Divide et impera

Halaxe dio erromatarren ahotan jartzen den lelo zahar batek, edo, hobe esanda, gizakia bezain zaharra den estrategia politiko baten izenak.

Izan ere, oroimena dugunetik, Inperio eta konkistatzaile guztiek prozedura erraz eta eraginkor hau erabili ohi dute, ingurukoak menpean hartzeko: besteak beste, erromatarrek Lazioko eskualdea bereganatzeko, Karlomagnok saxoien eta danimarkarren kontra egiteko, espainarrek inken eta azteken inperioak akabatzeko, Napoleonek Europaren Ekialdeko Inperioak menperatzeko, britaniarrek India menperatzeko, edo Estatu Batuarrek Ipar Amerikako nazio indioak txikitzeko.
Finean, oso estrategia erraza eta merkea da: aurkakoa bat-batean erabat kontrolatu ordez (hau askotan garestia eta neketsua izaten da eta), bere barne zatiketak areagotu edo sortu, zati horietako batzuk hobetsi besteen kontra, eta itxaron… Aurkaria barne-gatazketan eta barne-eztabaidetan ahulduko da, eta laster menpean hartu ahal izango duzu, ia ahalegindu gabe; edo, muturreko egoera batean, aurkariak berak hala eskatuta: azken kasu honek erabateko garailea zarela esan nahi du.
Gogoeta hau burura etorri zitzaidan, Donostiako San Telmo Museoan joan den apirilaren 3ra arte San Adrian edo Lizarrateko pasabidearen inguruan antolatutako erakusketa bati buruzko informazioa irakurtzean (liburu bat argitaratu da honen ondotik). Hauxe zen erakusketaren leloa: “San Adrian, denboraren igarobidea. Azken Glaziaziotik Done Jakue bidera Gipuzkoako historian zehar”.
Bestalde, irratian historialari bati (zoritxarrez, ez naiz haren izenaz oroitzen) zera entzun nion: bertako lehenengo aztarnak Bronze Garaikoak direla, garai hartan jadanik «Gipuzkoa eta Arabaren arteko pasabide garrantzitsua zelako.»
Baina Lizarrate edo San Adriango pasabidea Gipuzkoarentzat baino ez zen garrantzitsua izan? Araba eta Gipuzkoa, Bronze Garaian, jadanik existitzen al ziren? Gipuzkoako historia azken Glaziazioan hasten al da, gutxienez?
Halako astakeriak entzun eta pairatu behar izaten ditugu egunero: politikariengandik (euskal edo espainiar abertzaleak, berdin dio), komunikabideetan edo unibersitateko jendearengandik… baina, baita ere, tabernako, laneko nahiz lagunarteko eguneroko hizketaldietan. Onar dezagun: urdailaraino irentsi dugu amua, eta ez gara horretaz bat ere jabetzen.
Antza denez, hemen ez dago herririk, probintzi gehiketa baizik: probintziak edo herrialdeak betidanik hor egon dira, gaur bezalako antolaketa eta osaketa geografikoarekin. Kitto.
Oso logikoa da, beraz, PP-ko politikariek, «foralitatea» aipatzean, esan nahi dutena: foru aldundien eskumenei eustea, gure herriaren zatiketari eusteko. Aipatu beharrik ere ez dago pentsaera horren atzean ez dagoela tradizioarekiko inongo atxikimendurik, eta foralitate horren esanahia ez daukala jatorrizko esanahiarekin zer ikusirik. Espainiar ezkerreko alderdiek, bestalde, noizbehinka eredu honen kontra hitz eginez gero, ikuspegi jakobino batetik egiten dute, ezin dugu hori ahaztu. Ezkerrekoa naiz eskuinekoa, beraz, Espainiar ikuspegi batetik, «probintzien paradigma»-rekiko atxikimendua oso ulergarria da.
Askoz zailagoa suertatzen da, aldiz, paradigma honekiko fideltasun hertsia ulertzea, diskurtsoan gure herriaren askatasuna –era batean edo bestean adierazita– lehenesten omen duten alderdi eta lagunengan. Zenbat aldiz ez ote dugu «lurralde guztietako…» esamoldea entzun? Zenbat aldiz, «Euskadi» edo «Euskal Herria» aipatu arren, agerizkoa izaten da buruan Gipuzkoa eta Bizkaia edo, gehienez, EAE daukatela? Adibide askoz mamitsuagoak ez botatzearren…
Berdin pentsatuko lukete hauek, pentsamolde honen oinarrian diren kontzeptu eta erakunde guztiak aipatutako «askatasun» eta «eskubide» horien zapaltzaileek bultzatu zituztela barneratuko balute? Adibide gutxi batzuk baino ez: Durangaldea Bizkaian sartu zuten Diego López de Haro Bizkaiko Jaunak 1212-ko Navas de Tolosako batailan emandako laguntza saritzeko; Arabako Batzar Nagusiak 1463an sortuak izan ziren, Gaztelako Enrike IV.-aren ekimenez; gaur «Arabar Errioxa» izenarekin ezagutzen dugun eskualdea (aspaldiko «Sonsierra de Navarra») 1486an sartu zuten Araban, Fernando «Katoliko»-ak hala behartuta… eta abar luze bat. Horrela osatu dira «gure» probintziak edo lurraldeak.
Ezin da ukatu probintziak edo lurraldeak, eta haiekin lotutako erakundeak, garrantzitsuak izan direla gure historian. Edo, bereziki, Borboitarrek Foruen kontra bultzatutako eraso bortitza iraun zuen bitartean (18. eta, batez ere, 19. mendean Hegoaldean), bestelako erakundetzeren faltan, eraso horien aurreko defentsaren lidergoa haien esku egon zela: hortik dator, ziurenik, gaur ematen zaion –nere ustez– gehiegizko zilegitasuna.
Baina ezin da ezta ere ukatu –haien garapen osoari erreparatuta, gaurdaino– Gaztela, Espainia eta Frantziako monarkiek euskal lurra eta euskal jendea kontrolpean edukitzeko lagun izandako haundikien tresna izan direla gehienetan. Hitz gutxitan esateko: gure menpekotasunaren ondorioa eta islada dira, eta ez gure burujabetasunarena. Nola eraiki daiteke etorkizun aske bat, menpekotasunezko zimenduen gainean?

Herri batek, haren zatiketa bere nortasunaren osagaia bihurtzen duenenean, eta ez egoera historiko huts bat, bere buruaz beste egiten ari da. Badirudi bide horretan buru-belarri goazela, eta atzera egiteko zantzurik gabe… noiz arte?