Stendhalen irriño erromanikoa

Hainbat momentutan sentitu dut Stendhal sindrome famatua. Agian teknikoki ez da oso kontzeptu zuzena baina niri gustatzen zait zentzua. Artearen plazerak sortutako halako gaindosi emozional bat sentitzeari deitzen zaio, eta Florentziako sindrome edo bidaiariaren estres izenez ere ezaguna da. Artelan bikainak miresteak sor dezakeen gozagarri mentalak ondoeza ere ekar dezake, hainbeste edertasun nola liseritu jakin ezinik. Izan ere, estimulu askoren aitzinean musukatu, besarkatu, jan, ukitu, edan… dezakegu, baina beste batzuen aitzinean ez. Kontzepzio erromantikoa? Baliteke.

Etxanoko baseliza halako toki bat da. Baldorbaren maindire horiaren txoko bakarti batean da ermita, ezkutu. Ezkil-hots gabeko eliza da, eta bestelako dei bati egin diogu arrapostu aldi honetan. San Juan eguna aitzakia hartuz, udako solstizioaren ospakizuna bizitzeko bilkura goxo-xume bat izan da joan den ostiralean. Eguzki eta haize idor baino, euri eta hotz giro, baina ahaztezin.

Ermita ttiki hau altxor berezia da Orbaibarren. Elizak gutti maite duen eraikin erromanikoa da, ikur guztiak profanoak dituen baseliza, inauteriari eta musikari estuki lotutako sinbologiaz josia, inoiz ezagutu dudan akustikarik ederrena du eta aldarean barna mantso pasatuz gero, halako energia batek beso-hanketako ileak harrotzen ditu. Bizituz gero, liluragarri, zalantza gabe.

Maisuki diseinatutako pareta haiek doinu-dirdira dantzan jartzen dute, hotsa uhin gorpuzten; harri oro babes da, kanpotik sartzen diren argi izpiak distira pagano. Halako toki batean, estimuluak sor-tzen duen plazera murtxika-tzeko, Stendhalek ongi ikusiko zukeen kantatzea. Eta halaxeko aukera izan genuen guk, Beltxaren Bikoteak. Emozio pila hura lekutzeko sen ezin errotikoagoa bizitu genuen Astrolabio Románico elkarteari esker.

“Esazu nor zen bidetik baztertu zintuen madarikatua” dio kantak, eta agian horregatik da berezi Etxano. Hala bedi luzaz, bere “irriño erromanikoa” sekula ez galtzeko.

DEIA