Jean-Louis Davant: “Bultzada handiena euskararen erabileran eman behar da, horrela ikasten da”

Manuel lekuona saria

Jean Luis Davant euskaltzale zuberotarrak irabazi du aurten Manuel Lekuona Saria euskara indarberritzeko egin duen lan luze eta gogorragatik

jeanldav

60ko hamarkadaren hasieran euskara biziberritzeko lanean hasi zen eta ordutik, euskara batuaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat erakundetako kide izan da, euskal kultura bultzatzeko lanean aritu da eta beti, euskaraz mintzatu da. Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabil, 1935) filologo eta euskaltzaleak lortu du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, bere lanarekin, belaunaldi baten erreferente bihurtu baita urteetan zehar.

Nola jaso zenuen sariaren berria?

-Sorpresaz, lehiakide handiak bainituen, unibertsitatekoak, ezagunak eta denak Hegoaldekoak. Ez nuen sari hori irabaztearekin kontatzen. Beraz sorpresa handia izan da, eta plazera eta esker ona sentitzen ditut.

Agronomia eskolan lan egin baduzu ere, euskararen alde egin duzu hainbat esparrutatik…

-22 urterekin hasi nintzen idazten eta geroztik asko idatzi dut. Kazetaritza, historia eta olerkiak idatzi ditut. Hasieratik saiatu naiz euskaraz ekiten, ahal dudan guztietan euskaraz hitz egin eta idazten.

Zein desberdintasun ikusten dituzu hasi zineneko euskararen egoeraren eta gaur egungoaren artean?

-Iparraldean jende gutxiagok hitz egiten du gaur egun; bagenekien beherantz egitea zeukala eta horregatik hasi nintzen euskara indarberritzeko lanean, beste gazte ba-tzuekin batera. Baina ordutik sortu dira ikastolak, irrati libreak eta idazle asko agertu dira gazteen artean. Beraz, alde batetik beherapena egon da eta beste batetik, susperraldia, eta agian azken honek irabaziko du. Hegoaldean aldaketa handia eman da, noski, euskararen ofizialtasuna dela eta, gehienbat. Bizi publikoan euskara asko hedatu da.

Zuberotarra izanik, Hegoaldean baino indar handiagoa egin behar izan duzu…

-Bai, hemen laguntza askoz ere gutxiago daude botere publikoen aldetik, eta lan gehiago egin behar da eta egiten da. Militantzia handia dago Iparraldean eta esaten dutenez, 100 pertsonatik hamar milatanteak dira. Hori izugarri da.

Zein esparrutan behar da bultzada handiena?

-Laguntza publikoak hasi dira baina ez dira nahikoak. Beraz, indar publikoak dira gehien agertzen ari direnak. Behar handiak daude irakaskuntzan, baina ikastolak indarra hartuz doaz, eta eskola publikoan eta katolikoan egoera hobetuz doa. Bestalde, euskararen erabilera sustatu behar da, euskara dakiten askok gutxi erabiltzen baitute euren artean. Bai Iparraldean eta bai Hegoaldean, hori da gure ahulezia. Erabili egin behar da, mintzatuz ikasten da eta.

Euskara batuaren sorreran lanean aritu zinen. Zein puntutaraino zegoen behar hori?

-Behar-beharrezkoa zen, euskaldun guztiek elkar uler genezan euskaraz, eta ez frantsesez edo gazteleraz. Txillardegik bultzatu gintuen eta urtebetez euskara batuari buruzko lehen urratsak eman genituen. Lehenago, ez dut nekezia handirik eduki beste lurraldeetako jendearekin hitz egiteko orduan, bizkaieraz hitz egiten zutenekin bakarrik nituen ulermen arazoak; Nafarroa Beherekoak gure an-tzeko hitz egiten zuten, lapurterari ohituak geunden apaizek horrela hitz egiten zutelako eta gipuzkeraz irakur-tzen hasi nintzenean eta iheslariekin ikasi nuen. Hala ere, hizkuntza dakitenekin beti euskaraz egiten saiatzen naiz.

AEKn klaseak ere eman dituzu. Helduen artean euskalduntzeko indarra ikusten duzu?

-Helduek ere ikasi nahi dute. Nire klaseetan, literaturaz hitz egiten nien eta historiaz ere bai. Irakaskuntza xume eta praktiko bat da nik ematen nuena, baina hizkuntza dastatzeko ideia ona iruditzen zait.

Liburu ezagunak dituzu Euskal Herriaren historiaren inguruan. Zein garrantzia dauka historia jakiteak euskararekin gehiago sentsibilizatzeko?

-Historia da herri baten memoria, eta pertsona batek hori ez badu, bere pentsaera gabe dago. Memoria hori berriro bildu behar da gure baitatik pentsatzeko eta ez bakarrik besteek esana irensteko edo historia ofiziala -garaileek idatzitakoa- sinesteko. Estatuek esaten dutena jakin behar da, baina gurea ere bai: herri bat garela, aspalditik izan garela eta altxor bat dugula.

Pastoral asko sortu dituzu, zure lurraldearen kulturaren erakusle handienetako bat. Nola hasi zinen mundu horretan?

-Pastorala maite nuen baina ez nuen gehiegi ezagutzen. Gauza polit eta misteriotsu bat bezala ikusten nuen. Argia etorri zitzaidan apaiz batek bere bizitzako pastorala eman zuenean: historiatik gertu zegoen eta hizkun-tza aldetik goratu zuen. Orduan etorri zitzaidan mundu horretan sar-tzeko nahia. Bestalde, hemendik Anton Abadia jakintsua atera da eta mintzaldi asko eman nituen pertsonaia honen inguruan, baina jendeak ez zuen asko ezagutzen. Orduan erabaki nuen pastoral batean gaiaz hitz egitea, eta Abadiari dedikatu nion nire lehen pastorala, Abadia Ürrüstoi (1990). Pasioa sartu zitzaidan eta geroztik hamar idatzi ditut, eta horietatik zazpi antzeztu egin dituzte. Beharrez sartu nintzen, historia ezagutarazteko tresna baliotsua zelako, eta gero maitasunez idatzi ditut.

Euskal literaturari ere bultzada eman diozu. Zein egoeratan dago?

-Olerkian aritu naiz gehienbat eta zortzi liburu idatzi ditut eta beste zor-tzi saiakera ditut. Gaur egun euskaraz asko idazten da baina irakurle gehiago behar dira eta guk idazleok ere gehiago irakurri behar dugu. Ez nago oso seguru ea idazleek elkar irakurtzen dugunik, ez nahikoa behin-tzat, eta sasoi onean dagoen arren, irakurleak bultzatu behar dira.

DEIA