dituen oinarri etnikoak, linguistikoak, kulturalak eta historikoak birrinduak dauzka auzo-estatuen asimilazio-lanari esker. Arestian genioenaren arabera, borondate hutsak ez du balio, ezta ekonomiak berak ere: nazio-identitatearen antzeko komunitate-proiektua egia bihurtzeko lokarri ideologikoak (kontzientzia, leialtasuna) eta lokarri kulturalak behar izaten dira (hizkuntza, historia…). Horrek esan nahi du, besteak beste, komunitate-nortasuna ez dela eraikitzen eduki ekonomiko hutsez, Europatik irits dakigukeen dirulaguntza soilez.

Era honetako talde-identitateak erabatekoak dira, osoak, bizitzaren munduaren zentzua eta esperientzia hornitzen duten iturriak. Ekonomia eta legeria bizitzaren atal batzuk besterik ez dira. Eduki ekonomikoa eta, beste neurri batean, eduki juridikoa eta politikoa bera ere gauza ez baldin badira europar identitate-atxikimendua eraikitzeko, zer behar luke Europak bere baitako herritarren arteko batasun-lokarria garatzeko? Hots, europar sentitzeko? Europartasunaren arabera bizitzeko? Europako Batasuna egiazko batasuna bihurtzeko? Interes ekonomikoak ez baldin badira gai komunitate-nortasuna taxutzeko, lokarri sendoagoen bila jo behar litzatekeela esango digu Smith-ek: baina, bila abiatuta, Europako etnia eta nazioen arteko diferentzia kulturalak eta tradizio historiko bereziak omen dira ezinkizun. Europako Batasuna alfer gurpilean sarturik dakusa gure adituak: «Alde batetik Europako nazioen arteko diferentzia kulturalak bizirik irauteko arrazoia Europako herriak batu eta homogenizatuko dituen aginte zentral indartsurik ez izatean datza, baina aldi berean halako aginte zentralizatu eta bateratzailerik ezaren arrazoia neurri handi batean diferentzia kultural eta historiko horien sakontasunean aurki daiteke».

Ikus dezakegunez, kulturaren eta boterearen arteko dialektika jakingarria daukagu begien aurrean. Botere politikoa beharrezko da komunitate-identitatea ekoizteko eta berritzeko, alde batetik; baina, beste alde batetik, botere politiko horrek ezin dio gain hartu kultura berezien botereari. Zeren eta, Europako kultur identitate nazional berezi horiek beroiek baitira politikazko europartasuna eragozten dutenak. Etxera begira irakaspen jakingarria daukagu auzi honetan: alegia, politikak ezin du ordezkatu kulturaren boterea. Politikak ezin du hizkuntzazko, kulturazko eta historiazko lokarria ordezkatu. Baldin eta, jakina, politika hori ez baldin bada egiten lehengai dituen hizkuntza, kultura eta oroimen historikoaren hari berean. Ea ideologia abertzalearen adarrak ohartzen diren behingoz gai honetan nagusi den egungo nora eza gainditzeko. Hizkuntza eta kultura arrotzaren bidez Euskal Herria eraiki nahi duen abertzaleak hobe luke politika hitzaren fetitxismoaz hausnartzen hastea. Hori eta horrenbestez: «Oraingoz, identifikazio-maila etnikoek eta nazionalek izango dute lehentasuna, eta biztanlegoarentzat askoz biziago eta hurbilago izaten jarraituko dute, Europa bezalako identitate erregional abstraktuago, lainotsuago eta maila altuagokoak baino». Bat nator erabat Smith-en iritziarekin. Elitearen ekonomiak eta politikak ezin ditu ordezkatu historian barrena sustraituak dauden nazio-identitateak. Bizitzaren zentzua identifikazio-jardunak eraikitzen du, eta bizitza horren zentzua Europako klase nagusiek ezarri dezaketen sistema ekonomikoaz eta politikoaz haratago doa. Azken irakaspena etxera begira: Europarrak omen gara, Europan bizi garelako. Baina Europa geografikoak ez du Europar identitaterik mamitzen. Lurralde geografikoak berez ez du ahalmenik komunitate-nortasunik sortzeko.

Gai honetan, zer gertatzen zaigu etxean? Euskal Herri geografikoak ba al dauka identitate-gaitasunik euskal herritarren artean lokarri nazionalik egituratzeko? Bistan denez, ez. Euskal Herria ez delako kontzeptu geografikoa. Euskal identitatea ez delako lurralde-kontzeptu abstraktu eta lainotsuaren arabera sortzen, eguneroko bizitzaren zentzu soziala eta kulturala gauzatzen duten osagarririk ez baldin badago tartean (hizkuntza, kultura…). Ea noiz konturatzen diren gure indar abertzaleak arazo honetaz. Gainerakoan, Europako Batasunari gertatzen ari zaiona gertatuko baitzaigu: herritarrak euskal herritar bihurtzeko gai ez diren bideetan galduta ibiltzea. Nazio-identitaterik sortzeko eraginkortasunik ez duen nazio-eraikuntza aldez aurretik iragarritako porrota da. Eta horretan gaude, bideak eta borrokak noiz aldatuko zain.