Deskonkista

Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik dokumentala ezinbesteko testigantza da gure eskualdearen historia ezagutu eta gaur egungo egoera ulertzeko.

Gipuzkoa oraindik existitzen ez zeneko garaia islatzen da bertan. Nafarroa zen hau eta Deba ibaiaren inguruko lurraldea tenentzia bat zen, Aizorrotzeko tenentzia, eta Atxorrotxeko gaztelutik zaintzen zen Arabako lautadatik itsasorako pasabidea.

Garai hartan gure eskualdea elizaurretan zegoen egituratuta, adibidez Oxirondokoa eta Ariznoakoa gaur egungo Bergaran, eta Uzarragakoa gaur egungo Antzuolan. Elizaurre hauetako herritarrak asanbladan elkartzen ziren elizpe edo eliza aurretan; hortik dator elizaurre izena.

Baina, 1200. urtean Gaztelako Alfonso VIII.aren tropek armen bidez konkistatu zuten eskualdea eta indarkeria horren arrastoak aurkitu dira Atxorrotxeko gazteluan. Ordutik konkistatuak gara, gelditzeko etorri zen herri arrotz baten menpe.

Armak erabiltzeaz gain, Gaztelako Alfonso X.ak hiribilduak sortu zituen konkistatutako lurrak lotzeko: 1260an Arressateko elizaurrea Montdragon hiribildu izendatu zuen eta 1268an Ariznoakoa Villanueva de Vergara.

Hiribildu hauek zerga gutxiago ordaintzea bezalako pribilegioak zituzten eta inguruko elizaurreei hiribildu hauetara batzeko eskaintza egin zitzaienean batu ziren Villanueva de Vergarara Oxirondokoa (1348) eta Uzarragakoa (1391), eta Montdragonera Uribarri, Garagartza, Udala eta Gesalibarkoa (1353).

Hauxe da konkistatzaileen estrategia, armekin zapaldu eta diruarekin jendea erosi.

Hala ere, konkistatuak bai, baina ez menderatuak. Guk ez daukagu beraiekiko dependentziarik, beraiek daukate gure beharra.

Gallardonek ministro zela garbi esan zuen: «Kataluniarik eta Euskal Herririk gabe ez gara ezer». Ondorioz, dependentziarik ez badugu, independentzia eskatzetik pasa gaitezen deskonkista lortzera.

http://goiena.eus/komunitatea/polabarria/1490939424395