Burgosko gorteak eta Nafarroaren anexioa

Orain dela 500 urte, 1515eko martxoan hain zuzen, Parisen elkartu ziren Frantziako hainbat enbaxadore eta diputatu. Tartean zen Gaztelako koroaren oinordekoa, Carlos delako gazte bat, gerora hispaniar inperioko enperadore eta Alemaniako zer edo zer bihurtuko zena. Frantziako erregearen ordezkariek Nafarroako gerra ekarri zuten hizpidera. Besteak beste, bi koroen arteko desadostasunak “modu adiskidetsuan eta zuzentasunez” konpontzeko hitzarmena ekarri zioten gogora printze gazteari, eta Nafarroaren kasuan hitzarmen hori ez zela bete, erresuma europarra indarrez okupatua izan baitzen. Sei hilabeteko epean afera modu legalean konpontzeko proposamena egin zioten Carlosi, dela erresuma bere agintari legitimoei bueltatuz, dela nazioarteko arbitroak izendatuz.

Izan ere, Albako dukearen tropek Nafarroa inbaditu zutenetik hiru urte pasatuak ziren jada, baina zuzenbidearen ikuspegitik egoerak konpondu gabe jarraitzen zuen. Indarrezko okupazio militarrak ez zuen arrazoizko justifikaziorik. Egoera ez ohikoa zen hura, zuzenbidetik kanpokoa. Gerraz haratago (eta esan behar da gerra hura beste 12 edo 14 urtez luzatuko zela oraindik) ez zen okupazioaren legitimazioa onartzen.

Aragoiko errege zen Trastamarako Fernandok, faltsarioa edo katolikoa ere deituak, ahultasun egoera sumatzen zuen nonbait zuzenbide ikuspegiari dagokionez, eta Gaztelako gorteak deitzea erabaki zuen. Ekainaren 11n, Pariseko sesiotik bi hilabetera, Burgosen elkartu ziren Nafarroako auzia ixteko asmoz. Eta hona hemen bilkura hartako xehetasun esanguratsu bat: Nafarroako arazo juridikoa Gaztelan ebatzi zen, Nafarroako ordezkarien lekukorik gabe. Nafar bat bera ere ez zen Gorte haietan.

María Puy Huici Goñi historialariak aztertutako aktan zera azaltzen zaigu: “Albako duke zen Toledoko Fadrique jaun txit leinargiak” hainbat apezpiku, komendadore, lizentziadun, erresumako handiki eta erregearen – gaztelakoa noski –aurrean “ozenki aldarrikatu zuen, Fernando erregeak hala eskatuta, Julio Aita-sanduak Nafarroako erresuma eman ziola Gaztelako erregeari (sic)”. Horrela justifikatu zuten beraz Nafarroaren okupazioa: Erromako Aita-sanduak errege-erregina nafarrei erresuma kendu eta errege faltsarioari eman ziola. Eta horrelako bermearekin, nork behar du alibirik?

Akta honetatik ondorioztatzen da Aita-sanduak nafar errege-erreginak kondenatu eta beraien erresumaz gabetzeko ez zuela beste munduko arrazoirik behar, berak baitzen bekatuen gaineko agintea. Bestalde, Gaztelako koroa hazteko nahia ere ageri da. Hor dugu beraz konkistaren “zergatia” eta “helburua”. Alegia, herri xehearen hizkuntzara itzulita, Nafarroa heretikoen erresuma zelako eta inperioaren ondasunak ugaritzeko helburuarekin.

Badakigu bai gertakari hauek orain dela 500 urte eman zirela. Milurteko erdia. Baina gaur egun, oraindik, hainbat politikarik espainiar Estatuaren ibilbide bateratuaren 500 urte horiek erabiltzen dituzte hain zuzen Espainiaren justifikazio gisa. Eta horregatik da hain garrantzitsua ibilbide bateratu hori nola gauzatu zen ezagutzea. Nola justifikatu zen, ze argudio eta bekaturen laguntzarekin. Aita-sanduaren buldak direla, edo konkista eskubidearen aldarrikatzea. Eta metaforaren azken oharra: herriak, jende xeheak, gertakari haren ondorioak pairatu zituzten herritarrek, ez zuten afera hartan zer esateko aukerarik izan.