Egin duguna eta egin digutena

Berriki UEUk eta Jakin aldizkariak Iruñean eratutako jardunaldietan ere agertu da gogaikarria zaidan gai bat. Nolabait esateko, euskarari buruzko kontakizunak bat eta bakarra izan behar du euskaltzale askoren ustez. Azken mende erdian egindako aurrerapenak azpimarratu behar omen ditugu. Ez omen dago ondo kontakizun horretan euskararen bilakaera soziolinguistikoaren alderdi ilunik nabarmentzea. Beste modu batera esanda: euskarari buruzko kontakizun baikorra egiten didazu, edo bestela ni banoa hemendik. Edo antzeko zerbait.

Ez nuke inor mindu nahi jarriko dudan adibidearekin, baina betor konparazioa: bukatu omen zaigun bortxa politikoaren —polita ipuina!, bide batez esanda— inguruko kontakizunak bat eta bakarra izan behar duela dionik bada, ezin dela gertatuaren beste bertsiorik onartu. Egia bakarra dela. Aldeak alde, euskararen azken hamarkadetako bilakaerari buruz ere badirudi denok berdintsu pentsatu beharko genukeela. Denok partekatu behar genukeela euskararen osasunari buruzko diagnostikoa. Alegia, denok txalotu beharko genituzkeela bistako lorpenak, bitartean besterik gertatu ez balitz bezala. Adibidez, duela mende erdiko Nafarroa Behereko eskualde batzuetan zegoen euskalduntasun sustraitua frantses estatu etnozidak heriotzaren atarian jarri izana. «Zer irabazi dugu? Ez dugu galdutakoa konpentsatu» (Joxe Azurmendi): galdutako euskalduntasun etnokulturala ez dugu inondik inora euskalduntasun nazionalarekin konpentsatu. Euskararen estatus diglosiko eta jarrera etniko hark ez zeukan etorkizunik, baina gaurko dinamika soziolinguistiko honek ere ez garamatza euskaraz bizitzeko baldintza nazionaletara.

Iruñean iritzi genion moduan egin duguna gutxiestea zuzena ez baldin bada, egin digutena gutxiestea ere beste horrenbeste. Ildo horretan, gure ustez, aurreneko auziari buruzko iritzi sendorik ezin dugu jorratu bigarrena kontuan izan gabe. Bigarren errealitateak ezartzen baitu euskararen zoriak izan duen bilakaeraren testuinguru historikoaren abiaburua eta muga. Azken mende erdian euskararen aldeko mugimenduak izan duen bilakaera soziolinguistikoa ez da hutsetik abiatu. Euskararen aurkako ordezkapenak ordurako egina zeuzkan bide luzeak lerro gorri batzuk igarota zeuzkan: euskaldun elebakarrak hainbat izango ziren, elebidunak honenbeste, erdal elebakarrak horrenbeste, euskal etnokulturak halako euskalduntasun diglosikoa eratzeko balioko zuen arnasguneetan, euskal intelligentsiak honako eragin-indarra izango zuen euskal kulturaren eremuan. Eta abar.

Gaur gai ote gara Uemako euskaldunen euskalduntasuna zehazki identifikatzeko nahiz eta lan batzuk eginak dauden? Gai ote gara, demagun, Tolosako euskaldunen euskalduntasun ezaugarriei antzemateko? Gai ote gara Donostiako euskalduntasuna zertan den begiz jotzeko? Kontua ez da noski Txepetxen (AB/A, AB/B, AB/AB…) euskal hiztunen tipologiari buruzko klaseak antolatzen hastea. Kontua da euskaraz, euskalgintzaz eta euskalduntasunaz dihardugunean zenbateraino dakigun zertaz mintzo garen. Alde horretatik, adierazgarriak izan dira Iruñeko jardunaldiak. Euskal nazioaz eta estatugintzaz modu jantzi eta akademikoan mintzo gara «euskal» izenlagunak euskalduntasunetik gutxi eta euskotarretik edo baskotik gehiegi daukanean. Euskaldun izatearen zentzua eta edukia modu kezkagarrian definitzen da gaur egun hainbaten ahotan. Euskal identitateari buruzko iritziak gaurkotu eta malgutu behar omen ditugu. Ederki hasi gara euskalduntasuna erkindu eta baskotasuna —orain hitz aurrerakoiagoak erabiltzen dira: identitate likidoa eta abar— indartuta. Aspaldiko asmakizuna da hori, ordea, ez du deus berritik eta modernotik. Txillardegik «Euskotarrak? Utikan!» aldarri egin zuenetik, gutxienez.

Iruñean aipatu genuen beste puntu baten harira, gure ustez D ereduko ikasleen belaunaldiak gehienbat belaunaldi galduak dira euskararentzat. Izan ere, udalerri txiki euskaldunetako umeak kenduta, eskola bidezko transmisio kulturalaren bidez bakarrik euskaldundu diren belaunaldiak ahozko gaitasun komunikatiborik gabeko ikasleak dira gehienbat. Eskolak soilik ezin du gaitasun komunikatiboaren alderdi hori garatu eta bermatu. D ereduko ikaskuntzak euskaraz bizi diren komunitateen beharra du ahozko gaitasun komunikatiboaren errepertorioa garatzeko eta osatzeko. Eskolaz kanpoko ekintzak euskalduntzeak ezin du aurreko hutsunea bete.

Botere autonomikoen aldetik EAE euskalduntzeko asmorik egon balitz, Uemako arnasguneak D ereduko umez josita egongo ziratekeen urte osoan. Udalerri euskaldun horiek euskalduntze politikaren bigarren ardatza izango ziren D ereduarekin batera, eta bertakoen bizimodua neurri batean euskara normalizatzeko plangintza makroaren barruan antolatua egongo zen. Botere autonomikoari, ordea, ez zaio burutik pasa ere egin horrelako asmorik, botere hori ez delako euskalduna —Eusko Jaurlaritzatik Euskal Jaurlaritzara dagoen aldea euskalduntasun etnikotik (nazio-kontzientziarik eza) euskalduntasun nazionalera dagoen aldea izan liteke—, eta botereak, hizkuntza kontuetan ere, bere izaeraren araberako emaitzak ematen ditu ezinbestez. Irlanda, lekuko.

Euskalduntzeak izan duen bilakaeraren argitan, komunitate euskaldun batean behar hainbateko denboran sozializatuz bakarrik eskura dezakete erdararekin lehiatzeko moduko ahozko gaitasun komunikatiboa D ereduko ikasleek. Baita etxetik euskaldun baina komunitatetik ez diren ikasleen kasuan ere. Tamalez, ikasle horien eskolako gaitasun linguistiko-akademiko-formalarekin konformatu gara. Eta orain kexu gara euskara ez dutelako erabiltzen. Nola erabiliko dute, bada? Nola aukeratuko dute euskara? Ez dugu ikasi hizkuntza adina hizkuntzak gu hautatzen gaituela; hiztunak ez duela nahieran hautatzen hizkuntza, hizkuntzak aukeratzen duela hiztuna sarri. Hizkuntza jakin batean hiztunak duen jarioak eta erraztasunak duela azken hitza, ez hiztunaren hautuak. Hizkuntza minorizatu baten aldeko hiztunaren hautua salbuespenaren salbuespena da, ez lege soziala.

Berria