Herri arraro honekin, zer?

Bi hilabete eskas euskal kulturaren gainbeherari buruz Euskadi Irratian eman zuten programaren harira idatzi zuen Xabier Lasak egunkari honetan, hitz hauekin bukatuz artikulua: «Nago euskal entzule askok, 08:30ean Maite Artolari berriketarako gaia zein zen entzun bezain pronto, beste irratietara jo zutela (genuela)…». Gogoa mingots utzi zidaten hitzok, Euskal Herria zein herri arraro bihurtu den pentsatuz: ez zaio bere kultura interesatzen!

Munduko nazio serioak bere kulturaz oso arduratuta ikusten baititut. Frantziak, Miterrand-en garaian, seikoiztu egin zuen kulturako aurrekontua, urtero xahutzen zituen 2.600 milioi franko gutxi zela iritzita merkatuaren hegemoniari aurre egiteko. 2013an Brasilek bere idazleen eta literaturaren milioi askoko promozio kanpaina bati ekin zion. Norvegian argitaratutako liburu ororen 1.000 ale erosten ditu gobernuak. Irlandan musikarientzako beka itzelak daude, Estatu Batuetan idazleentzat bezala. Ahaztu gabe Europako estatu gehienek behartzen dituztela irrati publikoak %50eko kuota gordetzera bertako musikarentzat.

Baina ezin ahaztu Foucault-ek esaten zuena: «Garenak gara, gure aurka erabili den boterearen ondorioz». Herri batek jasan duen endekapena iraunkorra izan denean bi ondorio larri dakartza: batetik, konplexu sorta luzea sortzen duela, auto-gorrotoa eta lotsa; bestetik, herri bat bere ahuleziak agertzen dituztenen aurka oldartzen dela, eta ez ahulezia horiek eragin dizkionaren aurka. Hor kokatzen dut gure kulturaren erdeinuzko jarrera propio oro.

Garbi ikusi dugu Oskorriren kasuan. Mea culpak irakurri ditugu, baita ere konplexuz betetako batzuen aitorpenak, esanez bere kanturik maiteenen artean ez zuketela inoiz Oskorriren bat sartuko, lagunen iseka beldurrez. Modernoak urrunekoa maite du, ezezaguna, bere herriaz lotsatu egiten baita. Arazo psikologiko larri bat dago hemen, intelektualek, politikoek herri honengan sinesten ez dutenean.

Zer esango genuke irakurriko bagenu Benito Lertxundik, Ruper Ordorikak, Anarik, Eñaut Elorrietak eta Berri Txarrak-ek kantatzeari utziko diotela aurten? Zer gorputzaldi, irakurriz Bernardo Atxagak, Koldo Izagirrek, Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek idazteari utzi diotela arazo ekonomikoengatik?

Kulturak bereizten gaitu beste herrietatik; ekonomian, etxegintzan, janzkeran gainontzeko nazioen antzekoak gara. Baina kultura propiorik gabe ez dago herririk. Garena sakontzen ari da kultura etengabe, hiltzea galaraziz gure nortasunari, eta hor dago sortzailearen garrantzia. Sortzaileak bere gustuko lana egiten du, ados, hori du pribilegio bakarra. Baina lan horrek garrantzia kolektibo itzela hartzen du herri baten bizkarrezurra finkatzeko orduan. Norbanakoak eta kolektiboak, biek elkar elikatzen duten mekanismo perfektu bat baino ez da nazioa.

Herri batek bere kultura asimilatzeko prozesua hau da: sormen lana, ekoizpena, promozioa, onarpena. Bukaeran dator gizartearen identifikazioa lan horrekin, aberastea. Baina ororen abiapuntua sortzailea da, ezinbestez.

Halere, badira bi nahasmen kulturaz ari garenean. Bata, ea babestu behar den. Zabaldu liteke galdera: Anoetaren handitzea babestu behar da, Jaurlaritzak eman dizkion 10 milioirekin? San Mames berria babestu behar zen 50 milioirekin? Zergatik ematen dira laguntzak autoak erosteko, etxeak erosteko, eta ez liburuak erosteko, diskoak, antzerki sarrerak?

Jaurlaritzak EITBri aurten eman dizkion 124 milioitatik 56 soldatak ordaintzeko dira soilik, EITB defizitarioa baita, 14 milioiko sarrera propioak baino ez ditu biltzen. Euskaldun guztion dirua da, gero titular hau irakurtzeko: «ETBko udako 14 saio berrietatik hiru baino ez dira euskaraz!».

Hemen errentagarria ez da ia ezer, ez BEC, ez Balentziaga museoa, ez Pasaiako portua. Herri bateko gobernuak denon diruarekin zer egiten duen, zer babesten duen, hor erakusten du zein balore defendatu nahi dituen. Euskal kulturak babesik ez, eta hori gutxi balitz, oztopoz bete dute haren ibilbidea: indiferentzia, programazio eza jaialdietan, kontzertuak emateko trabak, zentsura liburuen promozioan, udalen bazterkeria ea.

Bigarren nahasmena, kazetarien topiko bilakatua dagoeneko, da esatea babesak sortzaileon kritikotasuna kamustu dezakeela. Justu kontrakoa gertatzen da: diru beharra edukitzeak bihurtzen zaitu morroi. Halako egunkaritan kolaborazioa behar baduzu, edo telebistan, ezin dituzu haiek kritikatu, ez eta haien atzean dagoen indar politikoa, kritikoa izanez gero badakizulako ez zaituztela hartuko. Hau da, besteak beste, euskal kazetariak boterearekin hain akritiko izateko arrazoia, eta inkisitore korrontez kanpoko jendearekin.

Auto-errepresioa da botere ororen paradisua. Irakurleei traizio egiten diegu gure egia ezkutatuz. Laguntzak ongi sustraituak baleude, gure lana baloratua, duin bizitzeko mekanismoak aktibatuak, ez genuke iraupenaren morrontza nozituko. Jarraitu ahalko genuke Umberto Ecoren gomendioa: «Benetako intelektuala ez da bere alderdiaren alde hitz egiten duena, bere alderdiaren aurka mintzo dena baizik». Frantzian kultura babesten da, eta Europako kulturarik kritikoena da, polemikarik sakonenak ematen dituena.

Bestalde, gertaera berri baten aurrean dago euskal kultura: lehen aldiz, literaturara (berdin kantagintzara, antzerkira, ilustraziora ea) profesionalki dedikatu den belaunaldi bat zahartu egin da. Adinarekin osasun arazoak ugaritu egin ohi dira, mediku gastuak batetik, edo lana egiteko eragozpenak bestetik. Nolakoa ote haien egoera ekonomikoa? Ez dugu kezkatu ere egin behar?

Jende hau da, gainera, euskal literaturari ikusgarritasuna eman diona hamarkada hauetan. Zein herrik utz ditzake bazterrean euren talentutik onena euskal kultura aberasteko eman dutenean? Gizartea ez al da aberastu haien liburuekin, haien diskoekin, haien antzezpenekin, haien gidoiekin? Aberastu gaituena pobreziara kondenatzea baino krimen handiagorik ez dago herri batentzat.

BERRIA