Bergara 750: oroitzekorik bai, ospatzekorik bat ere ez Imprimir
Rafa Stxez Muxika   
Lunes, 16 de Octubre de 2017 18:58

Sarritan entzun behar izan dugu Euskal Herriak edo, agian hobeto esatearren,  Euskal Herriek ez dutela sekula ere batasun politikorik osatu. Baita abertzale askok garai bateko Euskal Herri independienteak -Araba, Gipuzkoa Bizkaia, Nafarroa Garaia, eta Iparraldeko lurrak-  bakoitza bere aldetik, eta foruak galdu arte, mendeetan zehar aske izan zirela esan digute. Hemeretzigarren mendean, Bergarako Besarkadaren ondoren kokatzen dute subiranotasunaren galera. Foruak kendu zizkigutenean,  alegia.

Euskal Herriak Europako Euskal Estatu moduan batasun politiko bat osatu zuela diogu beste batzuok. Horren izena: Iruñea-Nafarroa Erresuma. Mendez mende  inbaditua eta mendez mende askatasuna galdu izan duena.

1178 Gaztelak Errioxa eta Bizkaiko zati bat inbaditu zituen Nafarroako erregearen zerbitzariak ziren Haroko Lopeztar familiaren laguntzaz, lur eta jabetza hereditarioaren truke. Bilbon kalez, monumentuz eta mendeurrenaz ospatu da diru grina eta traizioa.

1200 urtean Gaztelak Mendebaldeko Nafarroaren lurraldeak inbaditu zituen. Tartean Aitzorrotzeko tenentzia, Atxorrotxetik Elosuraino zihoan Nafarroako Debagoiena alegia. Orduan Nafar euskaldun independienteak izatetik Gaztelako menekoak izatera pasatu ginen. Harrezkero gure nortasun politikoaren izena galdu, eta nafarrak izatetik gure hizkuntzagatik ezagutuak izan gara: euskaldunak, vizcainos, vascos, vascongados. Eta horrela segitzen dugu, bereizketa artifizial inposatuari hauspoa ematen. Inbasioa ekialdetik egin izan balitz, gu “los navarros” izango ginatekeen gaur egun,  eta Iruñakoak ostera “los vascos”. Baina geureak egin zuen lehen.

1512ko uztailaren 21ean Gaztela eta Aragoiko armada espainiarrak libre geratzen ziren Euskal Herriaren azken lurrak inbaditu zituen.  Zenbait handiki euskaldunen laguntzaz berriro ere.

Ez diogu inori beste garai bateko paradisu zoriontsu bat saldu nahi. Gure nafar lurralde independienteetan ere baserritar-nekazariak neguan hotzak eta udan izerdi; eta herri xumea aberatsen azpian zapalduta eta goseak gehienetan. Baina hori ere gure historia da. Ezkutatu eta lapurtu nahi izan diguten gure historia.

Gaztelako Alfontso X.ak 1268an Sevillan luzatutako herri gutuna / carta puebla delako batez Ariznoa izeneko tokian Villanueva de Vergara fundatu zuen eta horrela Bergara hasi omen zen batzuen aburuz. Antza, gure historia gaztelarrek konkistatu gintuenean hasi zen.

Vergara izenaren idatzizko lehen aipamena baina, 1050. urtekoa da.  Santxo jauna Bergarako Aritzeta San Miguel inguruko bere lurretan (“in mea terra, quae dicitur Vergara”) zeuzkan lursail eta sagasti batzuen dohaintza egin zion San Juan de la Peña monasterioari. Iruñeko Santxo III.aren garaikoa zen Bergararen lehen aipamen hau. Garai hartan San Juan de la Peñako Jaka eta Aragoiko alderdi horiek Iruñeko Erresuma barruko hiztun euskaldunen lurraldeak ziren. Gaztelarrek inbaditu aurretik Bergara bazen ba eta bere biztanleak nafar herritarrak ziren.

1200 urtean Gaztelak Mendebaldeko Nafarroako egungo Araba, Durangaldea eta Gipuzkoako lurren inbasioa burutu ondoren, nafar armadari konkistatutako gazteluak aitatzen dira gaztelarren dokumentuetan. Aitzorrotzeko eta Elosukoa defentsak aipatzen dira besteak beste.

Konkistaren ondoren nafar lur banaketa aldatu eta egungo probintziak eta  hiriak sortzeko prozesuari ekin zion Gaztelak. Kantauriko portuekin eta merkataritzarako komunikazio-bideak ziurtatu nahi zituen.  Bergara, Gasteiz, Alzola, Deba eta Getariako bidean zegoen. Getaria porturik garrantzitsuenetakoa omen zen orduan. Bestalde, Gaztelako monarkiak Frantzia eta oraindik inbaditzeke zuen Nafarroarekiko defentsa lekuak behar zituen.

Gure historia ez zen Gaztelako errege baten borondatez hasi. Gaztelarrek historia euren modura idatzi zuten eta garaituarena, geurea alegia, mozorrotu edo zeharo ezkutatu digute harrez gero. Harrez gero, gaztelarrak izan gara. Begira udal pleno aretoaren gaztelu eta lehoiz beteriko dekorazioa,  udaletxe aurrealdeko armarria, Gaztelako Austria erregeena den Bergarako bandera …     Gure etxeko horma zaharrak bota eta gero gaztelarrak etorri arte etxerik inoiz ez dugula izan sinestarazi digute. Ibarretxe plana Espainiako Kongresuan batere begirunerik gabe zakarrontzira bota zutenean, “los vascos nunca han sido independientes” “nunca han tenido un estado propio” entzun zen; eta erantzunik gabe geratu zen faltsukeria.

Gu euskal-nafar herritarrak gara eta gure espainol edo frantses izatea bortxaz ezarri izan zaigu. Ados, hala bada, ospatu dezagun gure Bergarar nortasuna gure historia oroituz. Baina Gaztelar egin gintuzten urtea ez da subiranotasuna berreskuratu nahi dugun bergararrontzat festa moduko mendeurrena. Urriaren 12an guk ezer ospatzeko izan ez dugun bezala, 750 urteurren horretan ere ez. Oroitzekorik bai, ospatzekorik ezer gutxi.