Enarak badoazen urtaroari begira

Eta euskararenak egin badu dagoeneko, gu ohartu gabe? Ez ote gabiltza zombien gisan, kulturalki hilda gaudela konturatu barik? Hau ez da hizkuntza eskubideak urratu dizkioten euskaldun biktimaren enegarren negarraldia, baina bai enegarren enkontrua espainol elebakarra den zerbitzari batekin, bazkaltzera joan eta en castellano, por favor esaten dizuna, non, eta Itziarren. Beharrik por favor esan zuela, baina horrek ez du ezabatzen etxeratzerakoan hartzen nauen erresumina. Batzuetan oheratzen naiz hemen euskaraz inork ez dakiela pentsatuz, ez gasolindegikoak, ez dendariak, ez autopistako kobratzaileak, ez ertzainek, ezta…
Okerrena da euskalgintzaren baitan ere ez dudala aurkitzen nire arrangura honen islarik. Egunotan irakurri dut Euskara irabazteko bidean, non euskalgintzako ehun pertsona seinalatuen iritzi mosaikoa biltzeko lan eskerga eta zorrotza burutu duen Garikoitz Goikoetxea kazetariak.
Zalantza asko sortu dizkit liburuak, baina oro har orri guztietan nabari den inpotentzia eta ezintasun sentipena izan da nagusiena. Eta galderak. Normalizazioz ari denean, zertaz ari da euskalgintza? Euskararen hegemoniaz, ala bazterketa murrizteaz? Gradu kontu bat da? Bazterketa zortzitik seira murriztu dugula esateaz? Zein bazterketa portzentaje kontsideratzen da hizkuntza bat normalizatu dela esateko?
Gehienak funtzionariok dira; apenas dagoen zer esan handia leukakeen idazle, itzultzaile, aktore, bertsolari… Eta kontraesanak daude nonahi, ugari: interneten euskarak egin duen bide oparoa omen, baina kaleak salbatzen omen du hizkuntza, ez sareak; eredugarria izan omen da prozesua, baina hizkuntza hiltzera doala; immigrazioaz esaten zaigu %30ekoa dela Euskal Herrian, baina Amelia Barquinek dio ez dela horrenbestekoa, Europan tasarik altuena duen Suitza, bere %25arekin aise gainditzen dugularik, euskara politikatik atera behar dela baina herra politikoarekin zer ikusi zuzena duen datua, harriduraz aipatua, hala nola eremu erdaldunetan etorkinek baino jarrera negatiboagoa dutela euskararekiko bertako gazteek, diskurtsoari buruzko zalantza asko, asmatu ezinik euskara nola saldu behar zaien maite ez dutenei. Aditz potentziala da nagusi testuan, lukete, litzateke, balute, legoke, balira… eta ni aurkitu zain nengoen hitza, funtsezko deritzodana, ia inon ez, kasik bukaeran: Boterea. Pello Jauregik aipatzen du argi 214. orrian, «Boterea daukatenek hartzen dituzte neurriak» esateko, berretsiz diskurtso pertsonalizatuek dituzten mugak hizkuntzaren arloan. Aldiz, gehiegizkoa da erakartzeak, hautuak eta inor ezertara ez behartzeak daukaten pisua.
Botere propio eta partekatu gabeak lekarkeen legediaren koertzio ahalmenaren desira falta sumatu dut, eta hizkuntza orotan zutabe den ideiaren definizio esplizitua: hizkuntza bat, hizkuntza oro, beharrezkoa denean soilik salbatzen dela, lana bilatzeko, soldata hobea lortzeko, integratzeko, gustuko ekimenak bizitzeko, eskailera sozialean gora egiteko. Eta hori botereaz ongi hornitutako estrategia leun adina barkamenik gabeak soilik lortzen duela. Kontrara, liburuko mezu gehienak marko batera mugatzen dira: «Zer uzten digute egiten?». Plastikozko poltsa bat da hori gure helburuentzat, hortik sortu didan itomena.
Pasarte batean Xamar kezkaturik agertzen da Jon Sarasuaren Hiztunpolisa liburuak ez duelako eztabaida nazionala sortu, «ez ikusiarena egin zaio». Beldurra aipatzen du, politika aldatu beharra hizkuntza gai zentral bilakatzeko, «hala ez bada, segituko dugu agonia luzatzen, jendea nekatzen, etsipena zabaltzen». Sarasuaren liburua bikaina da, mugarria izatera zetorrena, baina baztertu egin dute. Sopetuan datozkit galderak bata bestearen atzetik: Egia al da hori? Nork erabaki zuen? Nori molestatzen zion liburuak? Nork kudeatzen du euskalgintza deitzen den interes pertsonal, egotiko, bolondres bihotz-oneko eta inposturaren profesionalez osatua dagoen magma hori? Nork paralizatzen ditu mezu eta ekimen ausartak, ohiko epelkeriatik ateratzen diren jarrera sano erradikalak?
Sortzaileen artean ere kezka eta etsipena gero eta sakonagoak dira, dirua ez baita iristen guregana. Goi eta ertain estratuetan galtzen da, era guztietako bitartekarien patriketan, administrazioko egitura hanpatu eta parasitarioetan. Guri apurrak iristen zaizkigu, soldata festaren hondarrak. Euskaraz egin nahi lana, hari eskaini nahi gure talentuaren energia dena, eta ezin. Botere politikoak zuzenean, eta euskalgintzak zeharka ez dute bermatzen bizitza euskarari eskaintzea errentagarria izatea, bakoitzak gogokoen eta gehien menderatzen duen alorrean ekarpen nazionala egin nahi izatea ez da duin ordaintzen; askotan ez da ordaindu ere egiten. Gibela bihurritzen didate auzolanaren aldarria egiten dutenak bulego dotore eta kontu korronte ongi hornituetatik.
Sentsazioa dago, elite ekonomikoek krisia deitu eta guri krisia izan dela sinetsarazi diguten lapurreta unibertsalak gizartean hedatu duen mezu berbera hedatu dela euskalgintzan ere: salba dezala bakoitzak bere burua. Sortzaileok, behintzat, Tarzan oihanean baino biluziago sentitzen hasi baikara aspaldi. Halako jarrera bat: ez ditzadan zenbait gauza esan, ez dezadan halako mindu, datorrena datorrela ere. Kalkulu bat, kalte egin diezaguketen haiekiko otzan egiten gaituena. Hemen, politikoki zuzena izan beharraren tirania ez baitator hainbeste kanpotik; geuk geure barnean ernea da.
Eta sentipena dago, gure elkartasun eta konplizitate sareak hautsi direla, dirua banatzeari utzi zaiola norabide jakin batzuetan, eta bakoitza hasi dela babes-txoko baten bila, itzal ona luketen erakundeen abaroan, kargu bat hemen, ordezkaritza bat han, zuzendaritza bat hemen, kudeatzaile postu bat han. Liburuan ageri diren ehun pertsona soldatapekoak izango dira, denak ez bada gehienak.
Ez soldata txarra delako, sortzen dituen morrontzak direlako, baizik, iritziaren murrizgarri, kargua justifikatu beharrak zein puntutan uzten duen iritziaren jario askea, ausarta, apurtzailea, eraikitzailea, gure gairik garrantzitsuenaren geroaz ari garelarik, planteatzen duen dialektika gotorra, nire erosotasuna arriskuan jarriko ez duen iritziak zein neurritaraino islatuko duen benetan errealitatearen gordina, zenbat izango duen egiatik nire diagnostikoak, aldatuko ote duen nire egoera ekonomikoa euskara ongixeago eta okerxeago egon. Erantzuna ezetz balitz kuestionatzeko modukoak bailirateke iritziok.
Enarak joan dira, joatea agintzen dien urtaroan, eta euskara eraman dute mokoen erdian. Eta niri euskara-mina utzi didate bihotzean.

BERRIA